GARIZUMAKO LAUGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Lur sainduan sartzea eta Bazkoaren ospatzea )

Josueren liburutik 5 , 10-12

10 Jordan ibaia iragan -eta,
Izraeldarrek Gilgalen ezarri zuten kanpalekua,
eta Bazkoa ospatu zuten hilaren hamalauean,
arratsaldean, Jerikoko zelaian.
11 Bazko-biharamunean, lurraldeko fruituetarik jan zuten :
ogi altxatu gabea eta ogi-buru erreak.
12 Egun hartarik aitzina, mana-erauntsia gelditu zen,
lurraldeko fruituetarik jaten hasi baitziren.

Izraeldarrek ez zuten gehiago manarik izan,
eta urte hartan, Kanaan lurraldeko emaitzak zituzten janari.
Izraelen historian, Mois izan da Egiptotik ateratzaile bainan ez Kanaango lurraldean
sartzaile. Hau, Josue izan da eta Josueren liburuak gertakari hori kondatzen du. Jordan ibaia iragan
ondotik Bibliak ez du bakarrik historia bat kondatzen, bainan oroz gainetik erakaspen bat emaiten.
Bi pundutako erakaspena izan daiteke pasarte huntan :
Lehen pundua : sekulan ahantzi behar ez dena: Jaunak gaitu Egiptotik libratu.
Bigarren pundua : Egiptotik libratu gaitu lurralde hau emaiteko, arbasoeri hitzeman bezala.
Hortakotz parekatzen ditu testo hunek Egiptotik ateratzea, basamortuko bizia, Kanaan deitu
lurraldean sartzea. Egiptotik ateratzean eta Itsas Gorriaren iragaitean Bazko ospatu zen; berdin
hemen, „Bazkoa ospatu zuten hilabetearen hamalauean, arratsaldean, Jeriko zelaian“ Hitzeman
Lurraldean sartzean eta Jordan ibaia trebesatzean. Beraz, orroit gaiten beti Jaunak gaituela libratu
eta Josuek hori du errepikatzen : „Jauna gurekin dago. “ Ondorioz, Bazkoaren ospatzea izanen da
bai Jalgitzaren gaua eta bai Hitzeman Lurraldean sartzea, biek bat eginez. Denak Jainkoak eginak,
bere populuaren libratzeagatik.
Irakurgai hunen bigarren parteak janariak aipatzen ditu. „Bazko-biharamunean, lurraldeko
fruituetarik jan zuten: ogi altxatu gabea eta ogi-buru erreak. Egun hartarik aitzina, mana-erauntsia
gelditu zen, lurraldeko fruituetarik jaten hasi baitziren. Izraeldarrek ez zuten gehiago manarik izan,
eta urte hartan, Kanaan lurraldeko emaitzak zituzten janari.“ Janari aldatze hau adierazkorra da.
Higuntza bat iduri du: pasatuak pasatu, bizi berri bat hasten da. Basamortuko bizia , bere kezka,
neke, nahigabe guziekin, baita ere bere mirakuluekin, iragana da. Hemendik aintzina, Izrael bere
lurraldean baita, ez da gehiago ibiltari bainan laborari. Bere bizia bere gain hartzen du. Bainan
mana-erauntsiaren erakaspena ez da sekulan ahantziko: Jaunak bere laguntza eman zuen gose zen
populuari; guk ere, lagunt ditzagun gose diren jendeak.
Bururatzeko, Josue eta Jesus, bi izen horiek berdinak dira eta lehen girixtinoek laster ikusi
zuten parekatze hori. „Josue“ hebrear hitzak erran nahi du „Jaunak du salbatzen“. Beraz, Jordan
ibaiaren iragaitea, Hitzeman Lurraldean, askatasunaren lurraldean sartzeko, parekatzen ahal da
Jesusen bataioarekin Jordan ibaiak, egiazko Askatasunezko biziaren atea ideki baitauku.

Salmoa 33

Leloa: Goza ta beha zoin den gozoa,
Zoin den maitea gure Jainkoa.

