JESUSEN ZERURAT ALTXATZEA

SALBATORE C

Lehen irakurgaia

(Jesus zerurat altxatzen)

Apostoluen Egintzetarik 1,1-11

1 Teofilo maitea, nere lehen liburuan,
hastetik zerurat altxatua izan zen egunera arte
Jesusek egin eta irakatsi zuen guzia izkiriatu dut.
2 Zerurat igan aitzin, Izpiritu Saindua baitan,
bere manuak eman ziozkaten berak hautatu Apostolueri.
3 Heieri agertu zitzaioten bizirik, Pasione ondoan:
horren froga ainitz eman zioten,
berrogoi egunez bere burua ikustera emanez,
eta Jainkoaren erreinuaz mintzatuz.
4 Heiekin jaten ari zen batean, manatu zioten
ez zitezen Jerusalemetik urrunt,
bainan igurika zezaten Aitak hitzemana.
Erran zioten:
“ Hori da nere ahotik entzun duzuena.
5 Joanesek urez bataiatu zuen,
bainan zuek Izpiritu Sainduan bataiatuak izanen zirezte
egun guti barne.”
6 Harekin bildurik zaudela, Apostoluek galdatu zioten:
“ Jauna, orai altxatuko ote duzu berriz Izraelgo erreinua? ”
7 Jesusek ihardetsi zioten:
“ Ez duzue jakiterik noiz izanen den aldia eta tenorea.
Aitak bakarrik du horren erabakitzeko ahala.
8 Bainan hartuko duzue
zuen gainerat jautsiko den Izpiritu Sainduaren indarra.
Eta nere lekuko izanen zirezte
Jerusalemen, Judea osoan, Zamarian
eta lurraren azken mugetaraino.”
9 Horiek erran eta, heiek so zaudela,
Jesus altxatu zen, eta hedoi batek begietarik itzali zioten.
10 Han baitzauden zeruari so, Jesus bazoalarik,
huna bi gizon soineko xuritan ondoan zituztela, baitzioten:
11 “ Galilearrak, zertan zaudezte hor zerurat beha?
Zuen artetik zerurat altxatua izan den Jesus hori,
zerurat joaiten ikusi duzuen bezala, berriz etorriko da.”

Apostoluen Egintzen hastapena da. San Luken lerroek berek egiten dute lokarri San Luken
Ebanjelioarekin, liburu hau ere eskaintzen baitzaio Theofilo delako bati, eta beraz Apostoluen
Egintzek eta San Luken Ebanjelioak idazle bera dute. Bat bururatzen delarik, hasten da bestea, erran
nahi baita lehenik kondatu daukula Jesusen zerurat altxatzea. Lehen liburuak, hots Ebanjelioak,
kondatu du Jesusen misioa eta predikaldia, bigarrenak aldiz Apostoluen misioa eta predikaldia.
Horra zergatik hau deitzen den Apostoluen Egintzak.
Jerusalemen hasten eta bururatzen da Ebanjelioa, han baita Juduen eta lehen
Testamenduaren (edo Elkargoaren) hiri nagusia. Apostoluen Egintzak aldiz, Jerusalemen hasten dira
-zeren lehen Elkargoaren ondotik heldu baita Elkargo Berria- geroago bururatuko dena Erroman,
orduan munduko bide guziak gurutzatzen ziren hirian. Dudarik ez da san Luken arabera hedamen
hori Izpiritu Sainduaren lana dela; Jesusen beraren Izpiritua da alabaina izan, mendekostez geroz
Apostoluen gidaria, horrengatik deitzen baitira batzuetan Egintza horiek Izpiritu Sainduaren
Ebanjelioa .
Eta nola Jesusek bere bataioaren ondotik bere misioa prestatu baitzuen berrogoi egunez
basamortuan, halaber bere Elizaren prestazen berrogoi egun eman zituen: “Berrogoi egunez agertu
zitzaien eta mintzatu Jainkoaren Erreinuaz”, eta azken apairu batean bere azken nahiak eman
zizkien : Manu bat, Promesa eta Misioa.
Manua aski bitxia da : Igurikatu, ez higitu ezen erran zien “ez zitezen Jerusalemetik atera
bainan igurika zezaten Aitak hitzemana.
Aitaren promesak, Jerusalemen berean betetzeak, ez zituen neholaz ere hameka gizonak batere
harritu, guziak juduak baitziren; profeten prediku guziek, alabainan, Jainkoaren promesa bete zadin
Jerusalemeri emana zioten partehartzerik handiena: oroit, adibidez, Izairen oihua : “Zuti hadi
Jerusaleme! Pitz hadi! Etorri duk hire argia eta Jaunaren loria altxatu hire alde! ”
San Lukek gero zehazten du zer den promesaren edukia : “Joanesek urean bataiatzen zuen
bainan zuek Izpiritu Sainduan bataiatuak izanen zarete, egun guti barne.” Apostoluek galdatu
zioten :”Jauna, orain altxatuko ote duzu berriz Izraelego Erreinua ?” Ez da harritzeko jendeak
galde hori egitea, horrek erakusten baitu ongi konprenitu zuela Jainkoaren Egun Handi hura
etorria zela.
Jainkoak, ordea, gizonen beharra badu bere promesaren betetzeko; Jainkoaren salbamendua
Jesu Kristori esker etorria da, bainan gizonei gelditzen zaie salbamendu horren onartzeko edo ez
egiteko libertatea. Horra zertako gizonek berek behar duten hori jakin; hortik baitator Apostoluen
Misioa eta egitekoa.
Izpiritu Saindua emana zaie beraz: “Hartuko duzue zuen gainerat jautsiko den Izpiritu
Sainduaren indarra eta nere lekuko izanen zarete.” Erran nahi du Izpiritu Sainduaren jaustearen eta
Jainkoaren Erreinuaren betetzearen artean badela tarte bat, hau da lekukotasunaren aroa . Eta epe
hori luzea da zeren Berri Ona helarazi behar baitzaio gizadia osoari :”…Eta ene lekuko izanen
zarete Jerusalemen, Judea osoan, Zamarian eta lurraren azken mugetaraino…” Hori da, hain
zuzen, Apostoluen Egintzak deitu liburuaren plana.
Bazko goizean bi gizonek soineko xuritan erran baitzioten emazteei :” Zertan zaudete hor
zerurat beha ? Zuen artetik zerurat altxatua izan den Jesus hori, zerurat joaiten ikusi duzuen bezala
berriz etorriko da.” Berriz etorriko da, segur gara, horra zergatik errepikatzen dugun Eukaristia
bakoitzean: Igurikatzen dugu hitzeman diguzun Zoriona, hau da, Jesu Kristo Gure Salbatzailearen
etortzea .

