URTEKO HOGEITA ZORTZIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Lepratik sendatu eta, Naamanek Izraelen Jainkoa baitan sinesten du )

Erregeen bigarren liburutik 5, 14-17

Naaman jeneral Ziriarra lepraduna zen.
14 Jordan ibairat jautsi zen, eta zazpi aldiz mainatu,
Jainkoaren gizonak, Elizeo profetak, manatu bezala;
orduan haragia haurtxoarena bezala gelditu zitzaion:
lepratik garbi zen.
15 Jainkoaren gizonarenganat itzuli zen bere lagun-talde osoarekin;
eta haren aitzinean xutik, erran zion:
“ Orai badakit ez dela munduan Jainkorik Izraelena baizik.
Otoi, onar zazu zure zerbitzari hunen eskaintza.”
16 Bainan Elizeok ihardetsi zion:
“ Zerbitzari nauen Jainkoaren biziaz, ez dut hartuko.”
Naamanek hartzeko eta hartzeko erranik ere, ez zuen hartu nahi izan.
17 Orduan Naamanek erran zion:
“ Ezetz denaz geroz, utzazu bederen zure zerbitzaria
bi mandok ereman dezaketen lurra hartzera;
gaurtik aitzina ez baitio zure zerbitzariak
erre oparirik eta sakrifiziorik neholako jainkori eskainiko,
Jaunari baizik.”

Irakurgai hunek kondatzen duen ixtorioa J.K. aitzineko bederatzigarren mendean gertatu
zen.
Damaseko erregearen jeneral bat, Naaman deitua, leprak jo du. Eritasun izigarria. Gizon
haren emazteak esklabo ttipi bat badu, izraeldarra, bere etxekandereari erraiten diona : ”
Izraelen profeta handi bat bada, Elizeo; harek sendatuko du, hain segur, zure senarra.” Holako
kinka batean zer ez da eginen ? Naaman badoa Elizeoren ikustera, haro handitan, dohain
ederrak berekin deramatzala. Uste du Elizeo, ohoratua, biderat etorriko zaiola. Bainan profeta
ez da agertzen. Mutila igortzen dio erraitera : “Ene nausiak jakinarazten dauzu Jordan ibaian
zazpi aldiz sar zaiten : sendatua izanen zira.” Naaman kexu da : ” Hoin gorarik hartua izan eta
gero erreka txar hortan sartu behar dutala. Damasen ere baditugu urak, eta hau baino
ederragoak.”
Itzuli eta badoa, hasarre. Bainan bere mutilek erraiten diote : “Profetak zerbait harrigarri
galdegin balauzu sendatua izaiteko, eginen zinuen. Zergatik ez duzu bada gauza xinple hori
eginen ? ” eta horra Naamanek obeditzen duela : zazpi aldiz sartzen da Jordan ibaian, eta
handik sendaturik ateratzen. Obeditzea, jeneral handi batentzat ez da hain errex. Bainan
konprenitu du Elizeok galdegiten ziola Izraelgo Jainkoari fidatzea. Profetaren ganat itzultzen
da berriz hari bi gauzen erraiteko :
– “orai badakit ez dela munduan Jainkorik Izraelena baizik…Gaurtik aitzina ez dio zure
zerbitzariak erre-oparirik ez eta sakrifiziorik neholako jainkori eskainiko, Jaunari baizik.”
– ” Dohain bat eginen dauzut, eskerren bihurtzeko.” Bainan Elizeok ezetz : Jainkoaren
dohainak ez direla erosten. Naaman ez da guti harritzen : Siriatik abiatu zelarik uste ukan
zuen Elizeok ongi etorri eginen ziola, jaun handi bati zor zaion bezala, profetak sendatuko
zuela, eta gero harek, Naamanek, bere herrunkari doakon dohain ederra eginen ziola. Bainan
ez da deus holakorik izan.
Gertakari horrek hiru oharreri bidea egiten diete :
Bat : profeta ez da etxetik atera ere; Naamani mutila igorri dio, ez baitu profetak
sendatzen, baizik Jainkoak.
Bi : ez da mirakuluzko edo sorginkeriazko jesturik izan, baizik urean sartzea. Naamanek
apaltasunezko egintza arrunt hortan aurkitu du Jainkoaren dohaina. Jainkoak ez dauku
ezohiko gauzarik eskatzen, bakarrik konfiantza egin dezogun.
Hiru : profetak ez du esker onezko dohainik onartu. Jainkoak onartzen duen esker on
bakarra da aitortzea ukan dugun dohaina harek emana izan dela. Profetak deusik ez du nahi
beretzat. Geroago Jesusek erranen du : “Urririk ukan duzue, urririk emazue.” (Mt 10,8)

