Hiltzeko hiru era eta salbatzeko bat bakarra
Garizumako 3. igandea C (2016-02-28)
Gaurko ebanjeliokoa Lukasek bakarrik dakar, ez du ordezkorik Mateogan eta Markosengan. Eta bertan ikus ditzakegun hiru zatiek gai bera dute, oso egokia Garizumarako: bihotz-berritzea.
Hiltzeko hiru era
1) Pilatok eraila; 2) Dorre batek zapalduak; 3) Bihotz-berritzeari uko egiten diogula.
Jesusi tranpa bat jarri nahi izatearekin hasi da guztia. Nola erantzungo du berak, galilearra izanik, erromatar prokuradorearen aginduz beste galilear batzuk erailtzearen aurrean? Oso maltzurra da tranpa: inork ez dio galdetu gertaera horretaz zer pentsatzen duen; kontatu bakarrik egin dute. Haserre erantzuten badu, agintariekin gaizki jarriko da; ez badu ezer esaten, galilear eta israeldar txarra izango da.
Kasua kontatzera etorri zaizkionentzat, hiru hauen artekoa da jokoa: hil dituzten galilearrak, Pilato eta Jesus. Albistea ematera mugatu dira, prentsa bezala; gertatua ez dagokie berei. Eta honetantxe harrapatuko ditu Jesusek beren tranpan. Ironia fin-fin batekin, jakindakotzat eman du, informatzaileek ez diotela eskatzen, politika-mailako deklaraziorik (asasinoa da Pilato, garbitu erromatarrak), baizik maila erlijiosoko bat (galilear horiek beren bekatuengatik hil dira). Izatez, garai hartako judurik gehienek (eta gaur egungo kristau askok) uste dute, zoritxarra bekatu baten ondorioa izan ohi dela.
Baina Jesusek beste bide bat hartu du, oso desberdina. Garrantzizkoak ez dira hildako galilearrak, ezta Pilato eta Jesus ere. Albiste-emaileak berak dira garrantzizkoak, galdezka etorri zaizkionak: ezin gelditu dira gertaeretatik kanpo. Uste badute, galilear horiek berak baino bekatari handiagoak direla, oker dabiltza. Orobat dabiltza oker uste dutenak, Siloeko dorrea gainera etortzean zapaldurik hil diren hemezortzi haiek gainerakoak baino bekatariago direla.
Heriotza ez dute eragiten politiko zuzengabe eta kriminalek bakarrik (Pilato) edota saihestezineko berezko zoritzarrek (dorrea). Bada beste era bat, askoz ere larriagoa: geure buruaren eragiten ari garena, bihotz-berritzeari uko egiten diogunean.
Jainkoak pikuak pikondoari eskatzen dizkio, eta ez zumarrari
Galilearren eta dorrearen historia hori, ohartarazteko erabili du Jesusek, serioski eta bi bider: «Bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok galduko zarete». Jesus loreak eta musuak banatzen dabilen joan den mendeko 80. hamarkadako hippytzat hartu dutenek ez dute irakurri sekula ebanjelioa. Jesus ez da etorri bakea ekartzera, baizik ezpata.
Alabaina, hain seriosa den bihotz-berritzeko gonbit hori, gainerakoan galdu egingo garelako mehatxua eta guzti, ez da oker hartu behar. Jainkoa ez da etorriko gure gainera dorre bat bezala, ez ditu bidaliko bere aingeruak ezpatekin, zorrotik kanpo. Parabola labur baten bidez, nola tratatuko gaituen adierazi nahi digu Lukasek: nekazari zentzudun, errealista eta pazientziadun batek bezala.
Zentzuduna: aparteko ahaleginik gabe eman dezakeguna bakarrik eskatzen digulako. Pikondotik pikuak bakarrik espero ditu, eta ez platanorik edo meloirik. Gugandik espero duena, norberak eman behar duena da bere ingurune familiar eta laboralak kontuan hartuz; behin ere ez du espero izango gure ahalbidez gainekorik.
Errealista: ez dio utziko inori engaina dezan. Pikondoak hiru urte daramatza fruiturik eman gabe. Ez du balio ikasle txarraren aitzakiak, esaten baitu lan handia egin duela, baina ikastaro osoan kolpe zorrik jo ez duelarik. Geure burua engaina dezakegu, fruitua ematen dugula esanez; Jainkoa ez.
Pazientziaduna: jadanik hiru urtez egon da zain, eta prest dago beste urtebete ere egoteko.
Baina parabola ez da mintzo mahasti-jabeaz bakarrik. Protagonista handia mahastizaina da: pikondoaren alde erregutu du, prest dago ingurua aitzurtzeko eta simaurra emateko. Pikondoak gu ordezkatzen bagaitu, mahastizain Jesusek izan behar du. Pikondoak fruitua eman dezan espero da, ez bere indarrez bakarrik, baita Jesusen egintzari esker ere.
Azken batean, parabolaren azkenak aski ñabartzen du ebanjelio-pasartearen lehen zatia. Ñabartzeak, ordea, ez du esan nahi ezabatzea. Baldin eta fruiturik ez ematen tematzen bagara, baldin eta ez badira hobetzen Jainkoarekiko eta lagun hurkoarekiko gure harremanak, Jesusen aitzurtzearen lanak alferrik izango dira: pikondoa moztu egingo dute.
Gu ez gara ez desberdinak ez hobeak (1. eta 2. irakurgaiak)
Ebanjelioan, Jesusek ohartarazi die bertaratuei, beren burua ez dutela jo behar Pilatok erail dituenak edota dorreak zapaldu dituenak baino zintzoagotzat. Lehen bi irakurgaiek gogorarazten digute, gu geu ez garela Israel herria baino hobeak. Inor sentitu ez dadin seguru dagoela, azkenean bere burua lurrean ikus ez dezan, Paulok dioenez.
Irteera liburuaren pasartea, berriz, Egipton esklabo bizi den bere herriaz Jainkoak duen kezkaz mintzo da. Jainkoaren lehen lana Moisesi dei egitea izan da. Horregatik, Salmoaren leloak errepikatzen du: «Jainkoa gupidatsua eta errukiorra da».
Baina Korintoarrei gutunak gogorarazten digu, Jainkoaren hainbat mesede eta guzti (Itsasoa igarotzea, mana, arrokak ura jariatzea), israeldar asko ez zitzaizkiola atsegin izan Jainkoari eta azkenean basamortuan hil zirela. Eta gehitzen du, etsenplu eta eskarmentu izan behar dugula hau guztia geure bizitzan. Gauza bera gerta dakiguke, haiek bezala jokatzen badugu. Ebanjelioaren hitzak dira: «Bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok galduko zarete modu berean».
José Luis Sicre