URTEKO 11. IGANDEA C 2016-06-12
SARRERA
Senideok, igandero bezala elkartu gara, Jesusen eta gizon-emakumeon misterio handia ospatzeko. Jainkoak munduaz duen asmoa bizitzeko. Gure bizitzak zein zentzu duen aztertzeko. Gure bizitzari zentzua zeinek eta zerk ematen dion aztertzeko.
Aldi berean, dagoeneko, neurri txiki batean bada ere, ezagutzen dugun Jainkoa goratzeko eta egin dizkigun mesedeengatik eskerrak emateko bildu gara. Geure bihotzean sartu eta mesede horiek Jainkoari era biziagoan eskertzeko, eta geure burua Jainkoari bihotz eta konfiantza handiagoz eskaintzeko.
Gaurko bi irakurgaitan, lehenengoan eta ebanjelioan, Jainkoak bekatariari nolako harrera egiten dion ikusiko dugu, harritzeko moduan. Davidi profeta bat bidali dio Jainkoak, zer-nolako bekatuak egin dituen konturatu dadin. Ebanjelioan, berriz, emakume bekatari baten aurrean Jesusek zer jokabide izan duen ikusiko dugu. Emakume honi beste modu batean ikusarazi dio bere bekatua; hobeto esateko, bere bekatua ikusarazi baino gehiago, Jesusen maitasuna nolakoa den ikusarazi dio. Eta Jesusen maitasuna ikustean, bere burua ikusteko argia eman dio emakumeari Jesusen Espirituak.
Saia gaitezen, Meza honetan, gure bizitzari zentzu osoa ematen dion Jesus gogoan hartzen.
LEHENENGO IRAKURGAIA 1 Samuel liburutik (12,7-10.13)
David erregea santutzat eman izan da. Baina santutasun hori ulertzeko, gogoan izan behar dira bi gauza: batetik, egin zituen krudelkeriak; bestetik, Jainkoak agertu zion maitasuna eta Davidek agertu zuen damua.
Krudelkeria horien artean, egin zuen adulterio bat gogorarazten du gaurko irakurgai honek. Urias soldaduaren emazteaz maitemindu zen David. Eta haren emaztearekin ezkontzea erabaki zuen. Jendearen aurrean ezkontza hura legezko bezala agertzeko, Urias soldadua hiltzeko trikimailuak asmatu eta egin zituen Davidek. Adulterioa eta hilketa.
Natan profetak, ordea, Jainkoaren izenean aurpegiratu zion bekatua. Eta Natanek esan zion, are handiagoa zela bere bekatua, agertuz: «Jainkoak hainbat mesede egin dizu, eta zuk hura mespretxatu egin duzu». Orduan Davidek bihotzez aitortu zuen bere bekatua. Bihotza ireki zion Jainkoari, eta, bere egintza zuritu nahi gabe, «Bekatu egin dut Jaunaren kontra» esan zuen. Jakina, Jaunaren kontra, Urias soldaduaren kontra eta Uriasen emaztearen kontra esan beharko zuen. Eta herriaren kontra.
Gogoan izan dezagun hau: zenbat eta mesede eta aukera gehiago hartu Jainkoa ezagutu eta maitatzeko, hainbat eta handiagoa gertatu ohi da bekaturik txikiena ere.
BIGARREN IRAKURGAIA Paulok galaziarrei egindako gutunetik (2,16. 19-21)
Jainkoarekin adiskidetzea nola lortu? Hori da Pauloren galdera nagusia idazki honetan. Lehenik eta behin, esan dezagun hau: Jainkoak ez du gurekin adiskidetu beharrik; beti da gure adiskide; guk dugu harekin adiskidetu beharra.
Paulok begi-bistan du Kristogana konbertitu aurreko bere erlijioa. Beste judu askok bezala, Paulok uste zuen, Moisesen Legea betez salbatuko zela; baina Moisesen legea berek ematen zioten interpretazioaren arabera harturik.
Orain, konbertiturik, sendo uste du: Jainkoarekin adiskidetu, Kristogan sinetsiz adiskidetzen garela, eta ez geure egintzez, ez legea betez.
Baina zer esan nahi du Kristogan sinesteak? Kontua ez da mihi-puntaz «sinesten dut» esatea. Bizitzako gorabehera guztietan Kristo aintzat hartzea da: hark bezala pentsatzea, hark bezala maite izatea, hark bezala jokatzea. Horrela irits dezakegu Kristorekin bizitzea; horrela bakarrik irits dezakegu bizi berria.
Izatez, Paulok sentitu du Jainkoaren egintza dela bera, Jainkoak egina eta Jainkoak salbatua. Badaki ez dela itzuli Jesusengana bere kabuz, baizik eta Jesusek berak erakarri duela. Horregatik, ondorengo bizitza guztia ez du oinarrituko bere irizpideetan, baizik eta Jesusen pentsaera eta jarduera izango ditu bere oinarri eta sostengu.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (7,36−8.3)
Fariseu baten etxean gertatu da gaurko ebanjelio honetako pasadizoa. Fariseu batek gonbidatu du Jesus. Bazkaltzen ari dira. Bat-batean, herrian bekataritzat emana den emakume bat Jesusen oinetan belaunikatu da. Eta Jesusi oinak gantzutzen dizkio. Herrian oso ezaguna da emakumea.
Jesus gonbidatu duen fariseuak ezin jasan du hori. Ez du ulertzen nolatan uzten dion Jesusek hori egiten.
Eta Jesusen hitzak datoz. Beren burua bekataritzat aitortzen dutenak salbatzera etorri da Jesus. Fariseuak ez du aitortzen bere bekaturik. Emakume bekatariak bai. Maitasun handia agertu du emakumeak. Horregatik, barkatuak ditu bere bekatuak. Eta emakumeari diotso Jesusek: «Zeure fedeak salbatu zaitu. Zoaz bakean».
Lehenengo irakurgaiko David erregea bezala, emakume hau ere damutu egin da, Jainkoak bihotzez eta benetan maite duela ikusi duelako.
Hain zuzen, protagonista ez da emakumea, baizik Jesus. Lukasek bi hauek kontrajarri ditu: legea eta maitasuna. Fariseuak legea ordezkatzen du; Jesusek maitasuna. Lege guztien gainetik maitasuna. Jesusen maitasun-jarrera hori ikustean sentitu ahal izan du emakumeak Jesusenganako maitasuna. Fariseua ez da gauza izan Jesusen maitasun hori ikusteko. Maitatua zarela sentitzeak inportantzia handia du beste bat maitatu ahal izateko.
Senideok, gure bizitzan inportantzia handia du gauza txarrak bakarrik ikusten eta gogoratzen ez gelditzeak; osasungarria da gauza onak gogoan hausnartzea. Esaterako, Jainkoak maite gaituela sentitzeak, errotik aldaraziko du gure biziera.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Gauzak beti ilun ikusten dituztenen alde: argitu ditzala Espiritu Santuak, munduan diren gauza onak ikusi eta gogoa Jainkoagan jartzen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Besteengan bekatua ikusi eta nork beren baitan halakorik ikusten ez dugunon alde: gauzak diren bezala ikusteko, Jainkoaren laguntza izan dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Modu batean edo bestean −gaixo, pobre, preso− sufritzen ari diren guztien alde. Kristau-elkartearen laguntza izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Han eta hemen lantegiak ixteko mehatxuak jasotzen ari direnen eta lantegi horien buruzagien alde. Eska diezaiogun Jaunari.