Jaunari beti esker emaiten nagokio,
Hari nik beti laudorio.
Jaunaren baitan arima kantuz banabila:
Bihotz apalak pitz ditela.
Denek batean gorets dezagun Jainko Jauna,
Eta goraipa Jaun izena.
Jaunaren bila nindoan eta huna Jauna :
Beldurra baitaut urrun joana.

Jaunari beha egon begiak dirdiraka :
Ez zaitezten gal, ez ahalka.
Dohakabeak dei egin dio, Jaunak entzun,
Hersturik ez dut hura lagun.

“Dohakabeak dei egin dio, Jaunak entzun..” Hau da Fedea : jakinik Jainkoak gure deiak beti
entzuten dituela. Jainkoak entzun zituen jenden otoitzak Petri libratua izan zadin. Bainan, beti hola
ote da ? Petri hil da geroztik, Jesus hil da gurutze gainean, eta guhaur nahi gabetan girelarik, ez ote
dugu geure buruan egiten : Nun ote da Jainkoa ? Zertako ez gaitu laguntzen ? Zertako otoitza, ez
badugu ardiesten nahi duguna edo behar duguna ? Gure otoitza ez ote da ona ? Gainerat, egun latz
horietan, topatzen ditugu jende batzu erraiten daukutenak : Otoitz egizu, eta denak zuzenduko dira.
Bizkitartean, eri guziak ez dira sendatzen, ixtripuak, gerlak, indarkeriak heriotzea dute ekartzen, eta
horiek oro gure otoitzek ez dituzte geldiarazten.
Galdera horieri errepostu hau egin daiteke :
Lehenik : Bai, Jainkoak gure deiak entzuten ditu. Bigarrenekorik: Jainkoak erantzuten du bere
Izpiritua igorriz. Hirugarrenekorik: haurrideak sortarazten ditu gure ondoan.
Lehenik: gogora dezagun Mois basamortuan, sasia sutan zela : „Jaunak erran zion Moiseri:
ikusi dut ikusi Egiptoan den ene herriaren atsegabea. Entzun dut haren oihua bere zaintzaleen
aintzinean; bai badakit haren oinazeen berri.“ Fededunak badaki bere Jainkoa hurbil duela, beti,
eta salmo hunek ez du bertzerik aipatzen: „Jaunaren bila nindoan eta huna Jauna: beldurra baitaut
urrun joana…Jaunak entzun.. hersturik ez dut hura lagun.“
Bigarrenekorik: Jainkoak erantzuten du bere Izpiritua igorriz. San Lukek hori bera du
erraiten: „Jo atea, eta zabalduko zaitzue“. Eta segi dezagun San Lukek erraiten duena bururaino
zeren maiz bidean gelditzen da gure irakurgaia: „ Eska, eta emanen dautzue Jainkoak; bila eta
aurkituko duzue; jo atea eta zabalduko zaitzue. Zeren eskatzen duenak ukaiten baitu, bilatzen
duenak aurkitzen, eta atea jotzen duenari zabaltzen baitzaio. Ba ote da zuen artean aitarik, semeak
arraina eskatu eta arrainaren orde sugea emanen dionik? Beraz, zuek, zirezten gaixtoek, zuen
haurreri gauza onen emaiten baldin badakizue, zenbatez gehiago Aita Zerukoak ez diote Izpiritu
Saindua emanen eskatzen dioteneri!“ (Lk 11,9-13) Otoizten dugularik, Jainkoak ez ditu gure nahi
gabe guziak kentzen. Jainkoak bere Izpiritua igortzen dauku, gure nahigabeeri buru egiteko. Gure
otoitzak bidea idekitzen du Izpirituari eta Izpirituak atsegabea jasaiteko edo nahigabea aldatzeko
behar dugun indarra sortaraziko du gure baitan. Gure bakardadea urruntzen du:“Dohakabeak dei
egin dio, Jaunak entzun, hersturik ez dut hura lagun.“ Fededunak badaki Jaunak entzuten duela…
haren larridura desegiten da berehala.
Hirugarrenekorik : haurrideak emaiten dauzkigu ondoan. Sutan den sasiaren bigarren
erakaspena da : „Ikusi dut Egiptoan den ene herriaren atsegabea. Entzun dut haren oihua bere
zaintzaleen aintzinean; bai badakit haren oinazeen berri.“ Hori entzutean oldar bat sortzen da
Moisen bihotzean bere haurriden alde. Izraeldarren oihua nitaraino heldua da. Ikusi dut ere
Egiptoarrek nola zapaltzen dituzten.

