URTEKO 12. IGANDEA C (2013-06-23)
SARRERA
Senideok, urteko 12garren igandea ospatzen dugu gaur. San Lukasek esaten digu, Jesus, beste hainbatetan bezala, otoitzen ari dela. Eta gehitu digu, otoitz horrek galderak iradoki edo sujeritu dizkiola Jesusi: bere bizitzari dagozkion galderak; galderak ez ezik, intuizio edo gogoetak ere bai bere bizitzaz.
Jainkoa gizon egin zen, eta gure artean bizi izan zen. Horregatik, oso egoki dio Vatikano II.a kontzilioak: Jesusek «gizaki baten eskuez lan egin zuen, gizaki baten adimenaz pentsatu, gizaki baten gogamenaz jokatu eta gizaki baten bihotzez maitatu» (Gaudium et spes 22). Beraz, esan dezakegu ere, gizaki batek bezala egin zuela otoitz Jesusek. Zeruko Aitarekin hitz egin beharra sentitu zuen Jesusek.
Otoitzetik sortu zitzaizkion galdera hauek: «Nor naizela dio jendeak? Eta zuek, nor naizela diozue?» Eta otoitz horretatik sortu zitzaion konbentzimendu handi hau: «Gizonaren Semeak asko sufritu beharko du». Baita beste hau ere: «Norbaitek nire ikasle izan nahi badu, ahaztu dadila bere buruaz, har dezala eguneroko gurutzea eta jarrai diezadala».
Hain zuzen, otoitza ez datza aho zabalik begira egotean. Bizitzaz galderak egitean datza. Horixe adierazi zuen behin batean Frantzisko aita santuak Aldareko Sakramentua adoratzeko ekitaldia gomendatu zuenean: «ordu santu horretan, eskari hau azpimarratu behar da: “lanik gabe diren, adin handikoen, etorkinen, etxerik ez duten, presoen eta bazterketa jasaten duten guztien alde”» eskatu, eta konpromisoa hartzea hori gauzatzen saiatzeko.
LEHEN IRAKURGAIA Zakarias profetaren liburutik (12,10-11)
Bi zati ditu Zakariasen liburuak. Gaurko pasartea bigarren zatitik hartu dugu; lehena ez bezalakoa da bigarren zati hau. Kristo aurreko IVgarren mendearen azken aldikoa da. Mesias edo Igurtzia du mintzagai: apala, xumea, zulatua. Esaten du orobat Jerusalem berritua izango dela, askatu egingo dutela, bai etsaiengandik, bai norberaren bekatutik.
Kristau-tradizioak Jesusi aplikatu dio hori guztia; Jesusi gertatuko zitzaiona aurresan balute bezala. Jesus bazter utzia, gurutzean saihetsa zulatu ziotena, jendea begira jarriko zaiona. Gogoan har dezagun nola bukatu duen Joanek Jesus gurutziltzatuaren zatia: «liburu santukoa bete dadin, zulatua izan denari begira jarriko dira» (Jn 19,37)
Jainkoak konbertsiorako laguntza gurutzea jasan duen Kristoren bidez ematen digu, sufritzen jakin duen zerbitzari horren bidez.
BIGARREN IRAKURGAIA Galaziarrei egindako Gutunetik (3,26-29)
Galaziarrei egindako Gutunean askatasuna defenditu du Paulok Itun Zaharreko errituei dagokienez; batez ere, kristau egiten ziren paganoei kristau judu zaleek ezarri nahi zieten erdainkuntzari zegokionez. Horixe du gai ardatza Paulok galaziarrei egindako gutunak: Moisesen legea baliorik gabe gelditu da Kristo etortzearekin. Jesus, Jesusengan eta Jesusengatik sinesteak justifikatzen, zuzentzat ematen gaitu Jainkoaren aurrean. Kristo da gertaera erabakitzailea salbamenaren historian.
Kristau judu zaleen eztabaida horrek ez du gaur egun, guretzat inolako zentzurik. Alabaina, zutik dago beste alde batetik. Hain zuzen, hainbat gauzatan, Itun Zaharreko espiritualitateari loturik bizi gara oraindik ere. Paulok dio, Jesusen Espiritua hartu dugula, eta horrek libratu egin gaituela espiritualitate zaharkitu hartatik.
Bizitzera gonbidatzen gaitu, ez esklabo bezala, baizik pertsona libre bezala; bihotzean hitz egiten digun Espirituaren arabera. Eta Espiritu hori zuzen interpretatzen ote dugun irizpidetzat, hainbat pista dakarzkigu Gutun honetan. Hauxe, adibidez: Espirituaren fruitu dira maitasuna, poza, bakea, pazientzia, onberatasuna, ontasuna, leialtasuna, otzantasuna, nork bere burua dominatzea.
EBANJELIOA San Lukasen arabera (9,18-24)
Gaurko ebanjelio honek hiru zati ditu: 1/ Pedrok Jesus mesias dela aitortu du; juduek aspaldidanik espero zutena dela; 2/ Jesusek lehen aldiz iragartzen die nekaldia: pertsegitu, torturatu, hil egingo dute; 3) Jesusi jarraitzea ez da jolas bat; bere baldintzak ditu: nork bere buruari uko egitea, nork bere gurutzea, egunean egunekoa, lepoan hartzea.
Gaurko pasarte hau, Lukasen ebanjelioko lehen zatiaren laburpena-edo da: Jesus nor den argitzea du helburu: nor naizela dio jendeak?, nor naizela diozue zuek? Aldi berean, ebanjelioaren bigarren zatiaren prestaketa da; Jerusalemerako bideaz mintzo da, han hilko baitute Jesus.
Horren guztiaren aurretik, ordea, Jesusen otoitza dator. Otoitzak bere bizitzaz galderak sortu dizkio Jesusi, baita ikasleen bizitzaz ere. Era berean, otoitzean bere zoria ikusi edo barruntatu du Jesusek.
Guri aplikaturik, geure buruari uko egitea esan nahi du Jesusi jarraitzeak; hain zuzen ere, benetan gu geu izan gaitezen. Egoismoari uko egitea esan nahi du; geure gu/geu egoistari uko egitea; geure gu/geu erlijiosotik (Jainkoarekin ditugun harremanetatik) eta geure gu/geu sozialetik (gizadiarekin ditugun harremanetatik) urruntzen gaituen geure gu/geu egoistari uko egitea; benetan gu geu jainkozale eta gizarte zale izan gaitezen
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: beren fedea bizi dezaten pozik eta Jesusen Espirituaren argipean; hala, pertsona alai eta koherente izan daitezen; gainerakoengan Jesus ezagutzeko eta hari jarraitzeko gogoa piztu dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Jesusen berri izan ez duten haur eta gazteentzat: hura aurkitu eta hartaz goza dezaten; eta haren kontsolamendua, eta maitasunerako eta zuzentasunerako haren espirituaren laguntza eta eragina senti ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Beren haurrei fedea eskualdatu nahi dieten, baina hartarako era egokirik aurkitzen ez duten guraso eta aitona-amonentzat: Jesusen jakinduria, espiritualitatea eta esperientzia lor ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Herri-agintari, boteretsu eta eliz hierarkiarentzat: Jesusen Espirituak eragin diezaien elkarrekin lan egitera herrien onerako; batez ere, pobreenen onerako. Eska diezaiogun Jaunari.