Erramu igandea C

Pasioneko Mezan

Lehen irakurgaia

( Jainkoaren zerbitzariak bere oinazeak onartzen ditu )

Izai profetaren liburutik 50,4-7

4 Jainko Jaunak ikasle onaren mintzoa eman daut,
jakin dezadan nik ere akituari hitz pizgarria emaiten.
Hitzak iratzartzen nau goiz guziez,
goiz guziez iratzartzen, ikasle onak bezala entzun dezadan.
5 Jainko Jaunak beharria ideki daut:
eta nik ez diot kontra egin,ez dut gibelerat jo.
6 Bizkarra eskaini diotet jotzen ninduteneri,
eta matelak , bizarretik tiraka ari zitzaizkidaneri.
Begitartea ez dut zaindu laido eta tuetarik.
7 Jauna dut laguntzaile; horrengatik ez naiz laztu;
horrengatik begitartea harria bezala gogor egin dut,
eta badakit ez naizela ahalgetuko.

Izai profetak erraiten dauku hemen zer den Jainkoaren zerbitzariaren ezaugarri berezia :
fidantzia. Jainkoaren Hitzaren « entzutea » hartan fidatzea da. Jainkoaren Hitza fidagarria baita.
Jainkoa du erakasle : « Ene Jainko Jaunak eman daut ikasten ari den gizonaren mintzoa… Jainko
Jaunak ideki daut beharria. »
Adamek kontrakoa egin zuen. Jainkoa bere kreaturaz bekaizti dela erraiten zion ahots hura
entzun eta sinetsi zuen. Eta mesfidantza hori da, hain xuxen, gure makur guzien erroa. Jainkoaren
hatsean bizitzeko eginak gira (Bibliak dio Jainkoak gizona buztinaz egin zuela eta bizi-hatsa ufatu
ziola sudur-xiloetarat). Jainkoaz mesfidatzea, hartarik urruntzea da.
Jainkoak Egiptotik atera zuelarik Izrael herria, hunek basamortuan gosea eta egarria ikusi
zituen, eta marmarikan ari izan zen Moisen kontra, eta hunen bidez Jainkoaren beraren kontra. Guri
ere gauza bera gertatzen ahal zauku : sinestea gure zorigaitzean guhauren ber uzten gaituela, edo
gainean dugun nahigabea Jainkoaren ganik dugula, edo bederen Jainkoak ez gaituela gaitzetik
begiratu. Bibliak erraiten dauku noiz-nahi : « Entzun zazu, Izraël. » Eta « Entzun » hitzak beti erran
nahi du « Jainkoa baitan fidatu » ; Jondoni Paulok erraiten du zergatik : Jainkoak, hura maite
dutenen alde itzultzen baitu gertatzen den guzia.
Fidatzen zaionari Jainkoak eginbehar bat, misione bat emaiten dio. Hemen profetaren
misionea hau da : « Jakin dezadan akitua ene hitzaz azkartzen. » Dei oro, misione oro besteeri
buruz itzulia da, hemen errana den bezala. Eta hortarako indarra emaiten du Jainkoak, behar
denaren erraiteko eta egiteko : « Ene Jainko Jaunak eman daut ikasten ari denaren mintzamoldea.
» Eta ez bakarrik hori, bainan oraino hau ere : « Jainko Jaunak ideki daut beharria. » Erran
nahi baita « entzutea » bera ere ( konfiantza egitea) Jainkoaganik dugula. Dena emana da :
misionea, indarra eta fidantzia.
Jainkoa baitan fidantziaz betea denak traba orori gogor egin diezoke : « Ez nitzaio bihurtu,
ez dut gibelerat egin. » Misioneak berekin dakar pertsekuzionea : egiazko profeta guti hiltzen da
ohean. Profeta beti norbaitentzat puxula da, bidean trebes. Edo bihozberritzera eremaiten du (haren
deia entzuten duena) edo haren hiltzera bultzatzen (bere bide galgarritik atera nahi ez duena).

Salmoa 21

Leloa : Nere Jainkoa, nun zaude nun ?

