Jesusen eta gaurko martirien garaipena
Igokundea (2016-05-08)

Atzo, 2016ko apirilaren 29a, arratseko 8etan, argiz bete zen Fontana di Trevi, Erroman, gure aldi honetan martiri hil diren eta pertsegituak izan diren milaka kristauen omenaldi eta oroitzapen bezala. Hitzezko parte hartze desberdinak entzuten ari nintzela, neure buruari galdegiten nion zer esango ote lieketen gaurko jai honetako irakurgaiek gure anai-arreba horiei, bizia jokatuz, eukaristia ospatzera joaten diren bakoitzean.
Lehenik eta behin, Igokundeak, Jesusen garaipena ospatzen duen jai honek, hildako hainbat eta hainbat familiartekoren eta adiskideren garaipena gogorarazten ahal die: jada ezin ikusi dituzte, baina garaipena lortu eta presente egoten jarraitzen dute. Bigarren, pertsekuzioak eta heriotzak ezin hesitu dituzte zein bere etxean beldurrak jota; bihotza altxatu eta gogoan hartu beharra dute lehen ikasleei Jesusen nekaldi eta heriotzak ebanjelioa mundu osoari hots egitera eragin ziela. Azkenik, «goitiko indar» hori eskatzera eragin behar die jai honek, Jesusek hitzemandako Espirituaren indarra eskatzera, alegia.

Telebista-kate bakarra bi ikuspegi desberdineko

Gaurko mezako bi testu nagusienek (Apostoluen Eginak eta Lukasen ebanjelioak) interpretazio soil baterako bidea damaigute, Olio mendia Cañaberal Lurmuturraren antzeko zenbait bezala hartzekoa, zeinetatik Jesus zerura kohete bat bezala igo izango baitzen. Gertaera filmatu izango zukeen edozein telebista-katek albiste bera eman izango zukeen, kameren zedarriztapena edo markoa desberdina izango bazuten ere.
Gaurko gure kasu honetan telebista-kate bakarra dugu: Lukasena. Ematen du, beste ebanjelariei ez zaiela albistea axola izan. Lukasek, ordea, bi programa landu ditu Igokundeaz; bata ebanjelioan eta bestea Eginak liburuan, eta gertatu zena bi era desberdinetan dakar, alde edo diferentzia nabarmenekin. Horrek adierazi nahi du, Lukasi ez zaiola axola gertaera historikoa bera, baizik eman nahi duen mezua. Nola ebanjeliokoa hala Eginak liburukoa bi zatitan bana genezake: Jesusen agur-hitzak eta igoera. Ez luzatzeko, alde batera utzi dut Eginak liburuari dagokion sarrera.

Jesusen agur-hitzak

Ebanjelioan, Jesusek diotse ikasleei bere nekaldia, heriotza eta piztuera iragarrita zeudela Liburu Santuan. Gertatuak ez lituzke eskandalizatu behar, beraz, ezta fedea galarazi behar ere. Aitzitik, herri guztiei eskaini zaizkien penitentzia eta barkazioa hots egin behar dituzte. Eginkizun hau bete ahal izateko, Espiritu Santuaren indarra behar dute, zeinaren zain Jerusalemen egon behar baitute.
Eginak liburuan, errepikatu egin da funtsezkoa: Espiritu Santuaren zain egotea, baina bi gai gehitu dira: ikasleen kezka politikoa eta mundu guztian Jesusen lekuko izan beharra (ebanjelioan iradoki bakarrik egin da hau).

Igoera: bi testuetan oso desberdin

• Ebanjelioan, zerura igo baino lehen bedeinkatu egin ditu (Eginak liburua, ez).
• Eginak liburuan, hodei batek ezkutatu egin du Jesus (ebanjelioan hodeia ez da aipatu).
• Ebanjelioan, ikasleak ahuspeztu egin dira (Eginak liburuan, zutik gelditu dira).
• Ebanjelioan, Jerusalemera itzuli dira; Eginak liburuan, bi pertsonaia agertu zaizkie zuriz jantzirik.

