Corpus Christi eguna C 2016-05-29
Hiru irakurgaiak
Lehenengo irakurgaia arrazoi honengatik aukeratu dute: Jerusalemgo erregeak Abrami eskaini zizkion ogiaz eta ardoaz mintzo delako (Abram izena ez da erru bat; geroago aldatu zion Jainkoak, Abraham izena ezarriz). Ematen du pasarte hau doi-doi datorrela harira, baina Eliz Gurasoek eta artistek eszena honetan eukaristiaren iragarpena ikusi izan dute beti, egin dakigukeen eskaintzarik hobena bezala.
Bigarren irakurgaiak, Korintoarren gutunekoak, azken afarian gertatua dakar. Pauloren gauzarik bereziena azken oharpena da: Jaunaren afaria ospatzen duzuenean, ez zarete ari otordu arrunt eta eguneroko bat ospatzen, zeinetan batzuk mozkortzen eta jatez asetzen baitira, beste batzuk goseak egoten direlarik (horixe ari zen gertatzen Korintoko kristau-elkartean); Jesusen bizitzako azken unea ari zarete gogoratzen: bere burua gugatik heriotzara eskaini izana. Eukaristia ospatzea eskuzabaltasunaren eta maitasunaren ekintzarik handiena oroitzea da, ezin bateratua jarrera egoista batekin.
Ebanjelioan, Lukasek, aldaketa txiki batzuekin Markosi jarraituz, pasadizo oso bizi bat deskribatu du, zeinetan ekimena ikasleena baita. Jesusi zer komeni den egitea adierazi diote, eta, Jesusek beste hautabide bat eskaini dienean, oso janari gutxi dutela atera diote. Berrogeita hamarnaka esertzeko aginduarekin soildu egin du Markosek dioena, honek ehuneko eta berrogeita hamarreko taldetan banatu baitu jendea. Agindu biziki arrotz hau ondo ulertzen da Israel herriak basamortuko ibilaldian izan zuen antolaketa gogoratzean: milako, ehuneko, berrogeita hamarreko eta hogeiko taldetan banatua (Irteera 18,21.25; Deuteronomio 1,15). Qumran-en ere honela antolatua zen herria: milako, ehuneko, berrogeita hamarreko eta hamarreko taldetan (1QS 2,21; CD 13,1). Adierazteko modu bat da ezen Jesusi jarraitzen dion jendetza Israel berriko jendea dela eta esenioen behin betiko elkartea.
Eukaristiako keinu tipikoak egin ditu Jesusek: begiak zerurantz jaso, ogiak bedeinkatu, zatitu eta banatu. Azkenean, soberakinak hamabi saskitan bildu dituzte.
Nola interpretatu behar da ogiak ugaltze hau?
Ulertzen ahal litzateke gertaera historiko baten oroitzapen bezala, Jesusen ahalmena erakutsiko lukeena, eta haren ardura ez zela jendearen formazio espirituala bakarrik, baita haren premia materiala ere.
Interpretazio historiko honek zailtasun handirekin egiten du topo, pasadizoa imajinatzera jotzen dugunean. Jendetza handia dago tartean: bost mila lagun, kontuan izan gabe Lukas ez dela mintzo emakumeez eta haurrez, Mateok dagien bezala. Garai hartan, Galileako «hiririk» handiena Kafarnaum zen, mila bat biztanlerekin. Ebanjelioak aipatzen duen jende-multzo hori biltzeko, zonalde hartako herri askok gelditu behar izango zuen hutsik. Ikasleen proposamena ere, hurbileko herrietara joan eta jana erostekoa alegia, betetzeko zaila zen: hainbat Hipercor eta Alcampo behar izango ziren bat batean hainbat jende asetzeko.
Jesusek ogiak eta arrainak ugaldu zituela ontzat emanik ere, hamabi lagunek bakarrik banatu izanak (mila bat pertsona zerbitzari bakoitzeko, emakumeak eta haurra barne) arazo handiak sortzen ditu. Gainera, nola ugaldu dira ogiak?, Jesusen eskuetan hala Jesusen eta apostolu bakoitzaren eskuetan?, joan-etorrian ibili behar al dute beste puska batzuen bila aurrekoak bukatzean? Hartarainoko jendetza handi bati janaria banatu ondoren, jada iluna kasik, zeini bururatzen zaio soberakinen bila joatea landa ilunean? Ez al da kasualitatea hain juxtu hamabi saski betetzea, apostolu bakoitzeko bat? Eta nolatan ez dira batere harritu apostoluak gertatuaz?