Nitaz urrikal, otoi, entzun !
Ikus orduko, guziek neri trufa, irri,
Ezpain muturrez eta buruaz keinuz ari:
“ Jaunari zagon, libra dezala, bego hari;
Ken dezala, ken, maite duenez hor ageri.”
Zakur salbaiak ni nolaz irets badabilzka,
Gaizki egile osteak dauzkat inguruka.
Esku zangotan egin dautate zilo neri,
Hezurrak ditut guziak oro nik ageri.
Jauntzi zatiak hartu dauzkitet beren sari,
Egina dute soingainekoaz: “Ea , nori? “
Nitarik, otoi, ez egon, Jauna, beti urrun!
Nere laguntza, zatozkit laster nere lagun!
Zure izena aipatuko dut anaieri,
Bil egunean emanez dener zure berri.
Jainkozaleek, eskerrak eman Jainkoari,
Izraeldarrek, beldurrez, maitez has kantari!

Iduri luke salmo hau Jesu Kristorentzat idatzia dela : « Esku-zangotan egin dautate zilo
neri… » Kurutzean itzatu baten itxura da hori. Jesus hola hil zuten, bainan salmo hau ez da Jesusi
buruz idatzia izan ; eta gainera, olerki hunek erdigunetzat ez du pasionearen kondaira.
Izraeldarrak berrogoita hamar bat urtez preso egonak baitziren Babilonen, herritik urrun,
anitz sofrituz, salmo hau handik itzuli ondoan idatzia izan zen. Herrirat itzultze hura hiletarik piztea
bezala kondatua da. Izrael desterruan hiltzer da. Eta orai bozkarioz kantatzen du, sofrikarioz oihu
egin zuen baino ozenkiago. Kurutzitzatzearen irudia ez da beraz salmoaren begia, hor ezarri da
agerianago ezartzeko Jainkoari bihurtzen zaizkion eskerrak.
Bere zorigaitzean kurutzitzatu horrek ez du Jainkoa baitan dudatzen, nahiz-eta oihu egiten
duen : « Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu ? » Alderantziz, sofrikarioz oihu egitera
ausartatzen den baten otoitza da. Horra zer behar luken izan gure otoitzak lazturan girelarik.
« Ene Jainkoa » hitzek berek emaiten dute Izraelek Jainkoa baitan fidantzia osoa atxiki
duela beti. Zeren hitz horiek Elkargoa, Jainkoaren eta Izraelen arteko hitzarmena, oroitarazten
baitute : « Ene herria izanen zirezte, eta ni zuen Jainkoa. » Biblian aurkitzen delarik « ene» herria,
« ene » Jainkoa, lerro artean irakur daiteke Elkargoaren oroigarria dela.
Hemen “Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu”oihuak hau erran nahi du : zergatik
utzi nauzu gure etsaien menean. Bainan ere esker oihua da, Jainkoak etsaien aztaparretarik atera
duelakotz bere herria.

Bigarren irakurgaia

( Jesus Jauna apaldua eta goratua )

Jondoni Paulok Filipeko girixtinoeri 2,6-11

Jesu Kristo, Jainkogoa ukanki eta,
ez da gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari.
Aitzitik, bere nahitara hustu da,
esklabogoa hartu, eta gizakien iduriko bilakatu.
Gizaki bezala agertuz,
8 apaldu da, hiltzeraino obedituz, gurutzean hiltzeraino.
9 Hortakotz, denen gainetik goratu du Jainkoak
eta izen guzietan gorena eman dio,
10 Jesusen izenaren ohoretan,
zeruan, lurrean eta lurpean, guziak belaunika daitezen,
11 eta mihi orok aitor dezan
Jaun dela Jesu Kristo Jainko Aitaren aintzarako.