Salmoa 46

Leloa: Zeru lurreko Jaun eta Jainko,
Zaude zu, Kristo, betiereko.

Egin herrriek esku zarta, Jaunari denek airos kanta!
Errege gaitza Jauna baita, Hartaz bertzerik jaunik ezta.
Jainkoa doa zeruz zeru, Jaunari denek adar-soinu.
Egin Jaunari soinu-kantu Mundu zabala bere baitu.
Errege baita munduz mundu, Hari guziek soinu-kantu.
Herriak oro bere ditu, Zeruetan du alki saindu.

Salmo hunen ulertzeko behar da berrikusi Salomonen erregetzaren historia. Orduan errege
berria igan zen ospe handitan Gihoneko iturritik, errege jauregiko muno gaineraino.Adarra jo zen
eta herri guziak oihuka zioen : “Bizi bedi beti Salomon erregea!” Ondotik zoakion herri guzia,
xirula jotzen zutela eta bozkarioz jauzi egiten, lurra arrailtzerainokoan oihuz (1 Erg 1,39-40).
Babiloneko erbestearen ondotik ordea, ez baitzen gehiago Izraelen erregerik, Jainkoaren
berarentzat erabili ziren erregetzaren eta sakratzearen hitz eta irudi horiek berak; ez ote da Hura
bera Izraelen egiazko errege bakarra ? Ber denboran, pizten da bihotz guzietan Jainkoak berak
hitzemana duen bezala igorriko duen Mesias Erregearen itxaropena .
Kristoren Erregetza ez da hainbat aipatzen oraino, bizkitartean hemengo aipamen xoil hunek
gogoratzen du aitzinetik azken egunean Jainkoaren haur guziek noizbait elgarretaraturik kantatuko
duten kantu miresgarria :” Herri guziek esku zarta, Jaunari denek airos kanta.”

