EZ IZAN SINESGOGOR, BAIZIK SINESTEDUN
Pazkoaldiko 2. igandea C 2016-06-03

Tomasen irudia, sinesteari gogor egin dion ikasle bezala, oso herrikoia izan da kristauen artean. Halaz guztiz, ebanjelioko kontakizunak hori baino askoz gehiago dakar ikasle eszeptiko honetaz. Aski dei estu diren hitzez mintzatu zaio Jesus berpiztua, baina aldi berean gonbit maitekor direnez: «Ez zaitez izan sinesgabe, sinestedun baizik». Tomasek, sinesteari gogor eginez astebete daraman horrek, ebanjelioetan irakur dezakegun fede-aitorpenik handienaz erantzun dio: «Ene Jaun eta ene Jainko».

Zer esperimentatu du ikasle honek Jesus berpiztuagan? Zerk aldarazi du ordu arte dudak eta zalantzak hartua izan den gizon hau? Zein barne-ibilbidek eraman du eszeptizismotik konfiantzara? Harrigarriena da, kontakizunaren arabera, Tomasek uko egin diola piztueraren benetakotasuna egiaztatzeari Jesusen zauriak ukituz. Federa ireki duena Jesus bera izan da, gonbita egitean.

Azken urte hauetan, asko aldatu gara geure barnean. Eszeptikoago bihurtu gara, baina hauskorrago ere bai. Kritikoago bilakatu gara, baina ez-seguruago ere bai. Norberak erabaki behar du nola nahi duen bizi eta nola nahi duen hil. Norberak erantzun behar dio Jesusengandik, goiz ala berandu, ezusteko moduan, barne-prozesu baten ondorio gisa, iritsi ahal zaion gonbit horri: «Ez zaitez izan sinesgabe, sinestedun baizik».

Beharbada, geure egia-gogoa gehiago iratzarri beharrean gara. Gehiago garatu beharrean geure barne-sentiberatasuna, ikusgarri eta ukigarri dena baino harago sumatzeko, gure biziaren sostengu den Misterioaren presentzia sumatzeko guztiok dugun sentiberatasuna. Ezin gara bizi jada dena jakingo bagenu bezala. Hori ez da egia. Guztiak, fededun eta fedegabe, ateo eta agnostiko, ilunak bildurik gabiltza bizitzan. Tartsoko Paulok dioen bezala, «haztamuka» gabiltza Jainkoaren bila.

Zergatik ez aurpegi eman biziaren eta herioaren misterioari Maitasunean konfiantza jarriz, ororen azken Errealitate denez? Hori da azken batean Jesusen gonbita. Fededun batek baino gehiagok sumatu du gaur egun ezen beraren fedea gero eta irrealago eta funsgabekoago bilakatuz joan dela. Ez dakit. Agian, geure fedearen sostengutzat sasi-segurtasunik ez dugun honetan, bihotz apalagoz eta egiazaleagoz gabiltza Jainkoaren bila.

Ez dezagun ahaztu ezen, nola sinetsiko eta sinetsi nahian benetan dabilena, jada sinestedun dela Jainkoarentzat. Askotan, ezin egin ahal da besterik. Eta Jainkoak, gure ezina eta ahuldadea ezagutzen duen hark, bere bideak ditu bakoitzarekin topo egin eta bere salbazioa eskaintzeko.

Jose Antonio Pagola.