Pasarte hau biziki famatua da. Himno baten itxura du. Ez daiteke segurta Jondoni Paulok
idatzia dela, ez osoki bederen.
Ez ginuke nehola ere uste ukan behar lerro hauek Jesusi eman zaion « ordain » batez ari
dela, Jesusek « merexitu » zerbaitez. Jainkoa ez dago gure « mereximenduen » beha. Beharrik.
Haren aldetik dena urririk da, dohainak, kitorik. Jondoni Paulorentzat Jainkoaren emaitza urririk
dela ageri-agerian da. Emaitza hortaz guhau gabetzen gira zor zaukuna bezala hartu nahi badugu.
Parabisuan Ebak bezala egin ginezake : harek fruitua hartu zuen, haur batek auzoko sagarrak bezala.
Bestela erran, Jainkoaren xedea da sar gaiten haren zorionean. Xede hori errotik eta osoki urririk,
kitorik da. Eta ez da harritzeko, amodiozko xedea denaz geroz. Jainkoaren emaitza onartzea aski
dugu, bi eskuak zabalik.
“Izaitez Jainko baitzen”. Horra giristinoaren oinarrizko aitorpen bat. Paulok gutun hau
idatzi zuen 57/58 an. Beraz Ebanjelioak baino lehenago. Ordukotz Jesusen Jainkotasuna fedezkoa
zen.
“Jainkoak…izena eman dio, izen guzietan gorena.” Izen hori Jainkoarena bera da. Jesusez
erraitea “Jauna” dela, Jainko dela erraitea da. Testamendu Zaharrean “Jaun” titulua Jainkoari
emaiten zitzaion eta hari bakarrik.
“Jesusen izenean belaunika ditezen belaun guziak”. Paulok hemen Izai profeta gogoratzen
du :”Ene aitzinean denak belaunikatuko dira eta denek zin eginen dute.” (Is 45,23) Jesusek bere
giza bizia umiltasunean eta fidantzian bizi izan du, beltzena gertatu zaiolarik ere, erran nahi baita
gizonen herra, eta heriotzea. Paulok dio Jesusek “obeditu” duela. Horrek erran nahi du itzalik
gabeko elkarrizketan zela Aitarekin, hartan fidantzia osoa zuela.
Hitz hauekin bururatzen da himnoa : “Mihi guziek goraki dioten : Jauna da Jesu Kristo,
Jainko Aitaren osperako.” Ospea, neurrigabeko amodioaren agerpena da. Ikusiz Jesusek amodioa
bere gorenerat ereman duela, guk ere erran dezakegu ehuntariarekin : ”Bai, zinez, hau Jainkoaren
Semea zen”, Jainkoa amodio denaz geroz.

Ebanjelioa

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza !
Kristo gurutzeraino zaiku apaldu:
Horra zertako den emana denak baino gorago.

