Kanako ezteiak. Jesusen hirugarren agerpena
Urteko 2. igandea C (2016-01-17)
Erromes-taldeek, Israelera joan eta Kanara iristean, bi interes-gune izaten dituzte: Eliza, zeinetan aski bikotek bere ezkontza-hitza berritzen baitute, eta denda, bertako ardoa erosteko. Ezteiak eta ardoa, igande honetako ebanjelioko bi sinbolo handi dira.
Hasiera harrigarri bat
Gogoan baldin badugu laugarren ebanjelioak orain arte kontatu diguna, harrigarri gertatuko zaigu Kanako ezteien kontakizun hau. Joan ebanjelariak Hitzaurre handios eta misteriotsu batekin hasi du bere ebanjelioa, haragi egindako Hitzaz. Orain, berriz, Jesusen jaiotzaz eta haurtzaroaz ezer esan gabe, Joan Bataiatzailearen ondoan aurkeztu digu Jesus, bere lehen ikasleak han lortzen dituela. Zer egingo du orduan? Ez doa basamortura Satanasek tenta dezan, beste ebanjelariek esan dutenaren kontra. Ez doa Galileara ere berri ona hots egitera. Jendaurreko bere bizitzan egin duen lehen gauza, ezteietarako gonbita onartzea izan da.
Zeren bila dabil Joan ebanjelaria hasiera harrigarri honekin? Geure buruari hasieratik galde diezaiogun nahi du, Jesus zertara etorri den. Zenbait gaixo sendatzera? Irakaspen bikain bat ematera? Gugatik hiltzera, bere herriarengatik bere burua ematen duen heroi bat bezala? Horretarako etorri zen Jesus, eta beste askoz gehiagorako. Jesusekin hasi dira Jainkoaren eta haren herriaren arteko behin betiko ezteiak, ardo berri eta miresgarri batez, beste edozein baino goragoko ardo batez ospatuak.
Ezteien sinbolismoa: lehen irakurgaia (Is 62,1-5)
Idazle biblikoentzat, ezkontza da irudirik hobena Jainkoak bere herriarekin dituen harremanak sinbolizatzeko. Hain juxtu, herri hori ez da izan bete-betekoa, gogo-berotasunetik nekatua egotera igaro izan da, une onak eta txarrak izan ditu, erabateko buru-eskaintza eta gezurrak izan ditu; horregatik guztiagatik, ezkontzak oso ondo islatzen ditu Jainkoaren eta Israelen arteko harremanak. Herriak egindako hainbat saldukeria jasan zituzten harreman haiek Jainkoaren aldeko dibortzioarekin eta gaitzespenarekin bukatu ziren (zeinen sinbolo izan baitziren Jerusalem suntsitzea eta Babiloniara erbesteratuak izatea).
Alabaina, Itun Zaharreko Jainkoak ez zuen ezagutzen Zuzenbide Kanonikoa eta eskubidea aitortzen zion bere buruari zapuztua zuen harekin berriro ezkontzeko. Horixe du promes egiten Jainkoak Isaiasen testu batean:
«Egin zintuenak emaztetzat hartuko zaitu:
haren izena Goi-goiko Jauna.
Emazte baztertu eta adoregabe bezala
deitu dizu berriro Jaunak;
gaztetako emazte bezala, zapuztu bezala
–dio zure Jainkoak−».
Gaurko lehen irakurgaiak, Isaiasena hau ere, bigarren zatian jaso du gai hau. «Gazte bat bere andregaiarekin ezkontzen den bezala, hala hartzen zaitu zu egin zintuenak; senarrak emaztearekin aurkitzen duen poza, horixe aurkituko du Jainkoak zurekin». (Ohartarazi nahi dut, Isaiasen testuaren lehen zatiak ez duela erlaziorik ebanjelioarekin, eta entzuleak nahasteko ohiko funtzioa betetzen duela).
Ebanjelariarentzat, Jesus eztei batera joan izana Jainkoaren eta Israel herriaren arteko behin betiko ezteiaren sinbolo da; maitasun eta leialtasun hautsezineko den aro berriaren sinbolo, alegia.
Ardoaren sinbolismoa
Isaiasen liburuan bada testu bat lehen irakurgaiari ezin hobeto letorkiokeena:
«Goi-goiko Jaunak, mendi honetan
jai-otordu gozo-mamitsua prestatuko du
herri guztientzat, ardo jatorreko jai-otordua:
janari koipetsu sanoa, ardo oparoa».
Hauxe da Jesusek dakarren ardo ona, antzinakoa baino hobea. Gainera, jai-otordu hau ez da ospatzen Galileako herrixka batean, gonbidatu bakan batzuekin. Herri guztien jai-otordua da. Ikusmira zabaldu egin da horrela. Ezteia eta jai-otordua, Jesusek Israeli eta gizadiari dakarkienaren sinbolo dira: Jainkoarekin beste harreman bat, pozak eta zorionak markatua.
Jesusen lehen seinalea, Mariari esker
Joan ebanjelariak mirariak ez ditu gustuko. Ez du atsegin Tomas bezalako jendea, sinesteko frogak eskatzen dituena. Horregatik, bere ebanjelioan oso mirari gutxi dakartza; gainera «seinale» izena ematen die, beraien alde sinbolikoa azpimarratzeko: Jainkoarekiko harreman berriaren poza dakar Jesusek (Kanako ezteiak), bizi-ogia da (ogiak ugaltzea), munduaren argia da (jaiotzaz itsu dena), piztuera eta bizia da (Lazaro).
Baina lehen seinale honetan bada alde garrantzizko bat: Jesusek gogoaren kontra gauzatu duela, teologia-motako aitzakiak ezarri dizkio amari («oraino ez da iritsia nire ordua»). Gauzatu badu, amak behartu duelako da; honi ez zaizkio inporta ez Jainkoaren planak eta ez Jesusen ordua, baldin eta jokoan pertsona batzuek atsekabea bizi ala ez bizi dagoenean. Jesusek berak esan zuen: «gizakia ez da egina larunbata betetzeko»; ematen du, Mariak hau esan nahi diola: bera, semea alegia, ez dela etorri bere ordua hertsiki betetzeko. Izatez Mariak ez dio esan beste ezer. Badaki eskatu diona egingo duela.
Ebanjelarietan Joanek bakarrik aurkeztu digu Maria gurutzearen oinean. Joanek bakarrik dakartza Jesusen hitz hauek: «Andrea, hor duzu zeure semea», «Hor duzu zeure ama». Horrenbestez, Jesusen jendaurreko bizitzari Mariaren irudia ezarri dio Joanek ikurtzat. Kanako ezteiak gogoan hartzean, aitortu dezagun Jesusek esku onetan utzi gaituela.
José Luis Sicre