Bi aitaren historia
Garizumako 4. igandea C (2016-03-06)
Bartzelonako taxilaria eta haren alaba hondatzailea
Duela urte batzuk irakurri nuen albistea, 1997an, uste dut. Zirrara eragin zidan, parabolako seme hondatzailearekin zuen antzagatik. Bartzelonan, neska batek etxetik alde egitea erabaki du eta senargaiarekin bizitzen jartzea. Hona arte, gauza berririk ez. Baina apur bat geroago, Indiarako bidaia antolatu dute, ez helburu turistiko hutsez; Espainiara itzultzen saiatu direnean, atxilotu egin dituzte droga-trafikoagatik eta preso bidali dituzte kartzelara. Aita da kontakizuneko protagonista handia, eta ez ama; ez du madarikatu alaba, etxetik alde egin duelako “mando” batekin joanez eta hain zoroa izan delako hartaz fidatuz; konbentziturik dago, osoro errugabea dela alaba eta ahal duena eta gehiago egin du hura kartzelatik ateratzeko; gastu handiak hartu ditu bere gain, pixkana-pixkana dituen ondasun guztiak galdu ditu; azkenean, bere taxia saldu du abokatuei eta tramiteak ordaintzeko. Baina lortu du alaba berreskuratzea, eta Bartzelonako aireportuan egin dute topo.
Bi seme eta bi aita
Jende askok ezagutzen du oraindik ere seme hondatzailearen parabola, eta ikusiko zituen aurreko kontakizun horrekin dituen aldeak. Taxilariaren alabari eta seme hondatzaileari, biei aurpegiratzen ahal zaie etxetik era txarrean alde egin izana, aitak zer sentituko kontuan hartu gabe. Gainerakoan, oso desberdinak dira: alaba inozoa da, zuhurtasunik gabea; semea, berriz, lotsagabea da, modu txarrean ondo pasatzea bakarrik du buruan. Alabak ez du itzultzeko modurik; semeak bai.
Aita biak ere desberdinak dira. Taxilariak ahal duen guztia egin du alaba berreskuratzeko. Parabolakoa pazientzia handiaz zain-zain egon da semea noiz etorriko; den-dena azkenean egin du: harengana korrika joan, besarkatu, jai-otordu bat antolatu. Objektiboki, taxilaria irten da irabazten. Baina gertatzen da, ez dugula ezagutzen parabolaren benetako historia.
Aitaren eta seme hondatzailearen benetako historia
a) Seme bihurria eta barkatzen dakien Aita haserrekorra (Oseas)
Jainkoaren eta Israel herriaren harremanak aita baten eta seme baten harremanak bezala aurkezteko ideia, dakigunez, Oseas profetari otu zitzaion lehenengoz, K.a. VIII. mendean. Bere poemetako batean, Jainkoa aita bat bezala aurkeztu zuen, semeari erabat emana den aita bat bezala: ibiltzen irakatsi dio, bere besoetan erabiltzen du, jaten emateko makurtzen da; metaforatik errealitatera igaroz, haurra zenean Egiptoko esklabotzatik liberatu zuen. Baina Israelen, semearen, erantzuna ez zen izan espero zitekeena: zenbat eta gehiago dei egin aitak, orduan eta gehiago urruntzen da semea; nahiago du kananear jainkoen, baalen, lagunartea. Legearen arabera, seme bihurri bat, ez aita eta ez ama errespetatzen ez duena, juzkatu egin behar da eta harrikatu. Jainkoak beste era batean zigortu nahi izan du bere semea: Egiptora itzularaziz, esklabotzara. Baina ezin izan du. «Nolatan utzi zaitzaket zu, Efraim, nolatan entregatu zaitzaket zu, Israel? Bihotzak dardara eragin dit, erraiak nahas-nahas egin zaizkit. Ezin dut bete nire gaitzespena, ez zaitut berriro suntsituko, Jainkoa bainaiz ni eta ez gizona, Santua zuen artean eta ez arerio galtzailea» (Oseas 11,1-9).
Oseasek aurkeztu digun semeak Lukasen parabolakoaren antz handi samarra du: biak urrundu dira beren aitagandik, nahiz arrazoi desberdinengandik egin: Oseasena, kultu paganoa eskaintzeko; Lukasena, lasaikerian bizitzeko.
Alde handiagoa dago bi aiten artean. Oseasenak, haserreari eta zigortzeko gogoari amore emanez erreakzionatu du, aita gehienei gertatuko litzaiekeen bezala. Asmoa betetzen ez badu, hau izan du arrazoia: «Jainkoa naiz eta ez gizona», eta Jainkoaren ezaugarri tipikoa barkatzea da. Lukasek ez du esan aitak zer sentitu duen, semeak agertu dionean etxetik alde egitea erabaki duela eta senipartea eskatu dionean; besterik gabe eman dio eskatu diona, ez dio bota aholkuz beteriko sermoirik ere.
b) Seme damutua eta Aita harreragilea (Jeremias)
Oseasen eta Lukasen arteko alde handia historiaren azkenean dago. Oseasek ez du esan nola bukatu den, nahiz pentsatzekoa den ondo bukatu dela. Semeak jasan duen zori-aldaketa kontatzen luzatu da Lukas: lur joa eta txerrizain, bizitzekorik gabe, aterabide bat etorri zaio burura: aitagana itzuli, barkazioa eta lana eskatu. Aitzitik, ez dakigu zer bizi izan duen buruan aitak urte horietan. Lukasek azken erreakzioari erreparatu dio: urrunean sumatu zuen semea, hunkitu zen, korrika jo zuen harengana, besarkatu eta musuka hartu zuen. Semeak bere bekatua aitortu dionean, ez dio ezarri penitentziarik, ez dio eman aholku-sail onik. Ematen du, ez diola entzun ere, zerbitzariei aginduak ematea du bere ardura guztia, jai-otordu handi bat eta jai bat antola ditzaten.