Jesu Kristo gure Jaunaren Pasionea san Luken liburutik 22, 14 – 23,56

14 K Bazko afariaren ordua etorri zenean,
Jesus mahainean jarri zen apostoluekin.
15 Erran zioten:
+ “ Nahikari bizia nuen Bazko-afari hau zuekin jateko,
sofritu aitzin.
16 Zeren nik diozuet: ez dut gehiago Bazkorik ospatuko,
Jainkoaren Erresuman bere beterat helduko den arte.”
17 Orduan kalitza bat harturik, eskerrak bihurtu zituen eta erran:
+ “ Har zazue eta elkarren artean parteka.
18 Zeren nik diozuet: hemendik aitzina
ez dut gehiago arnorik edanen,
Jainkoaren Erreinua etorri arte.”
19 K Gero, ogia harturik, eskerrak bihurtu ondoan,
zatitu eta eman zioten, erranez:
+ “ Hau nere gorputza da, zuentzat emana.
Egizue hau nere orroigarri.”
20 K Berdin egin zuen kalitzarekin afal ondoan, erranez:
+ “ Kalitza hau Batasun berria da
zuentzat ixurtzen den nere odolean.
21 Bainan horra : nerekin mahainean dago
saltzen nauenaren eskua.
22 Gizonaren Semea badoa, erabakia den bezala,
bainan dohakabea hura saltzen duena!”
23 K Orduan, apostoluak elkarren artean galdezka hasi ziren,
nor izan ote zitekeen hori eginen zuena.
24 Heien artean eztabada izan zen, heietarik zein zitekeen handiena.
25 Jesusek erran zioten:
+ “ Herrietako erregeek menpean hartzen dituzte beren herriak,
eta boteredunek ongi-egile deituak izaitea maite dute.
26 Zuentzat ez da hola:
zuen artean handiena, gazteena bezala izan bedi,
eta buruzagia zerbitzaria bezala.
27 Alabainan, zein da handiena? Ez ote mahainean dena?
Eta ni, zuen artean, zerbitzaria bezala naiz.
28 Zuek enekin egon zirezte nere frogaldietan.
29 Eta nik Erreinua emaiten dautzuet,
Aitak neri eman dautan bezala.
30 Nere mahainean janen eta edanen duzue nere Erreinuan,
eta tronuetan jarriko zirezte, Izraelgo hamabi leinuen juje.
31 Simun, Simun, Satanek beretzat nahi zaituzte,
bahean pasatzeko, ogia bezala.
32 Bainan, nik otoitz egin dut zure alde,
zure fedea itzal ez dadin.
Eta zuk, niganat itzuliko zirenean, sendo itzazu anaiak.”
33 K Petrik erran zion :
S “ Jauna, zurekin, prest naiz preso joaiteko eta hiltzeko ere.”
34 K Jesusek ihardetsi:
+ “ Nik diozut, Petri, gaur oilarrak kantu egin aitzin,
hiru aldiz ukatuko duzu ezagutzen nauzula.
35 K Gero erran zioten:
+ “ Moltsarik, zakurik eta oinetakorik gabe igorri zintuztedanean, zerbaiten
faltarik izan ote zinuten?”
36 K Heiek ihardetsi:
S “ Deuseren.”
K Jesusek berriz:
+ “ Orai, aldiz, moltsa duenak har dezala,
eta berdin zakua duenak
eta ezpatarik ez duenak, soingainekoa sal dezala,
ezpata erosteko.
37 Zeren, nik diozuet, nere baitan bete beharra da
Liburu Sainduak diona: Gaizkiletzat hartu dute.
Eta hala da, nitaz izkiriatua beteko da .”
38 K Heiek erran zioten:
S “ Jauna, huna hemen bi ezpata.”
K Jesusek ihardetsi:
+ “ Aski da .”
39 K Atera zen Jesus, eta ohi zuen bezala, Oliamendirat joan,
eta dizipuluak jarraiki zitzaizkion.
40 Harat heltzean, Jesusek erran zioten:
+ “ Otoitz egizue, tentaldian ez erortzeko.”
41 K Gero, heienganik harri ukaldi baten heintsuan baztertu zen.
Belauniko, hunela otoitz egiten zuen:
42 + “ Aita, nahi baduzu, urrunt zazu niganik kalitza hau:
halere, ez bedi egin nere nahia, bainan zurea.”
43 K Orduan, aingeru bat agertu zitzaion zerutik, indar emaiten ziona.
44 Hersturak harturik, are gehiago otoitz egiten zuen;
eta izerdia zarion xortaka lurrerat, odola bezain lodi.
45 Otoitzetik xutiturik, dizipuluenganat joan zen;
atsegabez lokarturik aurkitu zituen,
46 eta erran zioten:
+ “Nola zaudezte lo?
Jeiki eta otoitz egizue, tentaldian ez erortzeko.”
47 K Jesus mintzo zelarik oraino, jendetza bat agertu zen.
Hamabietarik bat, Judas deitua, heien buru zen.
Jesusenganat hurbildu zen, musu emaitera.
48 Jesusek erran zion:
+ “ Judas, musu batez duzu saltzen Gizonaren Semea !”
49 K Zer zoan gertatzera ikusirik, Jesusen inguruan zirenek erran zioten:
S “ Jauna, ezpataz eman behar diogu? ”
50 K Heietarik batek apez nagusiaren mutila jo zuen,
eta eskuineko beharria moztu zion.
