PAZKO IGANDEA C 2016-03-27

SARRERA

Senideok, Pazko-igandea ospatzen dugu gaur. Jesus piztu den eguna. On eginez bizi izan Jesus. On eginez, mutur-muturreraino agertu zuen maitasuna. Berarekin konforme ez zeudenek hil egin zuten. Baina Jesusek agertu zuen egundoko ontasun hura ezin gelditu zen hutsean, ezin gelditu zen ezerezean. Eta zeruko Aitak piztu egin zuen. Jesusen piztuera gure piztueraren bermea da, gure piztueraren garantia.
Izan dezagula guztiok Pazko-jai zoriontsua. Har dezagula parte, zoriontsu, Jesusek ekarri digun Bizian. Jainkoa hitzekoa da. Promesak betetzen ditu. Horregatik, dena iluntasun, oinaze eta heriotza zenean, BIZIA eta EGIA etorri dira gure artera. Piztu da Jesus, berak aurrez esan bezala. Herioak eta hilobiak ezin hesitu izan dute Biziaren sortzailea den Jesus.
Maria Magdalenarekin, lehen garai haietako testiguekin eta aldi guztietako lekukoekin, fedez oihu egitera igaro gara gu geu ere: egia da, piztu da Jauna!
Ziurtasun hori eta poz hori dira Elizaren eta gure biziaren oinarria.
Kristau guztiekin batean, gure Jainkoaren Bizian parte hartuz, ospa dezagun fedez eta esperantzaz Eukaristia hau.

LEHEN IRAKURGAIA: Apostoluen Eginak izeneko liburutik (10,34a.37-43)

Eginak liburuko 10. kapituluko zati bat entzungo dugu. Paganoen artean Jesusen Berri Ona zabaltzen nola hasi zen kontatzen digu pasarte honek. Azpimarratzen du Jainkoak ez duela bereizketarik egiten.
Fedearen oinarria izango dena aldarrikatuz jarraitzen du: Jesus, gu bezalako gizona izan zela; bere bizia eman zuela gu askatzeko; hildakoen artetik piztu zela, eta Bizia eman digula. On eginez bizi izan zela Jesus, Jainkoa berekin zuelako.
Senideok, bai gauza ederra izango litzatekeela, Pedroren mezu hau erromatar familia hark bezala, Kornelioren familia pagano hark bezala, entzungo bagenu. Lerro batzuk lehenago, Kornelioz esana du: Israelen Jainkoa gurtzen zuen, jainkozalea zen, limosna handiak egiten zituen, otoitz egiten zuen. Jarrera horrek egin zion Jesusen piztuera sinesteko bidea. Izan ere, fedea Jainkoaren dohaina da, baina norberaren barne jarrera onargarria eskatzen du.

EBANJELIOA SAN JOANEN LIBURUTIK (20,1-9)

Ebanjelioa ez da bukatzen etsipenean, ezta heriotzan edo hilobiko harripean ere. Bizitzeko ahalbidea ezin ito izan du heriotzak. Ebanjelioaren bukaera –hobeto esan, hasiera− Jesusen Piztuera da, heriotzaren gaineko garaipena da, hilobia hutsik gelditu izana. Ezin eutsi izan dio Jesusi ezerk ere, ezta heriotzak ere, hildakoen artean. Lehen fededun haien fedea eta konfiantza da gure fedearen bermea edo garantia. «Bizi da, bizi da, bizi da» hots egin zuten.
Dena den, fedea prozesu bat da, ibilbide bat da: lehenik, «begira jarri» eta «behatu» Jesusen heriotzari dagokion guztia; gero, «ikusi / sumatu» bizitasuna, sinetsi ahal izateko. Pasarte hau dakarren Joanen 20. kapitulu osoak azken zoriontasun honetara garamatza: «Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak».

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: bere lanaren eta bizieraren bidez, hots egin dezala beti maitasunaren, egiaren eta biziaren garaipena. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Gaurko gure munduaren alde: utz ditzagula alde batera zatiketak, gorrotoak, gerrak, eta izan dezagula gogoan guztiok bizirako eta elkarrekin bizitzeko sortuak izan garela. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Sei lurraldeek osatutako Euskal Herriaren alde: izan dezagula guztiok argitasuna eta borondatea, bigarren mailako arazoak gainditurik, guztion ona izango dena bilatzeko. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gure kristau-elkarte honen alde: Kristo berpiztuaren argiak eraman gaitzala muga guztiak gainditzera; eraman gaitzala, era berean, kementsu lan egitera, behartsuenen alde bizi eta argi izatera.