Pazkoaldiko 5. igandea C 2016-04-24
HOMILIA

Anai-arrebok!

Dudarik gabe, gaurko irakurgaien muina gaurko ebanjelioaren bigarren zatian dator: «maita ezazue elkar nik maite izan zaituztedan bezala». Baina gauza erraza al da maitasun hori? 19. mendean bizi izan zen Nietzsche filosofo ateoak esan zuenez, zaila bakarrik ere; gainera ezinezkoa; haren esana da: «Kristau bat bakarrik bizi izan da, eta hura gurutzean hil zen».

Alabaina, Jesusek ez digu eskatu ezer ezinezkorik. «Maita ezazue elkar» esatean, egin dezakegun zerbait proposatzen digu. Jakina, horretarako, bera gurekin izango dugu. «Ez zaituztet bakarrik utziko».

Alde horretatik, on egingo digu gaurko irakurgaiei erreparatzeak.

Lehenengo irakurgaia, (Eginak 14,21b-27), Pauloz eta Bernabez mintzo da. Gaurko hori ulertzeko, gogoan izan beharko genuke bi misiolari horien ibilera: lehengo igandean entzun genuenez, Pisidiatik ihes egin beharrean gertatu ziren; Ikonion ere harrika hiltzea erabaki zuten handikiek; handik ere ihes egin beharrean gertatu ziren; Listran, berriz, harrika eman zioten Paulori, eta hildakotzat utzi zuten, baina bizirik zegoen; Derbera joan, berri ona zabaldu, eta Antiokiarantz abiatu ziren. Bidean kristau-elkarte asko bisitatu zuten; jakin behar da, itzulera honek hilabete bat baino gehiago hartuko ziela. Eta gaurko irakurgaiak dioenez, bisitatzen zituzten elkarteetan jendearen BIHOTZ-GOGOAK BIZKORTZEN saiatzen ziren.

Bihotz-gogoak bizkortu. Esan nahi da, errealitatea zer den adierazten zietela; asko sufritu behar dela Jainkoaren erreinuan sartzeko. Paulok berak eta Bernabek bezala; harrika hil zuten Estebanek sufritu behar izan zuen bezala. Esan nahi da, Jesusek bezala elkar maitatzeak neke handia jasatea dakarrela.

Lehenengo irakurgaiak, esan dugunez, jasan beharreko atsekabeei erreparatzen die. Bigarren irakurgaiak, aldiz, Jainkoaren erreinu hori azpimarratzen du. Jakin behar da, bigarren irakurgai honen hartzaileak ere pertsekuzio handia ari zirela jasaten. Atsekabe horri aurre egin ahal izateko, gogoan izan behar dute / dugu erreinu hori, geroko mundu miresgarri hori. Ziurtasun hori izango da kontsolamendua jasan beharreko atsekabe-aldian.

Eta ebanjelioa. Bi zati ditu. Lehenengo zatiak dio, Ostegun Santuan, Azken Afaritik Judas irten zela. Eta orduantxe esan zuela Jesusek: «Orain da aintzatua gizonaren semea». Zer esan nahi du Jesusek? Ba, horixe: Jesus goratzeko irten dela Judas, Jesus saltzeko asmoarekin. Zorakeria bat dela ematen du: saldua izateak aintzatua izatea al dakar? Ba, bai. Gogoan har dezagun lehenengo irakurgaian esana: Erreinuan sartzeko asko sufritu behar da.

Ebanjelioaren bigarren zatian dator, hitzalditxo honen hasieran esandakoa: «Maita ezazue elkar nik maite izan zaituztedan bezala». Elkar maitatu behar hori ezaguna zuten israeldarrek, aspalditik. Jesusen aginduaren berritasuna, beste honetan dago: «nik bezala»

Hori izango da kristauen ikurra edo seinalea: Jesusek bezala elkar maitatzea. Ezin ordezkatu izango da hori beste ezerekin: ez kultuarekin, ez mezarekin, ez programa ideologikoekin.

Alabaina, maitatu. Ez agindu bat delako. Baizik maitatzea, bere ondorio guztiekin, ONA dela ikusi dugulako. Alde horretatik, mesede handia egingo liguke Apokalipsia liburuko pasarteak esan diguna gogoan hausnartzeak: zeru berria eta lur berria espero ditugu; zeinetan zoramena izango baita elkarrekin bizitzea. Han birikak betean esan ahal izango dugu: HAU POZA, HAU ALAITASUNA, HAU ZORIONA. Amen.

Dionisio Amundarain