JAUNAREN BATAIOA (C) 2016-01-10
SARRERA
Senideok, gaur ospatzen dugu Jesusen benetako jaiotza. Berak, lurrean bizi zela, Nikodemori esanez (Jn 3,5), gaur guri esango digun bezala, garrantzizkoena uretik eta Espiritutik jaiotzea da.
Eguberri egunean Jesus haurra artzainei agertu zitzaiela ospatu genuen, hau da, Israel herriaren salbaziorako etorri zela. Epifania egunean, berriz, Jesus haurra magoei agertu zitzaiela ospatu genuen, hau da, mundu osoaren salbaziorako etorri zela. Gaur, azkenik, bataioa hartuz eta zeruko Aitak seme kuttuntzat emanez, Jesusek bizi izan duen esperientzia ospatzen dugu; haur bezala ez, baizik gizon heldu bezala agertu dela ospatzen dugu, hau da, uretik eta Espiritutik jaiorik, Jainkoaren eta bere buruaren esperientzia bizia izan duela.
Jesus, beraz, gizon heldu bihurtu da bataiokoan. Jordan ibaira joan da Joan Bataiatzaileak bataia dezan. Bataiokoan Espiritu Santua jaitsi da haren gainera, eta Aitak bere seme kuttuna duela deklaratu eta agertu dio. Jesusek seme izate hori ondorio guztiekin onartu du, hau da, zeruko Aitaren semea dela eta lurreko gizon-emakume guztien anaia dela ulertu du.
Bataioak horixe esan nahi du: Jainko Aitaren egitasmoan eta gizon-emakume guztien bizitzako arazoetan buru-belarri murgiltzea. Eman diezazkigula Jesusen bataioko jokabide honek bataiatu guztioi, Espirituari bihotzeko ateak irekirik, geure bataioa aintzat hartu ahal izateko argia eta indarra.
LEHENENGO IRAKURGAIA (Abendualdiko 2. Igandea B; ikus testua: “Irakurgaiak” izeneko liburuan 7garren orrian) Isaias 40,1-5.9-11)
Isaiasen liburuko bigarren zatikoa da gaurko pasarte hau. Egiptotik ihes egitean bizi izan zuten Irteeraren antzeko Irteera bat biziko dutela esan die profetak Babilonian esklabo dauden israeldarrei. Egiptotik alde egitea askatasun handitzat hartu zuten, jakina. Orain, Bigarren Irteera-edo iragarri die profetak israeldarrei, hau da, Babiloniako erbestealdia bukatzeko zorian dagoela. Egiptotik libratzea izan zen lehenengo Irteera. Lehenengo hura baino bikainagoa da bigarren Irteera hau.
Horregatik dio: «kontsolatu, kontsolatu nire herria». Jainkoak dakarren kontsolamendua da. Honetan datza kontsolamendu hori: bukatuak direla morrontza eta neskametza, bukatua dela mirabetza, bukatua dela esklabotza.
Baina hori egiaz gauzatuko bada, beharrezkoa da bidea prestatzea: Jaunari bidea prestatu behar zaio; askatasuna emanez datorren Jauna onartzeko, bihotz-berritu, prestatu egin behar da. Orduan agertuko da Jaunaren aintza. Gizon-emakume guztientzat agertu ere.
Jakina, Irteera edo Askapen hau Jesu Kristok ekarri digu.
BIGARREN IRAKURGAIA Titori egindako gutunetik
( Ikus testua: “Irakurgaiak” izeneko liburuan 17garren orrian: Tito 2,11-14 eta liburu berean 18garren orrian: Tito 3,4-7) (Eguberri Gauerdiko Mezakoa [17garren orria] eta Eguberri Goizeko Mezakoa [18garren orria])
Jainkoak salbatu gaitu, Espiritu Santuaz berritu gaituelako. Izan ere, «Jainkoak, bere onginahi hutsez, salbazioa ekarri du gizon-emakume guztientzat». Horrela, bai Jainkoaren kontra egoteari uko egiten, bai mundutar atseginkeriei uko egiten irakatsi digu. Modu ondraduan eta jainkozaletasunez bizi gaitezen eskatu digu. Bizi dugun kristau-maitasuna Jainko Aitaren maitasunaren errainua da; gure maitasunak Jainkoaren maitasuna du eredu. Geure bataioan, Espiritua hartzean, isuri digu Jainkoak bihotzera bere maitasuna. Maitasun horren bidez maitatzen ahal dugu, baina Jainkoa, bai nork bere burua, bai lagun hurkoa.
EBANJELIOA Lukasen liburutik (3,15-16.21-22)
Bi ohar dakartza, hasieran, ebanjelioko pasarte honek: batetik, «herria zain-zain zegoen» esango digu; Israel herria Itun Zahar osoan zain egon dela adierazten du horrek; bestetik, ez ziren batere seguru: Joan Bataiatzailea ote da Mesias ala Jesus ote da?
Joanek garbi utzi nahi die: bera ez da Mesias. Batere dudarik gabe, Jesus da espero zuten Mesias hura. Horrela, beste gauza batzuk ere argitu ditu Joanek: berak urez bataiatzen du; Jesusek, berriz, suaz eta Espiritu Santuaz bataiatuko gaitu; historiako aro berri bat hasi du Jesusek; Itun Zaharreko aro hura baino askoz bikainagoa.
Alabaina, inportanteena ez da bataioaren erritua bera. Inportanteena ez da ikusten den hori; gizakiaren bihotz barnean sentitzen eta gertatzen dena da garrantzizkoena. Inportanteena testu honetan, bukaeran dator; zerutik Jesusi buruz etorri den ahots hau: «Neure semea zaitut, neure kuttuna, neure maitea». Jesusek esperientzia berri bat bizi izan du. Jesusengana Espiritua etorri da.
Jesusengan gertatu den horrek Elizara, eliztar bakoitzarengana Espiritua etorriko dela iragartzen du; hain zuzen, Mendekoste egunean Espiritua etorri izanaren aurre-adierazpena da Jesusen hau.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Elizaren alde: izan dadila Jesusen Espirituaren luzapen: izan dadila pobrea, izan dadila barkatzailea, izan dadila bake egile. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Gurasoen alde: har dezatela aintzat seme-alabak bataiatzea; jakin dezatela haiei ebanjelioa agertzeko konpromisoa hartzen dutela; agertu diezaietela ebanjelioaren arabera bizitzearen poz sanoa. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Beren bizitzan zailtasun handiak bizi dituztenen alde: beren eguneroko bizitzan aurki dezatela lagunduko dien jenderik. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Presoen alde: bai presoek berek, bai haien familiartekoek arindu bat laster lortu dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.