Mendekoste igandea C 2016-05-15
HOMILIA

Anai-arrebok!

Espiritu Santua Jesusen ikasleen gain etorri izana ospatzen dugu. Nabarmen etorri izana, gero. Eta etorrera horren ondorioz, ikasleak bere lozorrotik esnatu izana.

Zer gertatu zen, ordea. Lukasek lehen irakurgaian argiro esan digu. Ikasleak bildurik zeuden goiko etxebizitzara eraman gaitu. Bat-batean, egundoko zarata entzun da: haizearen ufada handi bat bezala. Etxe guztia airean jarri duena. Ondoren, su-mihi batzuk bezala, banatu dira ikasleetako bakoitzaren buruan kokatzen zirenak. Beraz, haizea eta sua. Ez dira gelditu azalean edo kanpoan. Guztien bihotzera sartu dira, eta ikasle guztiak Espiritu Santuaz bete dira.

Zarata eta sua. Espirituaren sinboloak. Honek guztiak mugimenduan ipini ditu ikasleak. Etxetik irten eta hizketan hasi dira. Baina hizkuntza askotako entzuleak izanik ere, guztiek ulertzen diete nork bere hizkuntzan. Denak zur eta lur gelditu dira. Jainkoak egindako mirari handiez hitz egiten diete ikasleek. Batez ere, Jainkoak Jesusekin egindako mirariez.

Eta miraririk handiena, zein? Ba, Joanek ebanjelioan dakarrena. Maite nauenak gordeko du nire hitza, eta nire Aitak maiteko du, eta beragana etorriko gara, eta gure bizileku bihurtuko dugu. Ezin ulertu dugu hau: nolatan gu Jainkoaren bizileku? Baina Espiritu Santua bidaliko digu Jesusek, eta hark argituko gaitu.

Senideok, Espiritu Santuaren etorrera ez zen amaitu duela bi mila urte. Gaur ere hor datorkigu Espiritu Santua. Ez, beharbada, zaratatsu eta su-mihiak agerian utziz, baina bai benetan.

Gauza berriak ekartzen eta esaten dizkigu Espirituak. Ez genuke harritu behar, ezta izutu ere. Ez digu ekarriko edo esango Jesusek esan edo egin ez zuenik. Ez. Baina Jesusen esanak eta eginak, gaurko mundura egokituko dizkigu.

Herri askotako jendeari hitz egin zioten ikasleek; Jerusalemen bilduak zirenei. Gertaera horrekin ondo asko ulertu zuten. ordea, ikasleek aurrerantzean ezin gelditu zirela israeldarren artean, baizik eta mundu osora jo behar zutela Jainkoaren mirarien berri ematera.

Beste horrenbeste esaten digu gaur guri Espirituak. Ezin gelditu gintezkeela geure txokoan. Baizik eta mundu osora eraman behar dugula mirari horien berri.

Hori egin ahal izateko, hiru gauza. Bat, Espirituari otoitz egiten ikasi behar dugu, Jainkoaren mirari horiek zein diren ezagutzeko. Ba al dakizue behin batean Salomon erregeak zer eskatu zion Jainkoari, honek eskari bat egiteko esan zionean? Zuhurtasuna eta jakinduria eskatu zituen, bere menpeko herria behar bezala gobernatzeko. Eta aberastasunik eskatu ez zuelako, Jainkoak zorionak eman zizkion. Beraz, eska diezaiogun Espirituari argia, geure egitekoa ikusteko. Bigarren, Espirituaren argipean, saia gaitezen Jainkoak gizon-emakumeen alde egin dituen gauza miresgarriak ezagutzen: halakoa eta halakoa gaixoei laguntzen ibiltzea; beste hura herrian auzolana eragiten saiatzea; beste bat giza zientzietan formazio on bat hartzen edo eragiten saiatzea; etab. Hirugarren, ditugun dohainak, dugun gaitasuna, ditugun baliabide eta tresnak erabiltzen saiatu behar dugu. Zeinek ez daki gutun edo karta xume bat idazten? Zergatik ez baliatu baliabide horretaz, etxetik eta herritik urrun bizi den bati hitz goxo bat esateko?

Zatoz, Espiritu Santua. Sartu gure bihotzean zure beharra dugula. Sutu gure bihotza zuk emandako dohainak behar bezala erabiltzen. Zatoz, bai, eta eman argia eta adorea.

Dionisio Amundarain