Galdera hauek, barregarri diruditenak, eta zenbait jenderentzat gogaikarri izan daitezkeenak, garrantzizkoak dira Ebanjelioak dakarrena zuzen baloratu nahi bada. Kontakizuna pasadizo historiko batean oinarritzen al da, eta Jesusen ahalmena eta errukia argi jartzea kontatu nahi izan du ebanjelariak? Ebanjelariaren asmakizun hutsa al da, irakaspen bat transmititzeko?
Atzean dagoen Itun Zaharra
Lukasek oso ondo ezagutzen du Itun Zaharra, eta ikusten du kontakizun honek erreferentzia guztiz argia egiten diela Bibliako bi gertakizunei.
Lehenik eta behin, basamortuko jendetza handi honen irudiak, jatekorik gabe, antzinako Israel iradokitzen du, Egiptotik Kanaan-erako bidean, Moisesen erreguari esker Jainkoak jateko mana eta galeperrak eman dizkiona. Baina bada beste kontakizun bat ere, Eliseorena, burura berez etorriko zitzaiona Lukasi. Profeta honek, lehen garai haietako handienetakoak, ikasle-talde handia zuen inguruan, jatorri aski apal eta behartsukoak. Hona zer gertatu zen behin batean:
«Etorri zen behin Baal-Xalixako gizaseme bat, ogi-hasikinak Jainkoaren gizonari ekarriz: hogei garagar-opil eta gari berria bide-zorroan. Eliseok esan zuen:
–Banatu jendeari, jan dezaten.
Morroiak galdetu zion:
–Nola banatuko dut hau ehun gizonen artean?
Eliseok erantzun:
–Banatu jendeari, eta jan dezatela. Hau baitio Jaunak: «Jango dute eta sobera geldituko da».
Banatu zuen, beraz, morroiak ogia jende artean, jan zuten eta sobera gelditu zen, Jaunak esan bezala» ( 2 Erg 4,42-44).
Lukasek aise atera ahal zuen ondorio bat: Jesus arduratsu da jarraitzen dion jendearekiko, jana ematen dio zailtasunetan, antzina Moisesek eta Eliseok egin zuten bezala. Aldi berean, argi daude alde batzuk. Moisesek ez bezala, Jesusek ez du zertan eskatu Jainkoari arazoa konpon dezan, berak du ahalmena horretarako. Eliseorekin konparatuz, berriz, handiagoa du Jesusek bere ahalmena: ez ditu janaritzen ehun lagun hogei ogirekin, baizik hainbat milaka dira bost ogirekin bakarrik janaritu dituenak; gainera, hamabi saski bete dituzte soberakinekin. Sakon azpimarratu ditu ebanjelariak Jesusen errukia eta ahalmena.
Gure gosea hasez jarraitzen al du Jesusek?
Begi-bistakoa dirudien kontakizunaren alderdi jarriko da hemen abian: lehen kristau-elkarteetan eukaristia ospatzearekin zuen zerikusia. Hil aurretik eratu zuen Jesusek eukaristia, janari-zentzua berariaz emanez: «Har ezazue eta jan… har ezazue eta edan». Kristauek ondo dakite janari horrek ez duela asetzen gose fisikoa; baina badakite ere janari hori funtsezkoa dutela espirituz bizi ahal izateko. Eukaristiatik, zeinetan Jesusen heriotza eta piztuera gogoratzen baitituzte, ateratzen dituzte indarrak Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzeko, zailtasunak gainditzeko, pertsekuzioen artean eusteko eta, are, hilez buru-eskaintza egiteko. Gai honetara bere ebanjelioaren bukaeran itzuliko da Lukas, Emausko ikasleen pasadizoan, Jesus «ogia zatitzean» ezagutuko dutenean eta galdua zuten gogo-berotasuna berreskuratuko dutenean.
José Luis Sicre