Zein da mezua?

Alde edo diferentzia horiek emanik, zein da Lukasek eskualdatu nahi digun mezua?
Argibidea, kultura klasiko greziar-erromatarraren harian bilatu behar da, horretan mugitzen baitira Lukas eta hartzailea den kristau-elkartea. Aipatu kultura horretan badira pertsonaiak, hil ondoren, aintzatuak direnak Jesusen kasuan bezalatsu. Adibide hauek aipatu ohi dira: Herkulesena, Augusto, Drusila, Klaudio, Alexandro Handia etaTianako Apoloniorena. Kontakizun hauek baiesten digute Lukasen kontakizun hertsi hauek ezin hartu ditugula hitzez hitz, pintore askok egin izan duten bezala, baizik eta Jesusen aintzatzea adierazteko modu bat bezala. Markosen ebanjelioaren bukaera luzeak ikuspegi hau azpimarratzen du, esaten baitu, igo ondoren, Jesus «Jainkoaren eskuinean eseri zela».

Laburpena

Igokundea dela-eta ez genuke izan behar ez tristura-sentimendurik, ez bertan utziak izanaren edo bakardadearen sentimendurik. Ebanjelioak dioen bezala, Jesus joan izanak poz handia eragin beharko liguke eta Jainkoa bedeinkatzeko gogoa. Izan ere, ospatzen duguna Jesusen garaipena da, kultura greziar-erromatarrak agertzen duten bezala, horietan inspiratu baita Lukas. Ikasketa-bukaerako ekitaldiaren imajina datorkit burura: ikasleak diploma jasotzen du eta familiartekoek eta adiskideek pozik egiten diote lagun.
Aldi berean, Jesusen agur-hitzek bi gai nagusi dakarzkigute gogora: Espiritu Santua dohain eman izana, datorren igandean, Mendekoste egunean, modu berezian ospatuko duguna, eta misio edo eginkizuna «munduaren azkena arte». Hitz hauek, era berezian, apostoluen eta misiolarien eginkizunari badagozkio ere, guk guztiok izan behar dugu Jesusen lekuko munduko edozein txokotan. Horretarako Espirituaren indarra behar dugu; horixe da eskatu behar duguna.

Eranskina: Igokundearekin zerikusia duten kultura greziar-erromatarreko testuak

Herkulesi dagokionez, Apolodoro-k idatzia da bere Biblioteca Mitologica-n: «Herkules… trakinioena zen Eta mendira joan zen, eta han, egur-meta bat egin ondoren su emateko agindu zuen (…). Egur-meta erretzen ari zen bitartean, esaten du, hodei bat jarri zela azpian, eta trumoia joz zerura eraman zuela. Ordutik hilezkor egin zen. (II, 159-160).
Suetoniok Augustoz kontatzen du: «Izan zen okasio honetan pretore-ohi bat, zin eginez deklaratu zuena, Augustoren itzala, erraustearen ondoren, zerura igotzen ikusi zuela» (Vida de los Doce Césares, Augusto, 100).
Drusila, Kaligularen arreba, honek emaztetzat hartua, 40. urtean hil zen. Orduan, Kaligulak haren oroitzapenez urrezko estatua bat sagaratu zuen Foruan, eta Pantea izenpean hura adoratzeko agindu zuen eta Venusi bezalako ohorea eskaintzeko. Livio Geminio senatariak, Drusila zerura igotzen ikusi zuela esan baitzuen, milioi bat sestertzio jaso zuen saritzat.
Alexandro Handiaz idatzi zuen Pseudo Kalistenesek: «Alexandro gauza hauek eta beste asko esaten ari zela,airean hodei bat zabaldu zen eta izar handi bat agertu zen zerutik itsasora jaisten, arrano bat lagun zuela, eta Babiloniako estatua, Zeus deitzen dutena, mugitu zen. Izarra berriro zerura igo zen eta arranoa lagun zuen. Eta izarra zeruan ezkutatzean, une horretan lokartu zen Alexandro betiko lo batean» (Libro III, 33).

José Luis Sicre