Salmoa 97

Leloa Herri guzien salbagarri
Hara gaur non den Jauna jeiki.

Kanta Jaunari kantu berri,
Harek eginak oro baitire miragarri.
Berez bere da nausi jarri,
Bere besoaz jaun agertu da munduari.
Salbatzaile da jeiki Jauna:
Ikusi dute zoin ona dugun, zoin zuzena
Izraelentzat zer laguna,
Erakutsi du bere betiko bihotz ona.
Lur guziak du ikusia
Gure Jaunaren salbamenduko iguzkia.
Kanta Jaunari lur guzia:
Pitz eta kanta, bai bozkaria, bai loria.

Salmo hunek munduaren azkenera geramatza, ametsetan bezala : kreazione guzia
bozkariotan kantuz ari da Jainkoaren erregetza etorri baita azkenean, iguzkia goizean
ateratzen den bezala : “Lur guziak du ikusia gure Jaunaren salbamenduko iguzkia.” Jondoni
Paulok Efesoarreri idatzi zion gutunean erraiten dauku Jainkoaren asmoa zer den : “Diren
guziak Kristo buru bakarra baitan biltzea.” “Diren guziak”, erran nahi baita kosmos guzia bai
eta abere eta jende, harmonia osoan izanen dira. Salmo hunek harmonia hori jadanik egina
balitz bezala kantatzen du. Oroit gaiten Izai profetak idatziaz : “Orduan otsoa eta bildotsa
elkarrekin egonen dira. Lehoinabarra eta pittika elkarrekin biziko, aratxea eta lehoinkumea
elkarrekin haziko, eta haurtxo batek ditu zainduko.” (11,6)
Alta Izraelek besterik ikusten du : berexkuntza, gerlak, herra…bainan profeta guzien
egitekoa da esperantzaren bizirik atxikitzea : bai, Jainkoa errege izanen delarik bakea eta
amodioa hedatuko dira izadi guzian eta ” nere(Jainkoaren) garaipenak iraunen du beti, nere
salbamenduak gizaldiz gizaldi.” Konprenitzen dugu zergatik Jesusek erranarazten daukun :
“Etor bedi zure Erreinua !”

Bigarren irakurgaia

( Leial izan beti leial den Kristorekin )

Jondoni Paulok Timoteori 2a : 2, 8-13

8 Gogoan izan Jesu Kristo, Dabiden ondokoa:
hiletarik piztua da, hortan da nere Ebanjelioa.
9 Horrengatik naiz oinazetan, gaizkile bezala katez lotua.
Bainan Jainkoaren hitza ez da katez lotua.
10 Horrengatik dena jasaiten dut Jainkoak hautatu dituenen onerako,
heiek ere ardiets dezaten Jesu Kristorenganik dugun salbamendua,
betiereko aintzarekin.
11 Sinesgarria da hitz hau:
Harekin hiltzen bagira, harekin biziko gira;
12 Harekin sofritzen badugu, harekin izanen gira errege.
Ukatzen badugu, harek ere ukatuko gaitu.
13 Gu leialak ez bagira ere, hura leial dago,
ez baitezake bere burua uka.

