Jesusen eta gure garaipenaren aurreratzea
Garizumako 2. igandea C (2016-02-21)
Garizumako lehen igandeak Jesusen tentazioak ekarri ohi dizkigu gogora. Bigarren igandeak, berriz, Jesusen antzaldatzea. Arrazoia aise uler daiteke: Garizuma Pazkorako prestaketa-aldia da; ez Aste Santurako bakarrik, Jesusen heriotzaren oroitzapentzat harturik; baizik eta piztuerarako prestaketa ere bai. Pasadizo honek, azken garaipena aurreratzen duelarik, aste hauek egoki fokatzen lagunduko digu.
Testuingurua: promesa
Jesusek iragarri du, asko sufritu beharko duela, ukatu eta hilko dutela, baina piztuko dela. Eta ohartarazi digu, berari jarraitu nahi diogunok geure buruari uko egin beharko diogula eta gurutzea lepoan hartu beharko dugula. Baina saria izango dugula, bera garaile itzuliko denean. Eta gehitu du: «Hona nik esan: hemen direnetako batzuk ez direla hilko Jainkoaren erregetza ikusi baino lehen». Beteko ote da promes estrainio hau?
Betetzea: antzaldatzea
Sei egun geroago pasadizo bitxi hau gertatu da. Lukasen pasartea, igande honetan irakurriko duguna, bi zatitan bana dezakegu: mendira igotzea eta ikuskizuna. Ikuspegi literario batetik hartuta, teofania bat da, hau da, Jainkoaren agerpena, eta Itun Zaharreko idazleek halakoak deskribatzeko erabiltzen zituzten osagai berak erabili dituzte ebanjelariek. Horregatik, zatietako bakoitza analizatu aurretik, komeni da gogora ekartzea Sinaiko teofania famatuko datu batzuk, Jainkoa Moisesi agertu zitzaion hartakoak.
Sinaiko teofania
Jainkoa ez da agertzen nolanahiko eremu batean, baizik berezi batean, mendian; hara, herri guztia ez, baizik Moises bakarrik joaten ahal da, batzuetan Aaron bere anaia lagun duela (Ir 19,24) edota Aaron, Nadab eta Abiu lagun dituela Israelgo hirurogeita hamar buruzagiekin (Ir 24,1). Jainkoaren presentzia hodei trinko baten bidez adierazi ohi da, hartatik mintzo delarik (Ir 19,9). Sarritan aipatzen dira testuinguru honetan sua, kea eta mendiaren dardara ere, lurrera hurbildu den Jainkoaren aintzaren eta boterearen sinbolo gisa. Osagai hauek guztiak adierazten dute, ebanjelariek ez dutela eman nahi txosten objektibo bat, «historiko» bat, gertatu denaz, baizik eta Itun Zaharreko teofanien antzeko inguru-giro bat sortu nahi izan dutela.
Mendira igotzea
Jesusek hiru ikasle bakarrik aukeratu ditu mendira joateko: Pedro, Santiago eta Joan. Datu hau ez dugu hartu behar soilik pribilegiotzat; ideia nagusia da, gauza inportante bat gertatzera doala, eta ezin dutela hura guztiek ikusi.
Lukasek hemen aldaketa txiki bat txertatu du, baina garrantzizkoa. Markosek eta Mateok diote, «mendi garai eta bakartu» batera igo zirela; Lukasek dio, «mendira igo zirela otoitz egitera». Ez zaio axola mendia garaia eta bakartua izatea; garrantzizkoa, beti, Jesusek bere bizitzako une garrantzizkoenetan otoitz egiten duela da.
Ikuskizuna
Ikuskizunean lau osagai ageri dira, bere betera eragiten diotenak. Lehenengoa, Jesusen aurpegia eta jantziak antzaldatzea da. Bigarrena, Moises eta Elias agertzea. Hirugarrena, bertan direnak estaltzen dituen hodei dirdiratsu bat agertzea. Laugarrena, entzuten den zerutiko ahotsa.
