NORABIDE BERA
Urteko 3. igandea C (2016-01-24)

Jesusen jardueraz hitz egiten hasi aurretik, garbi utzi nahi izan die Lukasek irakurleei zein den Galileako Profetari eragiten dion grina eta zein duen hark bere jardueraren jomuga. Kristauak jakin beharra du norantz eragiten dion Jesusi Jainkoaren Espirituak, zeren hari jarraitzeko haren bidea hartu behar baitu berak ere.

Xeheki deskribatu du Lukasek zer egin duen Jesusek bere herriko sinagogan: zutitu, liburu santua hartu, Isaiasen pasartea aurkitu, testua irakurri, liburua itxi, laguntzaileari itzuli eta eseri. Guztiek behar dituzte adi entzun Jesusek aukeraturiko hitzak, Jainkoak zertara bidali duen Jesusek uste duena adierazten baitute.

Gauza harrigarria: testua ez da mintzo erlijio bat, gutxi asko ona, antolatzeaz edo kultu duinago bat ezartzeaz; aitzitik, pobreenei eta zoritxarrekoei askapena, esperantza, argia eta Jainkoaren onginahia adierazteaz ari da. Hona zer irakurri duen Jesusek: «Jaunaren Espiritua nigan da, igurtzi bainau. Pobreei Berri Ona hots egitera bidali nau, gatibuei askatasuna iragartzera, itsuei ikuspena ematera. Zapalduak askatzera; Jaunaren onginahiaren urtea aldarrikatzera». Bukatzean, esan die: «Gaur bete da entzun duzuen Idazki hau».

Jesus baitan da Jainkoaren Espiritua, eta pobreengana bidali du; haren bizitza osoa premiatsuengana, zapalduengana, umiliarazitakoengana bideratu du. Hori dugu geure norabidea haren jarraitzaileok. Hori da Jainkoak, Jesusengan gizon egin den Jainkoak, giza historiari ezarri nahi dion norabidea. Azkenek lehenengo izan behar dute bizitza duin, aske eta zorioneko hori ezagutzen, Jainkoak oraindanik beretik bere seme-alaba guztientzat nahi duen hori.

Ezin ahaztu gintezke horretaz. «Pobreekiko aukera egitea» ez da hogeigarren mendeko teologo bakan batzuen asmakizuna, ezta Vatikano II.a kontzilioaren ondoren abiatutako moda bat ere. Jainkoaren Espirituak, Jesusen bizitza osoa arnastu duen hark, eginiko aukera da, eta haren jarraitzaileok giza historian txertatu behar duguna. Hau esan zuen Paulo VI.ak: Elizaren eginbeharra da «askapena jaio dadin laguntzea… eta erabatekoa izan dadin lan egitea».

Ezinezkoa da Jesu Kristo nork bere bizi egitea eta hura hots egitea, azkenak defendituz ez bada, baztertuekin bat eginez ez bada. Jesusen Elizan egiten eta handik aldarrikatzen duguna sufritzen dutenek gauza ontzat eta askatzailetzat hartzen ez badute, zer ebanjelio ari gara hots egiten?, zein Jesusi ari gara jarraitzen?, zertan dihardugu? Argiago esanda: zer uste dugu kristauok?, Jesusen norabide bera hartu al dugu?

Jose Antonio Pagola