Timoteo eliz buruzagi bat zen, Pauloren adixkide mina. Gaur irakurtzen dugun
eskutitzean idazten dio : “Oroit zaite.” Eta Paulok laburbiltzen dio bere mezu guzia. Bat :
Jesus Daviden ondokoa da (eta hau biziki garrantzitsua zen juduentzat). Mesiasek, nahi-ta ez
Daviden arrazakoa izan behar zuen. Bi : Jesus hiletarik piztu da. Horra berri on guzia.
Paulok Timoteori idazten diozkan bi gutunetan nabari da eliz elkarte hortan eztabadak
badirela. Behin eta berriz Paulok Timoteori artamendatzen dio fedearen alde borroka dadin,
bainan beti eztitasunean. Zertan dira tirabirak ? Paulok ez du garbiki erraiten, bainan gutun
huntan, beherago, bi presuna aipu ditu hilen piztean sinesterik ez dutenak. Pauloren begietan,
hori huts larria da : fedea osoki Jesusen piztean finkatua da. Korintoarreri idatzi lehen
gutunean hau dio : “Hilen pizterik ez bada, Kristo ere ez da piztu. Eta Kristo piztu ez bada,
hutsa da gure predikua eta hutsa zuen fedea ere.” (1 Ko 15,13) Juduetan gehienek hilen
piztean sinesten zuten, bainan ez grekoek. Jesusen piztea oihukatzen zuelakotz zen Paulo
preso sartua izan : ” Horrengatik naiz oinazetan, gaizkile bezala katez lotua. Horrengatik
dena jasaiten dut…”

“Sinesgarria da hitz hau: ” Hemen Paulok emaiten bide du orduan ezagutua zen himno
bat : “Harekin hiltzen bagira, harekin biziko gira…” bataioaren mixterioa da, Paulok
Erromatarreri idatzi zioten gutunean luze eta zabal hedatzen duena. (Erm 6,1-11) bataioaz
heriotzeko uretan sartuak izan gira eta handik ateratzean haren baitan xertatuak gira. Deusek
ez gaitu harenganik berexten ahal. Jesusen heriotzea eta piztea elgarri lotuak dira, gertakari
bera da, gizadiaren historian aro berri bat ekarri duena.
Pasarte hunen azken lerroak elgarren kontrakoak iduri dute : “Ukatzen badugu, harek ere
ukatuko gaitu. Gu leialak ez bagira ere, hura leial dago, ez baitezake bere burua uka.” Azken
hitz hauek ez gaituzte harritzen. Badakigu Jainkoa leiala, hitzekoa dela. Guk hitza jaten
badugu ere, harek ez, sekula.
Bainan aitzineko erranaldiak: “ukatzen badugu, harek ere ukatuko gaitu”, iduri du
kontrakoa erraiten duela. Bizkitartean ez : gure libertatea du erraiten, Jainkoak ez duela sekula
bortxatzen. Ebanjelioan, norbait deitzen duelarik, beti libre uzten du : “Nahi baduzu.” Berexi
behar dira “ukatzea” eta “desleial” izaitea. “Ukatzea” Jainkoaren maitasunezko xedeari eza
emaitea da, jakinaren gainean. Eta harek aski maite gaitu gure ezaren errespetatzeko (hori
erran nahi du “harek ere ukatuko gaitu” erranaldiak). Aldiz hari desleial izaitea, ez da haren
xedeari eza emaitea, baizik xede hura onartzea bainan bide xuxenean nekez ibiliz.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Bai ona baita, denek eskerrak Jainkoari,
Gizonarentzat egin du ainitz miragarri.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 17, 11-19