1.- Jesusen antzaldaketa hitz hauekin adierazi du Markosek: «Haien aurrean antzaldatu zen eta haren jantziak zuri itsugarri bihurtu ziren, munduan inongo zuritzailek jar litzakeen baino zuriago» (Mk 9,3). Jesusen jantzien zuritasuna azpimarratzen du. Lukasek, berriz, azpimarratu du, aldaketa otoitz egitean gertatu dela, eta nagusitasuna aurpegiaren aldaketari eman dio, eta ez jantzienari: «Eta, otoitzean ari zela, haren aurpegiera aldatu egin zen, haren jantziak zuri distiratsu egin ziren». Eszena kamera mantsoan kontenplatzera gonbidatu gaitu Lukasek, lehen planotzat Jesusen aurpegia ipiniz. Kristo berpiztuaren agerpenen aurrerakin bat da, Maria Magdalakoari, Emausko biei eta aintzira ondoko ikasleei haren aurpegiari antzematea asko zitzaien agerpen haiena.
2.- Moises eta Elias agertzea. Jainkoaren eta beronen herriaren arteko bitarteko handia da Moises, Jainkoa aurrez aurre mintzatu ohi zitzaion profeta. Moises gabe, gizabidez hitz eginda, ez zen existituko Israel herria, ezta haren erlijioa ere. Elias, berriz, bere krisialdirik handienean erlijio hori salbatu duen profeta da, K.a. IX. mende inguruan, kanaandar erlijioaren eraginez galtzeko zorian dagoenean. Elias gabe, lur jo izango zuen Moisesen lan guztiak. Horregatik, inportantzia berezia eskaintzen zieten israeldarrek bi profeta hauei. Orain bi profeta hauek ikasleei agertu izana (eta ez Jesusi), maisu duten pertsonaiaren garrantzia bermatzeko modu bat da. Ez da heresiarka bat, ez da zoro bat, ez da ari mendetako lan erlijiosoa hondatzen, antzinako profeten ildoan ari da, haien lana bere betera eramaten.
Testuinguru honetan, hiru txabola egitea proposatuz Pedrok jaulki dituen hitzak ez dira batere itxurazkoak. Baina lehentxeago esan duenaren ondorio huts dira: «bai ondo gaudela hemen». Hobe da mendi garaian gelditu, gurutzea lepoan hartu eta Jesusi gurutzeraino jarraitu baino.
3.- Sinain bezala, mendia hodei batek estali du.
4.- Jainkoaren mendiko hitz hauek bataiokoan entzun zirenak berak berregin dituzte, alegia Jainkoak Jesus zerbitzari aurkeztu zuenekoak. Alabaina, agindu bat gehitu dute hemen: «Entzun berari!» Zuzenean erlazionatzen da agindu hau Jesusen aurreko hitzekin, bere zoriaz eta bere ikasleen jarraipenaz eta gurutzeaz ari zenean esandakoekin.
Laburpena
Pasadizo hau ez da kontatu Jesusen alde hitz egiteko, baizik apostoluen esperientzia baikor bezala. Jesusi bere nekaldiaz eta heriotzaz, bere jarraitzaileei ezartzen dizkien baldintza latzez entzun ondoren, hiru esperientzia osagarri bizi dituzte: 1) Jesus antzaldaturik ikusi dute era aintzatsuan; 2) Moises eta Elias agertu zaizkie; 3) zerutiko ahotsa entzun dute.
Irakaspen hazkor bat adierazten du honek guztiak: 1) haren aurpegia eta jantziak antzaldaturik ikustean, esperientzia bat bizi izan dute, haren azken zoria ez dela porrota izango, baizik aintza; 2) Moises eta Elias agertzeak baiesten du, Jesus dela Israelen historia erlijiosoaren eta Jainkoaren errebelazioaren gailurra; 3) zerutiko ahotsak irakatsi die, Jesusi jarraitzea ez dela zorakeria bat, baizik Jainkoaren asmoari jarraitzeko erarik zuzenena.
Gure garaipenaren aurreratzea (Filipoarrei 3,17−4,1)
Bigarren irakurgaiak promes egiten digu, gure gorputza antzaldatu egingo dela Jesusen gorputz aintzatsuaren tankeran. Antzaldatzeak aurreratzen du, ez bakarrik Jesusen aintza, baita gurea ere.
Teofania Abrahami (Hasiera 15,5-12.17-18)
Pasadizo bitxia da, eta azalpen luzea eskatuko luke; hobe homilian ez ukitzea. Irakurgai hau baztertuko duen apaizak mesede handia egingo dio Jainkoaren herriari, eta izango du bere saria zeruan. Eska dezagun irits dadila eguna, liturgia katolikoan irakurgai biblikoen aukeratze berria egiteko.
José Luis Sicre