Corpus Christi eguna C 2016-05-29
HOMILIA
Anai-arrebok!
Jesusen gorputz-odolen eguna ospatzen dugu gaur. Erraz esaten dugu hori. Baina zer esan nahi du egiaz. Gaurko irakurgaiek lagunduko digute, misterio honen alderdi bat kontenplatzen.
Lehenengo irakurgaian entzun dugu: Abrahami, gudu edo gerla batetik itzultzean, pertsonaia misteriotsu bat atera zitzaion bidera: Melkisedek. Salemgo, hau da, Jerusalemgo erregea zen. Eta ogia eta ardoa eskaini zizkion Abrahami. Gosea kentzeko modua izan zuten Abrahamek eta soldaduek. Baina eskaintza horri, alderdi solidario horretaz gain, ukitu erlijioso bat ikusi izan diote eliz gurasoek. Melkisedek apaiza da, eta, ogi-ardoak ematearekin batera, bedeinkatu egin du Abraham. Abrahamek, berriz, hamarrenak eman dizkio Melkisedeki. Garbi ageri da, nolanahi ere, ekintza erlijiosoa ez dela ekintza erlijioso hutsa. Bai Melkisedeken aldetik, bai Abrahamen aldetik, solidaritate-keinua ageri da; alde batetik, ogi-ardoak gosea kentzeko; bestetik, hamarrenak, egoismoari alde egiteko.
Bigarren irakurgaian, Paulok Eukaristiaren jatorrira begira ipini nahi ditu Korintoko kristauak. Zergatik? Eukaristiaren ospakizuna narrastu egin dutelako: batzuk goseak; besteak aserik. Eukaristia, berriz, ikasleei oinak garbitu dizkien Jesusen oroitzapena da; bere burua guztien salbaziorako eman duen Jesusen oroitzapena. Esan nahi die Paulok: zuek egiten duzuen Eukaristia ez da Eukaristia; Eukaristiaren profanazioa da. Jesusena, eskuzabaltasun handienaren ekintza izan da. Korintoko kristauena, aldiz, egoismoaren ekintza bizia.
Ebanjelioak, azkenik, ogiak ugaltzearen pasadizoa dakarkigu. Jendetza handiak jarraitu dio Jesus. Ilunabarrak herritik urrun harrapatu ditu. Ikasleek jendea jan bila bidaltzeko eskatu diote Jesusi. Honek, ordea, beste ikuspegi bat du: eman zeuek jaten. Azkenean, denak aserik gelditu dira.
Oso erraz argitu nahi izango genuke gaurko ebanjelioko pasadizo hau, Jesusen miraria izan zela esanez. Baina miraria izan al zen? Ez du ematen. Ez du ematen Lukas gertaera historiko batez ari denik. Baizik eta, beste zerbait adierazi nahi digula esango genuke.
Lukasek ondo ezagutzen du Itun Zaharra. Gogoan ditu, partikularki, bi pasadizo. Batetik, Egiptotik ihes egitean, Jainkoak mana eta galeperrak eman dizkie basamortuan. Bestetik, Eliseo profetak hogei ogirekin asetzeko adina eman die ehun laguni.
Horiek gogoan izanik, Lukasek aise atera du konklusioa. Jesusek ardura du jarraitzen dion jendeaz; Moisesek eta Eliseok egin zuten bezala, janaria eman dio beharrean den jendeari. Baina alde handiak nabari ditu hiru kasuetan. Moisesek Jainkoari eskatu behar izan dio zailtasuna konpontzeko. Jesusek ez du Jainkoari eskatu beharrik; berak du ahalmena. Eliseok, ehun laguni ematen die jaten. Jesusek askoz gehiagori, eta ogi gutxiagoz. Lukasek Jesusen errukia eta ahalmena azpimarratu nahi izan ditu.
Hemen ageri da kontakizunaren alderdi bat. Eukaristiarekin duen zerikusia. Hil aurretik eratu du Jesusek eukaristia, eta jatearen eta edatearen aipamena eginez: Hartu eta jan; hartu eta edan. Kristauek badakite, janari horrekin ezin aseko dutela gose fisikoa. Baina badakite ere, janari hori beharrezkoa dutela espirituz bizi ahal izateko. Eukaristiatik ateratzen dute indarra, Jainkoa maitatzeko eta lagun hurkoa maitatzeko.
Eukaristiak Jesusen bizitza guztiak hartzen du, zentzu berri bat eman dio. Jesus gure arteko bizidun bezala agertzen digu: maitasunaren eta gurutzean gailurrera eraman duen buru-eskaintzaren misterio bezala (iragana oraingo egina); elkarteak, Jesusi jarraituz, etengabe errepikatu beharko du azken afariko keinua (egizue hau nire oroigarri); beti, ordea, Jesusen itzulera aintzatsua gogoan izanik egin behar du (bera etorri arte).
Eukaristia Jesusen maitasunetik jaio da. Eukaristia ospatuko badugu, maitasunez egin beharko dugu.
DIONISIO AMUNDARAIN