51 Bainan Jesusek erran zuen:
+ “ Bego! Aski da.”
K Eta beharria hunkiturik, sendatu zuen.
52 Orduan, haren kontra etorriak ziren apezburu,
tenpluko goardien buruzagi, eta zaharreri erran zioten:
+ “Gaixtagin baten bila bezala etorri zirezte,
ezpata eta makilekin.
53 Egunero, zuekin nintzen Tenpluan,
eta ez duzue eskurik altxatu nere kontra.
Bainan orai da zuen ordua, ilunbearen nagusialdia.”
54 K Jesus hartu eta apez nagusiaren etxerat ereman zuten.
Petri urrundik jarraiki zitzaion.
55 Ezkaratzean sua piztu eta haren inguruan jarri ziren,
eta heien artean jarri zen Petri ere.
56 Neskato batek, Petri suaren ondoan jarririk ikustearekin,
behatu zion eta erran:
S “ Hau ere harekin zen.”
57 K Bainan harek ukatu zuen:
S “ Emaztea, nik ez dut ezagutzen.”
58 K Handik berehala, beste batek ikusi zuen eta erran:
S “ Zu ere horietarik zira.”
K Eta Petrik:
S “ Ez, ez naiz hala.”
59 K Orentsu baten buruan, beste batek aitzina:
S “ Bai, hau ere harekin zen, galilearra da eta .”
60 K Petrik ihardetsi zuen:
S “ Gizona, ez dakit zertaz ari ziren.”
K Ordu berean, mintzo zelarik oraino, oilarrak kantu egin zuen.
61 Itzuli eta Jaunak Petriri behatu zion,
eta Petri Jaunak erranaz orroitu zen:
“ Gaur oilarrak kantu egin aitzin, hiru aldiz ukatuko nauzu.”
62 Kanporat aterarik, nigar egin zuen saminki.
63 Jesus preso zaukatenek trufaka eta joka zerabilaten.
64 Begiak estalirik, galdatzen zioten:
S “ Asma zak, profeta: nork jo hau?”
65 K Eta beste laido ainitz erraiten zioten.
66 Argitu zuenean, herriko zaharren kontseilua, apezburu
eta lege-irakasleak bildu ziren,
eta Jesus Biltzar Nagusirat ereman zuten.
67 Erran zioten :
S “ Mesias bazira, erraguzu.”
K Ihardetsi zioten:
+
68 “Erraiten badautzuet, ez duzue sinetsiko,
eta galderik egiten badautzuet, ez dautazue ihardetsiko.
69 Bainan oraidanik Gizonaren Semea
Jainko ahalguzidunaren eskuinean jarriko da.”
70 K Orduan, denek erran zioten :
S “ Beraz, Jainkoaren Semea zira?”
K Ihardetsi zioten:
+ “ Zuek diozue, ni naiz.”
71 K Heiek, orduan:
S “ Ba ote dugu lekuko beharrik oraino?
Guhaurek entzun dugu beraren ahotik.”
23,1 K Xutitu ziren denak, eta Jesus Pilatorenganat ereman zuten.
2 Eta salatzen hasi zitzaizkion:
S “ Gizon hau gure nazionearen nahaspilatzen hatxeman dugu :
enperadoreari zergen ordaintzea debekatzen du,
eta bera Mesias, errege, dela erraiten”
3 K Pilatok galdegin zion:
S “ Zu zira Juduen erregea ?”
K Jesusek ihardetsi:
+ “ Zuk diozu.”
4 K Pilatok apezburu eta jendaldeari erran zioten:
S “ Nik ez diot gizon huni hobenik aurkitzen kondenatzeko.”
5 K Bainan heiek behin eta berriz:
S “ Herriaren asaldatzen ari da bere irakaspenekin
Judea osoan barna, Galileatik hasi eta hunaraino.”
6 K Hori entzutearekin,
gizon hura Galilearra ote zen galdegin zuen Pilatok.
7 Eta, Herodesen menekoa zela jakinik, hari igorri zion,
hura ere Jerusalemen baitzen egun heietan.
8 Jesus ikusteaz biziki bozkariatu zen Herodes,
aspaldi ikusi nahi baitzuen, hartaz entzuna zuenagatik,
eta mirakuilu zerbaiten egiten ikusiko zuela uste baitzuen.
9 Galde ainitz egin zion,
bainan Jesusek ez zion hitzik ere ihardetsi.
10 Apezburu eta lege-irakasleak han ziren, gogor salatzen zutela.
11 Herodesek, bere soldaduekin,
mespretxu eta trufaka erabili zuen Jesus.
Jantzi eder bat soinean emanik, Pilatorenganat igorri zuen.
12 Egun hartan, Herodes eta Pilato adiskidetu ziren,
aitzinean etsai baitziren.
13 Pilatok, apezburu, buruzagi eta herria berriz bildurik,
14 erran zioten:
S “ Gizon hau ekarri dautazue herriaren nahasle bezala.
Bainan, galdeak egin diozkat zuen aitzinean,
eta salatzen ditutzuen hobenetarik
bat ere ez diot aurkitu gizon huni.
15 Herodesek ere ez, gibelerat igorri daukunaz geroz.
Hunek ez du, beraz, heriotzea merezi duenik deus egin.
16 Zigorraldi bat eman eta libratuko dut.”
18 K Bainan denak batean oihuka hasi ziren:
S “ Ken hori, eta libra zaguzu Barrabas.”
19 K Barrabas hura, hirian gertatu nahasmendu