Bigarren irakurgaia

( Jainkoarekin baketuak gira Kristoren bitartez )

Jondoni Paulok Korintiarreri 2a : 5, 17-21

Haurrideak,
17 norbait Kristorena bada, kreatura berri da.
Mundu zaharra joana da, berria sortu da.
18 Hau guzia Jainkoarenganik dator :
Kristoren bitartez berekin baketu gaitu,
eta baketzeko zerbitzua guri eman dauku.
19 Alabainan, Jainkoa da Kristoren baitan
mundua berekin baketzen ari zena,
guzieri beren bekatuen kondurik eskatu gabe,
eta baketzearen mezua gure ahoan ezarriz.
20 Kristoren mandatari gira,
Jainkoa gure bidez ari balitz bezala.
Kristoren izenean eskatzen dautzuegu:
bakea egizue Jainkoarekin.
21 Bekatua ezagutu ez zuena,
Jainkoak guregatik bekatuarekin bat egin zuen,
haren baitan gu bilaka gaiten Jainkoaren zuzentasun.

Testo hau bi aldetarat konpreni daiteke : edo Jainkoak gure bekatuen kondua atxikitzen du,
bainan urrikalkorra baita, denak ezabatzen ditu Jesu Kristok bere gain hartu dituelakotz; edo
Jainkoak ez du sekula kondurik atxiki, eta Jesu Kristo gure artera jin da horren frogatzera, Jainkoa
betidanik amodio eta barkamendu baita. Bibliaren mezu guzia bigarren ideia hunen frogatzaile da.
Jainkoak gure bekatuen konduak egiten ote ditu ? Gu kondu egileak girelakotz aise
pentsatzen dugu Jainkoa gure idurikoa dela. Izraelgo jendeak berdin pentsatzen zuen, hastapenean,
eta Jainkoa agertu zitzaion, polliki polliki…
Ikus dezagun Abraham. Harekin Jainkoak ez du bekatua aipatu bainan elkargoa, agintza,
benedizionea, ondokoak. „Merezimendu“ hitza ez da aipatua. „Abramek Jauna baitan sinetsi zuen,
eta Jaunak hura zuzentzat onetsi.“ (Has 15,6) Fedea da konduan hartua. Jaunak ez ditu gure
bekatuen konduak egiten. Moisek ikusi du Jauna urrikalkor eta maitasunez betea dela. Davidek
ikasi du Jauna beti lehen dela barkatzeko. Izaik errepikatzen du Jaunaren gogoetak ez direla gureak
bezalakoak, bekatoreari bere barkamendua beti emaiten diola.
Ez dira hemen denak orroitarazten ahal, bainan Testamendu Zaharrean ongi bazakiten
Jainkoa maitasun, barkamendu dela eta ez dezagun ahantz orduko denboretan Izraelek Jainkoa
“Aita” deitzen zuela.
Kristo gure bekatuen ordain ote da ? Jainkoak ez badu kondurik atxikitzen, ez dugu beraz
zorrik; ondorioz, ez da ordain beharrik. Jesus gure ordain balitz, nola izan gintazke libre? Jesus ez
da ari gu baztertuz edo gure izenean. Jesus da gure artean lehena, bidea idekitzen duena, aintzinean
ibilki dena. Bekatoreekin bazkaltzen du, jende guziekin mintzatzen da, denetarik hurbil da gu Hari
hurbil gaitezen.
Zer dio Jondoni Pauloren irakurgai hunek ? Jainkoak ez du sekulan gure bekatuen kondurik
atxiki eta Jesus etorri da gure arterat hori frogatu nahiz, jakin dezagun behin betikotz Jainkoa betitik
Maitasun eta Bake dela. Paulok diolarik: “guzieri beren bekatuen kondurik eskatu gabe” erraiten du
gure baitan diren ideia makurrak Jainkoari buruz, ezeztatzen dituela. Jesus, Jainko maitagarriaren
lekuko da eta hori frogatu du hiltzeraino. Farisau eta apez nagusiek uste zuten bazakitela nolakoa
den Jainkoa eta Jesusen lekukotasunak desarrañatu ditu, hek eta heien handikeria. Urgulu hori dela
kausa hil dute Jesus; herraren aitzinean, barkamendua eskatu du. Hau da Jainkoaren egiazko
aurpegia.
Erranaldi hau hobeki konpreni daiteke orain: „Bekatua ezagutu ez zuena, Jainkoak
guregatik bekatuarekin bat egin zuen, haren baitan gu bilaka gaiten Jainkoaren zuzentasun.“
Gurutzean den Jesusi behatuz, ikusten dugu norainokoa den gure bekatuen lazdura eta norainokoa
Jainkoaren barkamendua. Gure bihozberritzea so hortarik sortzen da, Zakarik erran, eta Jondoni
Joanik idatzi duen bezala : “Zilatu dutenari behatuko diote“. (Jn 19,37)
Jesusen lekukotasunaren ondotik, bilaka gaitezen gu ere, berri onaren mezulari : Jainkoa
Aita da, osoki samurtasun eta barkamendu..

