Urteko 21. igandea C 2016-08-21
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko ebanjelioaz ere, testuingurua gogoan hartu beharra dugu: Jesus Jerusalemera bidean doa. Esan nahi da, han eskainiko duela bere bizia gizon-emakume guztien salbaziorako. Toki eta une garrantzitsuenak biziko ditu Jerusalemen.
Buruan eta bere jardunean Jerusalem duela, norbaitek galdera egin dio: «Asko al dira salbatuko direnak?» Beste askotan bezala, egin dioten galderari ez dio erantzun Jesusek. Ez da hori kezkatu behar zaituzten arazoa. Kontua ez da asko ala gutxi. Nola salbatu da arazoa. Beste behin, Gizonaren Semearen bigarren etorrera noiz izango den galdetu zioten. Eta Jesusen erantzuna beste hau izan zen; axola duena etorrera hartarako nola prestatu da.
Gaurkoan, hau izan da erantzuna: saia zaitezte ate estutik sartzen? Eta labur-labur argitu du zer esan nahi duen ate estutik sartzeak.
Lehenengo irakurgaian entzun dugunez, bazen juduen artean gizon-emakume guztiak salbatuko garen ustea: «Neu etorriko naiz hizkuntza guztietako nazioak batzera», esanarazi dio Isaiasek Jainkoari. Baina juduen uste hori oso murritza zen; haien ustez, judu-herria zen munduan bihotza: Jerusalem hiria, Jerusalemgo Sion mendixka, Tenplua: hara bildu behar zuten beste herri guztiek salbatzeko.
Jesusek, berriz, esaten die: kontua ez da Abrahamen eta profeten jatorrikoa izatea, kontua ez da Tenplura urtero joan izana, kontua ez da legea bete izana.
Saia zaitezte ate estutik sartzen. Irudi honekin ez digu adierazi nahi apaltasuna edo antzeko zerbait. Gauza zehatz bat iradokitzen du. Antzinatean hiri asko harresiz inguratu ohi zituzten. Egunez ate handiak zabalik egon ohi ziren. Gauez handien alboan ate txikiak izan ohi zituzten, ondo zainduak; halakoetatik sartzeak bere neke bereziak izan ohi zituen. Ate txiki hauetaz ari da Jesus. Esan nahi du, ate handien denbora joana dela. Jainkoaren erreinura bidea zailago bihurtu dela. Erreinura bidea jarraitu nahi duenak oztopo eta eragozpen gehiago eta handiagoak gainditu beharko dituela
Mateok (7,13-14), ate estuaz ari den pasartean, bi bide aipatzen ditu: bata, lasaia eta zabala, hondamendira daramana; bestea, estua eta beharra, bizira daramana.
Senideok, bizia dugu jokoan. Agian, ez dugu hartzen hori behar den arretaz. Agian, bihotza lokartzen dugu, begiak ixten, belarriak tapatzen. Pentsatzen dugu, arriskutsua izan daitekeela bihotza, begiak, belarriak irekirik bizitzea; agertuko diguten bidea arriskutsuegia izango dela.
Arrazoi asko pilatzen dugu barruaren ahotsa ez entzuteko; adibidez, besteak bezala bizi naiz; zergatik jokatu behar dut beste modu batean?
Baina serioski esan beharko genuke: nire bizitza ez da bukatu; zergatik ez dut jo behar aldaketa bat egitera? Jesus, erantzukizunez eta duintasunez bizitzera ari zaigu dei egiten. Jende askok bazter uzten duen biziera, baina bizia bere betera eramaten duena.
Jesusen deia da. Maite nauelako egiten dit dei.
Dionisio Amundarain