Pazkoaldiko 2. igandea C 2016-04-03
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko ebanjelioa aski ezaguna da. Aski, diot. Zeren askotan Tomas santuaren pasadizoa erdizka ezagutzera mugatzen baita guztia. Ikasle-lagunek esan diote Tomasi: «Jauna ikusi diagu». Eta Tomasek: «Haren eskuetan iltze-zuloak ikusten ez baditut, nire hatza iltze-zuloan sartzen ez badut, ez dut sinetsiko». Eta handik zortzi egunera, Jesusek Tomasi: sartu zure hatza iltze-zuloan; sartu eskua nire saihetsean. Eta Tomasen aitorpen miresgarria: «Ene Jaun eta ene Jainko».
Kolonbiar gotzain batek kontatzen du, behin batean gerrillari batzuek gelditu egin zituztela bera eta lagunak. Esku artean zeramatena miatzen ari ziren bitartean, gerrillari gazte batek galdetu omen zion: «Monsinorea, zer da zeruan gizakiak egindako gauza bakarra?» Eta gotzaina zer erantzun ez zekiela gelditu omen zen. Eta gerrillariak: «Zeruan gizakiak egindako gauza bakarra, Jesusi egindako zauriak dira».
Bai. Tomasek ere horixe uste izan zuen hasiera hartan. Gauza bakarra: Jesusi emandako zartakoak, egindako zauriak. Eta kristau asko horrekin gelditu ohi gara.
Alabaina, Loiolako Ignazio santuak bere Gogo Jardunetan dioena hor dago: «jainkotasuna era miresgarrian agertzen da orain piztuera santu-santuan, piztuera horren egiazko ondorio santu-santuen bidez». Esan nahi du, Jesusen piztuera sumagarria dela, antzemateko modukoa dela, pertsonengan sortzen dituen ondorioen bidez. Seinaleak ikusteko gaitasuna behar da: Jainkoak munduan seinale asko utzi ditu; Jesusek munduan seinale asko utzi ditu.
Zer gertatu zitzaion Tomasi? Ez zela gai izan Jainkoak azaldutako seinaleak kontuan hartzeko. Jesus torturatua izan zen, bai, baina tortura horien aurretik, zenbat on ez zuen egin? Zenbat gaixo?, zenbat pobre?, zenbat bekatari?… ez zuen onartu? Zenbat errukizko seinale ez zuen egin?
Jesusen piztuera sinestea, ez da piztu zela sinestea bakarrik. Jesusen piztuera sinesteak, munduan, historia luzean, egin diren egintza onak sumatzea eta ikustea esan nahi du. Azken batean, esan nahi du, Jainkoaren ERRUKIA sumatzea munduan: jende ona, egintza onak, errukizko jokabidea. Eta ez bakarrik kristauengan. Ez bakarrik jende ona esaten dugunagan.
Jesusek lurrean egin zituen egintza onak ere zeruan daude. Jesusen piztueraren ondorioz, gizon-emakumeok egiten ditugun egintza onak ere zeruan daude. Kolonbiako gerrillari gaztearena, egia erdia zen. Zeruan da, Jesus torturatua bai, baita Jesus berpiztua ere.
Errukia da Jesusen mezuaren muina. Jainkoaren aurpegia da Jesus errukitsu hori. Jesus Jainkoaren ispilua da. Gizakia, berriz, Jesus berpiztuaren ispilua da. Saia gaitezen, Ipar Euskal Herriko Beloke beneditar monasterioko IRATZEDER olerkariaren hitz hauek geure egiten:
«Zure minak nire min,
nire minak zure min,
banabil ni zurekin». (Iratzeder)
Dionisio Amundarain