URTEKO 27. IGANDEA C 2016-10-02

SARRERA

Senideok, ongi etorri Eukaristia bizitzera. Jesusen hitza entzutera. Jesusen bizitza geure artean berregitera. Jesusen heriotzaz eta piztueraz gogoeta egin eta geure sinesmena indartzera. Izan ere, Jesus geure artean dugu.
Apostoluek bezala esango diogu Jesusi: handitu, Jauna, gure sinesmena, gure fedea gure konfiantza. Eta Jesusek erantzungo digu: fedearen inguruan, kontua ez da fede handia edo txikia izatea, baizik pertsona batengan konfiantza izatea, Jainkoagan konfiantza izatea.
Senideok, zenbat eta harreman gehiago izan Jesusekin, fidagarriago agertuko eta egingo zaigu hura. Eska diezaiogun, beraz, argia, bera ezagutzeko eta bihotzeko begiez ikusteko. Halako batean, haren esperientzia bat, txikiena bada ere, izaten badugu, ezin ahaztuzkoa izango da. Izan dezagun gogoan, lehen irakurgaiak Habakuk profetak esaten digun da: pertsona zuzena fedeaz biziko da.

LEHENENGO IRAKURGAIA Habakuk profetaren liburutik (1,2-3; 2,2-4)

Habakuk profetak garbi ikusi zuen bere herrian nagusi zen injustizia. Aldi berean, ordea, garbiago ikusi zuen bere herriaren kontra zetorren Babilonia inbaditzailearen injustizia. Beraz, bi injustizien artean ikusi zuen bere burua: bere herriaren injustiziaren eta bere herriaren aurka zetorren inbaditzailearen zuzengabekeria.
Hala, Jainkoari galdezka hasi zitzaion: Noiz arte, Jauna, bizi behar dut zuk niri erantzun gabe, kasurik egin gabe? Eta hona Jainkoaren erantzuna: Izan pazientzia, izan esperantza, izan batez ere fedea.
Jakina, pazientzia, esperantza eta fede biziez ari da Jainkoa. Fedeak emango digu bizia, konfiantza den fedeak.

BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako bigarren gutunetik (1,6-8.13-14)

Gutun honen idazlea konturatu da, krisialdi gogor samarra bizitzen ari dela Timoteo. Bere burua estu eta larri sentitzen ari dela.
Egoera horretan, adorea eta kemena eskatzen dio. Esaten dio, ez dituela utzi behar galtzen hartuak dituen «grazia, errukia eta bakea», baizik eta bertute haiek bere baitan sendotzen jarraitu behar duela. Bere konfiantza Jesusengan bakarrik ipiniz. Ildo horri berari jarraituz, hiru kualitate hauek aipatzen dizkio: adorea, maitasuna eta zentzu ona.
Bukatzeko, esaten dio idazleak, baduela bermea edo garantia; ez, noski, beragandik datorrena, baizik eta Jesusengandik datorrena; esaten dio: «nik badakit zeinengan ezarria dudan neure konfiantza, eta konbentziturik nago, baduela hark ahalmena nire fedea gordetzeko egun hura arte».
Senideok, idazlearen konbentzimendu hori egin dezagun geure: Jesusengan jarri dugu geure konfiantza; Jesusek lagunduko digu geure fede hori gordetzen, egun handia arte.

EBANJELIOA Lukasen liburutik (17,5-10)

Bi zati ditu gaurko ebanjelioak.
Lehenengo zatia. Jesusekin badaramate denboraldi bat ikasleek, eta konturatu dira haren bidean ibiltzeko fedea behar dutela. Ez da gutxi horretaz konturatze hutsa: Jesusekiko fedea edo konfiantza handitu beharra dutela. Konfiantza, uste handia: ez geure egintzetan, ez geure otoitzetan; konfiantza eta uste handia Jesusengan, gure maitasunagatik gure artera etorri den pertsona batengan, Jesusengan.
Jesusek ez die erantzungo zuzenean. Baina fedea zer den adierazi die. Ez die esan nahi, fedearekin eta konfiantzarekin mendi bat tokiz aldaraziko dutenik; ahoberokeria da hori. Soilik, hau esan nahi die: izan daitezela bat Jainko kreatzailearekin, izan dezatela konfiantza harengan. Jainkoa ez da hasten mendi bat tokiz aldatzen, baina gizakien bidez mundua hobetzea du asmo guztia.
Bigarren zatia. Fariseuek uste zutenaren kontra, ezin gara hasi Jainkoari hau esaten: «Begira, hau eta hura eta bestea egin ditugu guk. Zuri dagokizu orain guri saria ematea». Ez; ez da hori arrazoizko pentsaera. Izan ere, egin dugun guztiarekin, zer egin dugu, egin behar genuena baizik? Hori adierazi nahi du morroiaren parabolak. Fariseuk «beren burua zintzotzat harturik, beren geroa segurutzat jotzen zuten eta gainerako jendea mespretxatu egiten zuten». Jainkoarekin lan egitea da kontua. Haren zerbitzari izatea. Benetako zerbitzari.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Jainkoak ez diela entzuten uste dutenen alde: harekiko harremanak konfiantzaz bizitzen jarrai dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Elizan egiteko berezia hartu dutenen alde: beren uste faltsuak alde batera utzirik, konfiantza Jainkoagan eta inguruan duten bihotz oneko jendeagan jar dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Munduko edozein bazterretan tortura eta atxilotze zuzengabea jasan beharrean gertatzen diren guztien alde: argi izpi bat ikusteko zoria izan dezaten. Eska diezagun Jaunari.

4.-Hemen bildu garenon alde, gure familiarteko eta adiskideen alde: bihotz apalez Jaunaren aurrean makurtzen ikas dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.