Hirutasun Santua C 2016-05-22
HOMILIA

Anai-arrebok!

Hirutasun Santuaren eguna ospatzen dugu gaur. Beldur pixka bat ematen du Hirutasunaz hitz egiteak. Koranek kristauak politeista garela esaten du, hau da, jainko asko adoratzen ditugula, Hirutasuneko hiru pertsonez hitz egiten dugulako.

Baina Biblia, Hirutasunaren misterioaz hitz egitean, ez da hasten Hirutasunaren misterio hori zer den esanez. Ez. Misterio hori gertaera bezala agertzen du Bibliak. Gertaera. Zer den ez, baizik zer egin duen eta zer egiten duen agertzen digu.

Aita, Semea eta Espiritu Santua beti presente egon dira gizadiaren historian: bizia emanez, maitasuna agertuz, gizadiaren historiaren norabidea aldatuz. Aitak bizia eman digu: kreazioa eta bigarren kreazioa edo salbazioa; Semeak maitasuna agertu digu: Aitak nola maite gaituen; Espiritu Santua historiaren eragile da: nondik nora jo agertzen digu Espirituak.

Hasierak beretik egon dira presente gizakiaren begi aurrean Aita, Semea eta Espiritua. Kristautasunaren aurretik, prestaera bezala izan da haien presentzia. Bai Israel herrian, bai gainerako erlijioetan.

Kristo etortzearekin, Itun Berriak, Hirutasun Santua doktrina bezala baino gehiago, salbazioaren egile bezala agertu digu Hirutasuna: Aitari dagokio ekimena: bere Semea bidali, gizakien esku ipini eta berpiztu; Semeari dagokio salbazioa historikoki gauzatzea; eta Espiritu Santuari dagokio Aitak eta Semeak egin dutena eguneratzea, gaurkotzea.

Ebanjelioak Espiritu Santua defendatzaile bezala agertu digu (Paraklito bezala) eta maisu bezala. Egiaren Espiritua da. Jesusek esandako hitza egia betera eramango du. Jesusen bizitza ulertzen lagunduko digu.

Gazte-gazte nintzela, neure hankak lehen aldiz Alemanian jarri nituenean, elkarri eskua eman orduko, galdera hauxe egin zidan apaiz batek: zer uste duzu, gizadia aurrera doala gizatasunean? Gaur galdera hori norbaitek egingo balit, baietz esango nioke. Jesusen Espiritua lanean ari da beti, eta aurrera eta atzera asko eginik ere, aurrera egiten diren urratsak handiagoak dira. Jainkoaren Espiritua da historiaren gidari. Hori bai, gizakiaren pausajeari kasu eginez, behartu gabe, derrigortu gabe.

Aitak kreazio-lanean jarraitzen du. Semeak maitasunaren ederra argi betean jarriz jarraitzen du. Espiritu Santuak bihotzean lekutxoa gero eta handiagoa egiten jarraitzen du.

Gizon-emakumeok jo dezagula gero eta sutsuago edertasunaren bila, zorionaren bila, elkartasunaren bila. Hitz batean esateko, biziaren bila.

Dionisio Amundarain