Ebanjelioa

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza !
Nola baitio aitak behatzen semeari,
Ona da jauna eta guziz urrikari,
Berant hasarre eta bihotzen altxagarri.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 15, 1-3 . 11-32

1 Zergalari eta bekatari guziak Jesusenganat hurbiltzen ziren
haren entzuteko.
2 Farisauak eta lege-irakasleak marmarikan ari ziren, erranez:
“ Horrek ongi etorri egin diote bekatarieri,
eta heiekin jaten ere.”
3 Orduan Jesusek parabola hau erran zioten:
11 “ Gizon batek bi seme bazituen.
12 Gazteenak erran zion aitari:
‘ Aita, emadazu dagokitan etxe-partea.’
Eta aitak ontasunak partekatu ziozkaten.
13 Handik egun gutiren buruan,
gazteena, zituen guziak bildurik, urrungo herrialde baterat joan zen,
eta han, aiserian biziz, bere ontasun guziak jan zituen.
14 Dena xahutu zuenean, gosete handia sortu zen herrialde hartan ,
eta beharra senditzen hasi zen.
15 Joan zen, eta lurralde hartako gizon baten mutil jarri ;
harek bere lurretarat igorri zuen xerrizain.
16 Xerriek jaten zuten leketarik sabela bete nahiko zukeen,
bainan nehork ez zion deusik emaiten.
17 Orduan, bere baitan sarturik, egin zuen:
‘ Zenbat langilek nere aitaren etxean nahiko jatekoa baduten,
eta ni hemen goseak hiltzen ari !
18 Xutitu eta aitarenganat joanen naiz, eta erranen diot :
Aita, bekatu egin dut zeruaren eta zure kontra.
19 Ez dut gehiago zure seme izenik merezi.
Langiletzat har nezazu.’
20 Xutitu eta aitarenganat joan zen.
Urrun zela oraino, aitak ikusi zuen eta, urrikaldurik,
lasterka joan zitzaion, besarkatu eta musuka hasi.
21 Semeak erran zion:
‘Ez dut gehiago zure seme izenik merezi.’
22 Bainan aitak mutileri erran zioten:
‘ Ekarrazue berehala soinekorik ederrena, eta jauntzozue.
Emozue eraztuna erhian
eta oinetakoak zangoetan.
23 Ekarrazue aratxe gizena eta hil :
dezagun jan eta besta egin.
24 Nere seme hau hila baitzen, eta berriz bizi da,
galdua baitzen, eta aurkitu dut.’
Eta besta hasi zuten .
25 Seme zaharrena landetan zen.
Etxeratzean, hurbildu zelarik,
soinua eta dantzak entzun zituen.
26 Mutil bat deiturik, zer zen galdatu zion.
27 Harek ihardetsi:
‘ Zure anaia etorri da, eta zure aitak aratxe gizena hil du,
semea osagarritan itzuli baitzaio.’
28 Orduan seme zaharrena hasarretu zen,
eta ez zuen sartu nahi.
Atera zen aita eta otoizka hasi zitzaion.
29 Bainan harek ihardetsi zion aitari :
‘ Hainbeste urte badu zure zerbitzuan nagola,
zure manurik behinere huts egin gabe,
eta egundaino ez dautazu pittika bat eman,
nere adiskideekin besta egiteko.
30 Bainan, zure seme hori,
zure ontasuna emagalduekin jan ondoan etorri delarik,
aratxe gizena hil diozu ! ‘
31 Aitak ihardetsi zion:
‘ Seme, zu beti nerekin zira,
eta nereak oro, zureak dira.
32 Bainan behar zen besta egin eta bozkariatu ,
zure anaia hau hila baitzen, eta orai bizirik da ,
galdua zen, eta aurkitua da.’ ”