Nolatan bururatu zitzaion Lukasi semearen konbertsioaz hitz egitea? Oseasek ez du ezer esan horretaz, baina Jeremiasek bai. K.a. VII. mendearen azken aldeko profeta honek oso gustukoak zituen Oseasen poemak, eta batzuetan egokitu egiten zituen bere predikurako. Ordurako, Ipar Erreinuak jasoa zuen asiriarren zigor ikaragarria. Herriak uste du, Oseasek iragarritako barkazioa ez dela bete, baina ez Jainkoaren erruz, baizik herriaren beraren bekatuengatik. Eta eskatzen dio Jainkoari: «Itzul nazazu eta itzuliko naiz, zu baitzara nire Jauna, nire Jainkoa; urrundu banintz ere. damutu nintzen gero, eta nire errua ulertzean neure bularra kolpeka jo nuen; ahalke eta lotsaturik sentitu nintzen gaztetako neure desohorea jasan beharraz». Eta Jainkoak erantzun: «Efrain nire seme maitea da-eta, nire haurra, nire atsegina. Haserre egin diodan bakoitzean gogoratzen naiz horretaz, erraiak nahas-nahas egiten zaizkit eta, amore ematen dut, gupidatuz» (Jeremias 31,18-28). Hitz hauetan, herriaren damua eta beraren bekatuen aitorpena islatzen duten hauetan, oinarritzen da Lukasen semearen erreakzioa.
Lukasek karta bat ezker poltsikoan: seme zaharrena
Halaz guztiz, parabolaren aurrekoak irakurtzean, konturatzen gara, arazoa ez dela Jainkoa, baizik gizon batzuena. Jainkoak ez du nekerik barkatzeko, baina badira pertsona batzuk hark barkatzea nahi ez dutenak. Horregatik, Jesus gaitzestera jo dute, zerga-biltzaileekin eta prostituituekin harremanak dituelako eta halakoekin otorduak egiten dituelako.
Orduan, Lukasek karta bat atera du esker poltsikotik, eta harridura handiena eragin du. Beste pertsonaia bat tartekatu du parabolan, ez Oseasengan, ez Jeremiasengan agiri ez zena: anaia zaharrena, aita sekula utzi ez duena, jokabide onaren eredua. Lege-maisuak eta fariseuak ordezkatzen ditu: jende ona. Eta aipatu horiek Jesusi bezala hitz egiten ausartu da aitari: lotsagabeki, bere jokabidea aurpegiratuz.
Aitak eztiki erantzun dio, ohartaraziz, gaitzesten duen hori bere anaia duela. «Hilik zegoen eta piztu egin da. Galdurik zebilen eta aurkitu egin dugu».
Balio izan al du irakaspen honek? Lege-maisu eta fariseurik gehienek erantzungo zuten: «Ondo hila zegoen, zer pena itzuli izana!» Eta guk, ezin gaitzetsi izango genuke erreakzio hori, gutako gehienona bera izango bailitzateke: guk egokitzat ematen dugun moduan jokatzen ez dutenen aurrean agertzen duguna bera. Mundua hobea izango litzateke lapurrik gabe, asasinorik, terroristarik, adulteriorik, abortugilerik, gayrik, lesbianarik, transexualik, bisexualik, banku-jaberik, politikorik… gabe, eta nork bere gisa osa lezake zerrenda bere gustuen eta ideologiaren arabera.
Hau da aitaren eta seme zaharrenaren arteko aldea: anaia zaharrenak anaia gazteenaren jokabideari bakarrik erreparatzen diola: «zure ondarea jan du prostituituekin». Aldiz, aitak hondoari erreparatu dio: «zure anaia hau». Jesusek, zerga-biltzaileekin eta bekatariekin otorduak egiten dituenean, ez ditu ikusten jokabide gaiztoko pertsona bezala, baizik Jainkoaren seme-alaba bezala eta bere anai-arreba bezala. Jarrera hau, ordea, oso zaila da. Horretara iristeko, fede handia behar da eta maitasun handia.
Bai latza dela aita izatea, bai latza dela Jainko izatea
Beren portaeraz eta ideiez oso desberdinak diren seme-alabak dituzten gurasoek ulertzen ahal dute hobekienik Jainko Aita. Seme-alaba oso bereziak ditu. Batzuek oso onak direla ematen dute, beste batzuek oso gaiztoak direla. Baina guztiak hartzen ditu seme-alabatzat, guztiak maite ditu, guztiak defendatzen.
José Luis Sicre