eta gizon hiltze baten gatik preso sartua zuten.
20 Jesus libratu nahiz, Pilato berriz mintzatu zitzaioten.
21 Bainan heiek oihuka
S “ Gurutzerat! Gurutzerat hori!”
22 K Pilatok hirugarren aldikotz erran zioten:
S “ Zer gaizki egin du, bada, gizon hunek?
Ez diot deus aurkitu hiltzea merezi duenik.
Zigorraldi bat eman eta libratuko dut.”
23 K Bainan heiek are gehiago oihuka ari ziren,
gurutzera zezan eskatuz;
eta gero eta azkarrago ziren oihuak.
24 Orduan, Pilatok erabaki zuen eskatzen zutena emaitea.
25 Nahasmendua eta gizon-hiltzeagatik preso zena libratu zuen,
heiek eskatu bezala,
eta Jesus beren esku utzi zioten.
26 Jesus bazeramatela, landetarik etxerat zoan bat, Simun Zirenekoa
hartu zuten, eta gurutzea bizkarrerat eman,
Jesusen ondotik ereman zezan.
27 Herriko jendalde handia jarraiki zitzaion,
bai eta emazte ainitz ere, bularra joz eta nigarrez harengatik.
28 Itzulirik, Jesusek erran zioten:
+ “ Jerusalemeko emazteak, ez nigar egin neregatik!
Egizue nigar zihaurengatik eta zuen haurrengatik.
29 Zeren, hara heldu egunak erranen baita:
‘ Dohatsu agorrak, haurrik sortu ez duten sabelak,
eta hazi ez duten bularrak!’
30 Orduan, hasiko dira mendieri erraiten:
‘Eror zaitezte gure gainerat’,
eta mendixkeri: ‘ Gorde gaitzazue !’
31 Alabainan, egur hezeari hori egiten bazaio,
zer ez ote eiharrari?”
32 K Jesusekin batean bi gaizkile ere ereman zituzten hiltzera.
33 Buruhezur edo Galbario deitu lekurat heldu zirenean,
Jesus gurutzitzatu zuten,
bi gaizkileekin, bat eskuinean eta bestea ezkerrean.
34 Jesusek hunela zion:
+ “ Aita, barka zozute, ez baitakite zer ari diren.”
K Jesusen soinekoak partekatzeko, xotxak atera zituzten.
35 Herria han zagon, beha.
Buruzagiek, berriz, trufatzen zuten, erranez:
S “ Besteak salbatu ditu: salba dezala bere burua,
Jainkoaren Mesias, Hautetsia, baldin bada.”
36 K Soldaduek ere trufa egiten zioten;
hurbildurik, ozpina eskaintzen zioten, erranez:
37 S “ Juduen erregea baldin bahaiz, salba zak heure burua.”
38 K Izkribu bat ere bazen haren gainekaldean:
“ Hau Juduen erregea da.”
39 Gurutzetik dilindan zauden gaizkileetarik bat
Jesusi laidoka ari zitzaion erranez:
S “ Ez ote haiz Mesias?
Salba zak heure burua, eta gu hirekin!”
40 K Bainan besteak erasiatu zuen:
S “ Ez duk beraz Jainkoaren beldurrik, gaztigu bera jasaiten eta ?
41 Gurea zuzena duk, egin dugunak merezitua ukaiten diagu.
Bainan hunek ez dik deus gaizkirik egin.”
42 K Eta erraiten zuen:
S “ Jesus, orroit zaite nitaz, errege etorriko zirenean.”
43 K Jesusek ihardetsi zion:
+ “ Egiaz diozut: gaur, nerekin, Parabisuan izanen zira.”
44 K Jadanik eguerdi aldea zen:
ilunbea egin zen herri osoan hiruak arte, iguzkia gorde baitzen.
45 Tenpluko oihala erditik urratu zen.
46 Orduan Jesusek oihu handi batean erran zuen:
+ “ Aita, zure eskuetan ezartzen dut ene izpiritua.”
K Eta hori erran eta azken hatsa eman zuen.
47 Erromatar ehuntariak, zer gertatu zen ikusirik,
Jainkoa goretsi zuen, erranez :
S “ Zinez, gizon hau zuzena zen.”
48 K Ikuskizun hortarat bildu jende guzia, gertatua ikusirik,
bularra joz itzuli zen hirirat.
49 Jesusen ezagun guziak, bai eta Galileatik
jarraiki zitzaizkion emazteak, urrundik so zauden.
50 Orduan, Josep deitu gizon bat etorri zen,
kontseilukoa, gizon ona eta zuzena;
51 harek ez zituen onetsi besteen xede eta egintzak.
Judeako Arimatea herrikoa zen,
eta Jainkoaren erreinua noiz etorriko beha zagon.
52 Josep, beraz, Pilatorenganat joan zen
eta Jesusen gorputza eskatu zion.
53 Jesus gurutzetik jautsi zuen, hil-mihise batez inguratu,
eta harrian zilatu eta oraino nehor ehortzi gabeko hilobi batean ezarri.
54 ostirala zen, eta larunbatako argiak jadanik piztuak ziren.
55 Jesusekin Galileatik etorri emazteak
Josepen ondotik joan ziren.
Hilobiari behatu zioten
eta Jesusen gorputza nola ezartzen zuten ikusi.
56 Gero gibelerat itzuli ziren,
eta usain gozozko gantzugailuak prestatu zituzten.
Larunbatean, atseden hartu zuten, manatua den bezala.