Ebanjelio huntako gakoa lehen lerrotan izan daiteke. Alde batetik, zernahi jende Jesus
entzuteko eta jende horiek zergalariak eta bekatariak dira. „Zergalari eta bekatari guziak
Jesusenganat hurbiltzen ziren haren entzuteko“ dio San Lukek. Bertzaldetik, jende frango, bere
bizia zuzenki erabiltzen dutenak, Jainkoaren manamenduak errespetatzen dituztenak. Hauek,
Jesusen egiteko manerak ez dituzte errexki onartzen. Heien arabera, Jesusek behar luke jakin nor
diren jende horiek. Gehiago dena, farisauek Jainkoaren saindutasuna gain gainetik errespetatzen
zuten; beraz, heien iduriko, Jainkoari bekatosak ezin dira hurbildu. Beraz, Jesus Jainkoaganik balitz,
ez luke jende horrekin ibili behar.
Jesusek parabola hau kondatzen du Jainkoaren egiazko izaitea erakusteko, Jainko Aitaren
egiazko izaitea. Parabola eta erakaspen huntan, Aita da pertsonaia nagusia. Parabola huntako aitak
bi seme ditu, eta biek ikus-molde bera dute aitaren alderat : biek konduak egiten dituzte. Bekatu
egin duenak dio : « Ez dut gehiago zure seme izenik merezi », eta bere bizia xuxen erabiltzen
duenak aitaren ondoan, dio : « egundaino ez dautazu pittika bat eman ». Bat eta bertzea kondu
egile dira.
Aita ez dute batere kondu egilea : ez du „merezimendu“ hitza bera ere entzun nahi. Bere
semeak maite ditu, eta kitto. Ez da kondu egiterik maitasuna den lekuan. Seme gaztenak zion:
„Emadazu dagokitan etxe-partea“ eta Aita aise urrunago doa :“Nereak oro, zureak dira“.
Barkamendu galdetzen dion semeari, ez dio ez xehetasun, ez urrikitzerik galdetzen. Bere
semea etxerat heldu ikusi orduko, lasterka doa haren gana eta bestara gomitatzen du : „Ekarrazue
berehala soinekorik ederrena eta jauntzozue; ekarrazue aratxe gizena eta hil, dezagun jan eta
besta egin….nere seme hau hila baitzen eta berriz bizi da; galdua baitzen, eta aurkitu dut.“
Zer erakaspena! Jainkoarekin ez da kondurik, ez da merezimendurik aipu! Haren maitasuna
eta bakea kitorik dira. Bainan Jainkoaren izaite hori ez dugu errexki onartzen. Beti iduritzen zauku
Jainkoak gure egintza onak eta txarrak kondatzen dituela. Aitor dezagun,batzuetan, arras kontent
gintazkela kondu horiek egin balitza…besteen bizkar !
Jainkoa ez da gu bezalakoa. Jainkoa Jainko da, eta „nereak oro, zureak dira“ erraiten
dauku. Haren maitasuna kitorik da, eta Haren etxerat hurbiltzen garelarik, besta eskaintza du
gogoan.