Bigarren irakurgaia

(Kristo zeruko saindutegian sartu da )

Hebrearreri epixtolatik 9, 24-28 ; 10, 19-23

9,24 Kristo ez zen sartu giza eskuz eginikako saindutegian,
egiazkoaren iduri baizik ez zen saindutegian,
bainan sartu zen zeruan berean,
orai Jainkoaren aitzinean gure alde agertzeko.
25 Ez du behin eta berriz bere burua opari eskaintzerik,
apez nagusia berea ez duen odolarekin saindutegian
urte oroz sartzen den bezala.
26 Bestela Pasionea sofritu behar izanen zuen askotan,
munduaren hastapenetik gaur arte.
Bainan ez, Kristo behin bakarrik agertu da orai,
azkenak diren garai hauetan,
bere buruaren opariaz bekatuaren ezeztatzeko.
27 Eta gizakiak behin bakarrik hil behar duen bezala,
eta gero jujatua izan, erabakia den bezala,
28 berdin Kristo ere :
Behin bakarrik bere burua eskaini du,
guzien bekatuen kentzeko,
eta gero bigarren aldikotz agertuko da , ez bekatuarengatik,
bainan haren beha daudenen salbatzeko.

10,19 Badugu segurtamena zeruko saindutegian sartuko girela,
Jesu Kristoren odolari esker:
20 Jesusek oihalean barna, erran nahi baita, bere gorputzean barna,
bide berri eta bizia ideki baitauku.
21 Eta badugu apez nagusi handia,
Jainkoaren etxearen buru ezarria.
22 Hurbil gaiten, beraz, Jainkoarenganat,
bihotz zintzoz eta fede osoz,
gure kontzientzia zikintzen duten guzietarik bihotza garbiturik,
eta gorputza ur garbiz ikuzirik.
23 Atxik dezagun, kordokatu gabe, aitortzen dugun esperantza,
hitzekoa baita agintza egin duena
Eztabaiden erdian idatzia da Hebrearreri Gutuna, zeren juduenganik kristauek entzuten
baitzuten : “Zuen Jesus ez da Mesias izaiten ahal; Mesias apeza izan behar baita eta Jesus ez da
hala”, horra zergatik lehen mendeko kristauek behar zuten jakin Kristo egiazki apeza zela.
Apeztasuna baitezpadakoa zen Testamentu Zaharrean. Bainan Juduen legearen arabera ez zen
nehondik ere Jesus apez izaiten ahal eta are gutiago Apez Nagusi zeren Davidenganik, erran nahi
baita Judaren leinutik, sortua baitzen Jesus, eta ez Leviren leinutik (apez leinutik) .
Hebrearreri Gutunak ordea dio : Egia da Jesus ez dela Apez Nagusi, ez baitza Aaronen
ondokoa, bainan hala izan daiteke Melkisedeken gisara. Hasieraren 14. kapitulua, Mois eta Aaron
baino biziki lehenago hartaz mintzo da alabainan, Bibliak hura deitzen duelarik Goi-goikoaren
Apeza. Beraz Jesus bere gisara Testamentu Zaharrari jarraikitzen zaio. Hori bera du, hain zuzen,
adierazi nahi Hebrearreri idatzi gutunak, erakutsiz nola Jesusek betetzen duen apeztasunaren legea.
Bibliako betetzen hitz horrek erran nahi du Testamentu Zaharreko modela hobetzen eta osatzen
duela.
Testamentu Zaharreko apeza oroz gainetik ararteko bat zen; eta beraz , 1-ik apeza herriko
seme da; 2-ik Jainkoaren Saindutasunaren kide da ; 3-ik ordainez Jainkoaren emaitzak eta elhe
onak helarazten dizkio herriari.
1. Jesus zinez Herriko Semea da. Familia bateko seme alabak haragi eta odol berdineko
diren bezala, horrelaxe hartu zuen parte Jesusek ere gizonaren haragi eta odoletan eta horrela
gureganik hurbildu zen, gutarteko bat bilakatzeraino, Jainkoaren eta gizonaren arteko leizea
betetzeko gisan.
2. Apezak izan behar du ere lotura Jainkoaren Saindutasunarekin. Jainkoa ordea
Saindutasuna bera da, erran nahi baita guziz bestelakoa. Jainko Sainduaren ganat hurbiltzeko beraz
beste guzietarik bereiz ezarria izan behar da. Horra zergatik baziren, beste jende guzietarik bereiz
izaiteko, apezek egin behar zituzten urratsak.
3. Jesusen kasuan ez da deus horrelakorik, alderantziz baizik, beti herriaren erdian bizi
izan da eta bereziki ttipietarik, baztertuetarik hurbil. Hebrearreri Gutunak dion bezala horrek berak
digu erakusten Jesus bera dela zinez Gizon Zuzena, Jainkoaren Semea, Jainkoaren Saindua. Herioa
garaitua du; Jainkoarekin Elkargoa berriz lotua, ez ote zen hori bera apezen helburua ?
Helbururat heltzeko, Pasionean gaindi iragan behar, nahitez, gure etsai gaiztoenak baitira
heriotzea, bakartasuna eta herra ; eta haiek behar zituen berak jasan, horraraino gintuen behar
lagundu gu haietarik libratzeko. Azkenean Jesusek Elkargoa berregin du, bainan gu fededunak libre
utzi gaitu, Elkargo horretan ez balinbadugu sartu nahi, Jainkoaren xedea ez onartzeko.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jauna igan da oihu alaien artean,
Jarria dago bere alki sainduan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 24, 46-53