Urte guziz, Erramu igandean, Pasionearen kondaira irakurtzen dugu sinoptikoen hiru
ebanjelioetarik batetan. Ebanjelio idazle bakotxak badu bere berezitasuna. Badakigu gertakari bat
ikusi duten guziek, bakotxak bere gisan kondatzen duela. Lau ebanjelio idasleek ez dituzte
xehetasun edo hitz berak gogoan atxiki edo hautatu. Ikus dezagun Luken kondaira.
Ohartzen gira Pasionearen kondaira eta Zerbitzariaren poema (Is 50) egungo lehen
irakurgaia, kide direla. Lukek erakutsi nahi du Jesusek Idatzi Sainduak betetzen dituela : Jesus Izaik
erakutsi Zerbitzari leial hura da. Alderantziz, Jesusen kurutzearen eskandala ikusirik, Izairen
Zerbitzariaren poemak ezin-sinetsiaren gako sinetsarazlea dira.
– Izaik dio : “Jainko Jauna laguntzaile izan dut” (50, 7) Ebanjelio idazleen artean Luk
bakarra da erraiten daukuna Getzemanin aingeru batek Jesus sustatu zuela : ”Orduan zerutik agertu
zitzaion aingeru bat, indar emaiten ziona” (Lk 22,43)
– Izaik dio : ”Jakin dezadan ene hitzaz azkartzen akitua dena” (Is 50,4). Lukek bakarrik
aipu du Jesusek Petriri egin zion soa, hunek arnegatu zuelarik : “Itzulirik, Jaunak behatu zion
Petriri”. (Lk 22,61)
– Izairen testo berak : “Jakin dezadan ene hitzez azkartzen akitua dena”. Beste oihartzun
bat Luken kondairan : ”Gaizkileak Jesus kurutzitzatuari : Jesus oroit zaite nitaz zure erresuman
etorriko zirelarik.” (Lk 23,42) Jesusek errepostu : “Egiaz derautzut, egun enekin izanen zira
parabisuan.”(Lk 23,43)
– Izaik dio : “Ez nitzaio bihurtu, ez dut gibelerat egin.” (Iz 50,5) Lukek bakarrik aipu du
Jesusen barkamendua hiltzen zuteneri : ”Aita, barka zozute, ez baitakite zer ari diren.” (Lk 23,34)
– Izaik dio : ”Jainko Jauna laguntzaile izanen dut.” (Is 50,7) Jesusek fidantzia osoa du bere
Aita baitan : “Aita, zure eskuetan emaiten dut ene izpiritua.” (Lk 23,46) Kidetasuna ikus daiteke
ere Luken kondairaren eta Zerbitzariaren laugarren poemaren artean.
– Izaik dio : “Bekatoreen lerroan ezarria izaitea onartu du” (Is 53,12) Azken afaria eginik
Olibetako mendirat joan aitzin, Jesusek erran zuen : “Erraiten dauzuet idatzia dagon hau ni baitan
bete beharra dela : gaixtagintzat hartu dute.” (Lk 22,37)
– Izaik dio : “Indarkeriarik ez du egin, eta hala ez denik ez da atera haren ahotik.” (Is 53,1)
Luken kondairan Pilatusek hiruetan erraiten du Jesus hobengabea dela. (Lk 23,13-32)
Lukek erakusten dauku kidetasun andana bat Kristoren eta Izairen Zerbitzariaren artean.
Gure bihotzen idekitzeko molde bat da Idatzi Sainduen konprenitzea, geroxago erranen duen bezala
Emauseko dizipuluen kondairan.