URTEKO 21. IGANDEA A (2014-08-24)

Anai-arrebok!
Galdera ederra eta gozoa egiten digu gaur Jesusek; garai batean ikasleei egin ziena bera: «Eta zuek, ni nor edo zer naizela diozue?»
Aski denbora daramate jada ikasleek Jesusekin. Baina ezagutzen al dute Jesus? Ba al dakite nor edo zer den? Bere dudak ditu Jesusek.
Bai. Gizakiok ezgai jaiotzen gara. Aitak edo amak edo beste norbaitek zaindu behar izaten gaitu. Beste batek ematen digu jaten. Beste batek gaitu janzten. Geroxeago ere, beste norbaitek erabakitzen du zein ikastetxetara joan. Beste batek hau eta bestea. Aski geroago ere, autonomo garela uste dugunean ere, zein da guztiz autonomo? Aholku bat dela, laguntza bat dela, lagunarte bat dela… beste norbaiten beharra sentitu ohi dugu
Geure fede-kontuan ez gara batere desberdin. Auskalo nola sortu den zure bihotzean lehen fede-printza. Etxeko giroa dela, bizitzako pasadizoren bat dela, Kalkutako Teresa bezalako norbaiten testigutza dela, orritxoren bat irakurri duzula, katedral ederren bat ikusi duzula…
Eta Jesusen galdera entzungo duzu: «Eta zuk, ni nor naizela diozu?» Eta amari entzundakoa erantzungo diozu. Edo orritxo batean irakurri duzuna.
Hasierako printza hori hastapena da. Printzak berak galdera egingo dizu; galdera nahasiagoa, korapilatsuagoa: «Zein edo zer da ikusi edo sumatu omen duzun Jesus hori? Ez al da zorakeria hutsa ikusten ez duzun norbaitez maitemintzea? Gazte batek, norbaitekin ezkontzea erabaki aurretik, zenbat harat-honat ez du egiten? Eta hori, ikusten, ukitzen den pertsona batekin ezkontzeko! Eta zu, bizi omen den baina ikusten ez duzun pertsonari gauetik goizera atxiki?»
Bai. Fedea ez da atxikimendu itsua, ez da zentzurik ez duen adiskidetasuna. Fedeak, egiazko fedeak, Jesusi atxikitzeak, Jesusez maitemintzeak ere harat-honat asko eskatzen du. Hasierako esperientzia bizi hori, elikatzen, janzten, hezten joan beharra duzu; ez da obligazioz egin beharrekoa ibilbidea; zeure barneak eskatzen dizu.
Eta tarteka, tarteka, Jesusen beraren galdera datorkizu burura. «Eta zuk, ni nor naizela diozu?»
Eta batekin edo bestearekin egon beharra sumatzen duzu. Eta jabetzen zara, bera ondo ezagutzeko, mila baliabide jarri dizkizula Jesusek berak eskura: bihotz barnean hitz egiten dizun Espiritua bera; Jesusen beraren irudia den gaixo hori, ura mugituko denean hara nork eramango duenik ez duen gaixo hori, alegia; etxean bakarrik utzi zenituen adin handiko gurasoak; noiz ustelduko diren zain, bidegabeki kartzelan dauzkaten horiek etab. Eta irakurtzen duzu Biblian, Jesusek esandako hau: hauetako bati egin zeniona, neuri egin zenidan. Eta horrelako zerbait egitean, sumatu ere sumatzen duzu bihotzean berotasun bat. Loiolako San Ignaziok sentitu ohi zuenaren antzeko zerbait: bere irudimena zalduntza-liburuetako pasadizoetan elikatzen zuenean, momentuan gozatu bai, baina laster triste sentitu ohi zen; ostera, irudimena santuen eta Jesusen bizitzako pasadizoez elikatzen zuenean, poz handia sentitu ohi zuen. Jesus bidean ezagutzen joan zen. Bidean bide egin ahala
Bai. Zu ere pixkana zoaz Jesus ezagutzen. Eta Jesusek berriro dizu galdetzen: «Eta zuk, ni nor naizela diozu». Eta iristen da momentu bat, zeinetan ez baitiozu erantzuten amari edo beste norbaiti entzun dizkiozun edo orritxo batean irakurri dituzuen hitzez. Baizik eta, zeuk ezagutu edo sumatu duzun pertsonari bezala erantzuten diozu. Zeure esperientzia hasi zara Jesus ezagutzen edo sumatzen.
Senideok, igande honetan, Jesusen bila ibiltzeko gonbita datorkigu. Jesusen galdera horri nola erantzun, izan beharko genuke geure bihotzaren erdi-erdiko ametsa. Argitu gaitzala Jesusen Espirituak berak.