11 Jesus, Jerusalemerako bidean, Zamaria eta Galilean barna zoan.
12 Herrixka batean sartzean, hamar lepradun atera zitzaizkion biderat.
13 Urrunetik oihuka hasi ziren:
“ Jesus, Irakasle, urrikal zakizkigu!”
14 Heiek ikusi eta, Jesusek erran zioten:
“ Zoazte, ager zaitezte apezeri.”
Eta zoatzilarik, garbi gelditu ziren.
15 Heietarik bat, sendatua zela oharturik,
gibelerat itzuli zen, Jainkoa ozenki goresten zuela.
16 Jesusen oinetarat ahuspez erori zen, eskerrak emanez.
Zamariarra zen.
17 Orduan Jesusek erran zuen:
“ Ez ote dira hamarrak garbi gelditu? Non dira beste bederatziak?
18 Ez da izan arrotz hau baizik Jainkoaren gorestera etorri denik?”
19 Jesusek erran zion:
“ Xuti zaite eta zoazi: zure fedeak salbatu zaitu.”

Jesus Jerusalemerat doa azken aldikotz, heriotzerat, Samarian barna. Eta horra hamar
lepradun. Urrun daude, legearen arabera : ez dute nehor kutsatu behar. Bestalde, orduko
pentsamoldean lepra Jainkoaren madarizione bat zen : bekatoros handia jotzen zuen zigorra.
Beste aldi batez (Lk 5,12) Jesusek lepradun bat hunki zuen sendatzeko. Hemen aldiz urrunetik
erraiten diote : “Zoazte, ager zaitezte apezeri.” Apezetarat joan behar zuen eriak, sendo zelako
agiriaren bila. Beraz badoatzilarik ohartzen dira sendo direla. Jesusi egin dioten konfiantzak
salbatu ditu.
Hamar gizon heiek eritasunak elgarretaratu zituen. Sendatu ondoan erakutsi zuten zer
zuten bihotzaren zolan. Ez dira gehiago hamar lepradun, hamar baztertu. Bederatzi judu dira,
eta samaritar bat (heretiko mespretxagarri bat). Hunek badaki sendatzea, bizia, Jainkoaganik
dela. Eta lagunak utzirik, gibelerat itzultzen da Jesusen ganat, “Jainkoa ozenki goresten
duela.” Samaritarrak sumatu bide zuen Jesus nor zen egiazki : Mesias. Bide berez erakusten
du ez dela gehiago Jerusalemeko tenploari buruz itzuli behar, baizik Jesusi buruz. Eta Jesusi
buruz itzultzea zer da, bihozberritzea ez bada ? Jesusek agerian ezartzen du bihozberritze hori
: “Xuti zaite eta zoazi : zure fedeak salbatu zaitu.”
Eta beste bederatziak ? Heiek ez dira “itzuli”, Mesias ez dute ezagutu. Askotan
gertatzen da hori ebanjelioetan : salbamendua denentzat da, eta maiz hurbilenek ez diote ongi
etorri egiten : “Beretarat etorri da, bainan bereek ez diote ongi etorri egin.” (Jn 1,11)
Lehen girixtinoak hortaz harritzen ziren. Lukek ebanjelio hau idatzi zuelarik, girixtino
elkarteak funtsezko arazo batek berexten zituen : judu izan behar dea baitezpada, bataiatua
izaiteko ? Bataiorat onartzen ahal direa paganoak, judu ez direnak ? Samaritar heretikoaren
sendatzeak, haren bihozberritzearen kondairak ahantzi behar ez ziren hiru egia emaiten
ziozkaten ausnartzera :
– Jesusek bere pasioneaz eta pizteaz eskaini salbamendua gizon eta emazte guzieri
emana da, berexkuntzarik gabe.
– Jainkoari eskerren bihurtzea herri hautatuari doakio, bainan, zenbait aldiz, arrotz
batzuek egiten dute hori hobekienik.
– Anitzetan pobreek daukate bihotza zabalik Jainkoari ongi etorri egiteko.
Jerusalemerateko -erran nahi baita salbamendurateko- bidean Jesusek berekin deramatza nahi
duten guziak.