Hiletarik piztu eta, Jesusek bere dizipulueri erran zioten:
46 “ Bete beharrak ziren izkiriatuak zirenak:
Mesiasek sofrituko zuela,
hilen artetik hirugarren egunean piztuko zela,
47 eta bihozberritzea haren izenean predikatua izanen zela
bekatuen barkamendurako
nazione guzieri, Jerusalemetik haste.
48 Zuek zirezte horren lekuko.
49 Eta nik, zuen gainerat igorriko dut nere Aitak hitzemana.
Zuek, zaudezte hemen, hirian, goiko indarraz jantziak izan arte.”
50 Gero, Jesusek Betania alderat ereman zituen,
eta, eskuak altxaturik, benedikatu zituen.
51 Benedikatzen zituela, heienganik berexi zen,
eta zerurat eremana izan zen.
52 Heiek, Jesusen aitzinean ahuspez eman ondoan,
Jerusalemerat itzuli ziren bozkario handitan.
53 Eta beti Tenpluan ziren, Jainkoa goresten.

San Lukek Olibetako mendi gainean Betania aldean emaiten du Jesusen zerurat altxatzea,
Salbatore; erran nahi baita, haren Ebanjelioa bururatzen dela, hasia zen leku berean : hots,
Jerusalemen, Herri Hautatuaren Hiri Sainduan. Handik da Jainko bakarraren mezua hedatu
mundu guzira. Tenploaren hiria Jainkoaren presentziaren seinalea zen gizonen erdian ; hura bera ere
da Jesus Kristoren heriozeak eta pizteak ekarri Salbamendua bete duen hiria, Izpiritu Saindua
etorri den hiria eta, azkenik, azken mezua mundu osoaren bururat helaraziko duen hiria.
San Lukek helarazi dizkigu guri ere Jesusen hitz hauek “Bete beharrak ziren izkiriatuak
zirenak : Mesiasek sofrituko zuela, hilen artetik hirugarren egunean piztuko zela”. Eta hitz horien
ondotik, hauxe da aitzineko hiru aldietan Jesusek bere Pasioneaz mintzo zelarik aipatu ez zuena:
Apostoluen eginbidea izanen zela predikatzea haren izenean “bihotz berritzea bekatuen
barkamendurako nazione guzieri, Jerusalemetik haste .”
Nazione guzien bihozberritze delakoa Jerusalemetik haste maiz aipatzen zuten Testamentu
Zaharreko azken profetek, hala nola bereziki Jeremiasek (Jr 3,17 ), 3. Izaik (Is 56,7 eta 66,23)
Zakariasek (Za 2,15 eta 8,23). Gai bera badator ere asko salmo askotan; bainan bereziki Izairen 2.
liburuko Zerbitzariaren Kantuak (42,49,50,52-53,) izan dituzte gogoan Ebanjelio egileek eta horri
esker dute konprenitu Jesusek errepikatzen zuen erranaldi famatu hura : “bai behar zen”. Horra
zergatik Izairen 4 Kantu horiek adiarazten daukuten Mesias Salbatzailearen itxura dolorezkoa eta
ber denboran loriazkoa, bai eta munduko herrialde guzien Salbamenduaren etorrrera .
San Luken azken lerroek zeremonia baten itxura dute. Jesus egiazko Apez Nagusiak
benedikatzen ditu bere lagunak eta igortzen munduari, herria bera balaunikatzen delarik eskerren
bihurtzeko Jainkoari. Horra nola bururatzen den San Luken Ebanjelioa, hasi zen bezala Testamentu
Zaharreko apez batek ukan zuelarik Jainkoaren Salbamenduaren berri ona (Lk 1,5-19).
Jesusen ikasleek gogoan atxikiko duten beren Nagusiaren azken irudia da, Benedizione
Agurra : badakigu beraz zertako Jerusalemerat itzuli ahal izan ziren bozkarioz beterik.