Jesusen Bataioa C (2016-01-10)
Isiltasunaren ele-edertasuna

Ospatu berria dugu Epifania jaia, bi urtez beheko Jesus haurrarekin, eta bat-batean adin nagusiko ageri zaigu, bataiokoan. Bitarteko urteez, Lukasek dakarren tenpluko bisita salbu, ez digute ezer esaten.

Oso deigarria da isiltasun hori. Ebanjelariek gauza interesgarriak kontatzen ahal zituzten urte haietaz: Nazaretez, lurpean egindako bertako etxe bereziez; 5 kilometrora bakarrik zegoen erregioko hiriburu zen Seforis-ez, Jesus haurra zela erromatarrek eraso zioten hartaz alegia, bertako jendetza esklabo saldu zutelarik; erregioko Tiberias hiriburu berria eraikitzeaz, Galileako aintzira ertzean, Jesusek hogei urte inguru zituela bukatu zuten obra hartaz alegia. Honelako ezer ez digute kontatu; ebanjelariei ez zaie axola beren protagonistaren biografia idaztea.

Isiltasun hau azaltzeko, Jainkoaren apaltasuna aipatu ohi da eskuarki: hainbat denboran oharkabean bizitzeko gai izana, atentzioa eman gabe, mundua aldatzeko presarik gabe, esan behar duen guztia gorabehera. Baliozkoa da interpretazio hau, eta honetatik ondorio pertsonalak atera beharko genituzke, geure zalapartak eta nabarmendu nahiak galgatzeko.

Alabaina, Itun Zaharra ezagutzen duenak atzematen du beste arrazoi bat ere. Hartan ageri diren pertsonaia handiak ez dira inportanteak berenez inoiz ere, baizik salbamen-historiaren aurrerapenerako egin duten ekarpenagatik. Abrahamez, Moisesez, Josuez, Isaiasez, Jeremiasez, Ezekielez… kontaezin halako datu biografiko falta zaigu. Batzuetan ezagunak ditugu xehetasun txiki batzuk halakoen familiaz edo haurtzaroaz. Baina, oro har, haien biografia beraien bokazio-unean hasi izan da, delako pertsonaia Jainkoaren egitasmoaren zerbitzura jarri izan denean.

Jesusen kasuan printzipio hori bera bete da, bataioaren funtsezko garrantzia azpimarratzeko, beraren bizitza goitik behera aldatu duen esperientzia pertsonal izan denez. Esandako guztiak, harrigarri zaigun arren, ez du interesik. Orain, bataiokoan, hasi da «berri ona».

Jesusen bataioa

Isiltasuna gogorrenik gertatzen den uneetarik da. Zergatik erabaki du Jesusek Jordan ibaira joatea? Nola jakin zuen Joan Bataiatzaileak egiten eta esaten zuenaren berri? Zergatik du hartarainoko interesa? Ebanjelari bakar batek ere ez digu esan.

Lukasek oso hurbiletik jarraitu dio Markosen kontakizunari, baina garrantzi handiko bi xehetasun gehitu ditu: 1) Jesus bataiatu egin da, «bataio orokor batean»; horrela, Jesusek gainerako jendearekin duen erlazio estua iradoki du; 2) Espiritua «otoitzean ari zela» etorri da; izan ere, Lukasek inportantzia handia ematen dio beraren oinarrizko uneetan Jesus otoitzean aurkezteari, kristauontzat etsenplu.

Gainerakoan, Lukasek bere-bere egin ditu Markosen kontakizuneko funtsezko bi gaiak: Espirituaren etorrera eta zerutiko ahotsa.

Espirituaren etorrerak garrantzi berezia du; izan ere, rabino batzuen artean bizirik zen uste hau: Espirituak bertan behera utzia zuela komunikatzea, Esdrasen ondoren (K. a. V. mendea). Orain, Jesus etortzearekin, aro berri bat estreinatu da Jainkoaren eta gizadiaren arteko harremanen historian. Zeren Jesusengana etorri den Espiritu hori bera baita Jesusek gure bataioan isuriko diguna, Joan Bataiatzaileak dioenez.

Zerutiko ahotsa. Judu entzule bati, «Zu zara ene Seme maitea, nire kutuna» entzuteak bi testu dakarzkio gogora, esanahi oso desberdinekoak: Sal 2,7ko «Ene semea zara zu, nik sortu zaitut gaur», eta Isaias 42,1eko «Hona hemen nire zerbitzaria, nik eusten diodana, nik hautatua, atsegin dudana». Lehen testua erregeaz mintzo da, bere tronuratze-unean Jainkoaren seme titulua hartu ohi zuena, Jainkoarekin zuen erlazio bereziagatik. Bigarrena, bere sufrimenduaz eta egundoko pazientziaz herria salbatu duen pertsonaia bati dagokio. Bi ideia hauek iradoki nahi dizkigu Lukasek: Jesusen duintasuna eta sufrimenduaz gauzatu duen salbazioa.

Ebanjelioaren irakurlea eskandalizaturik senti liteke uneren batean Jesusek egiten eta esaten dituen gauzengatik; heriotza noziaraziko dioten gauzak dira; baina irakurleak gogoan izan behar du, Jesus ez dela biraolari bat, ezta heretiko bat ere, baizik Espirituak gidatu duen Jainkoaren Semea.

Jesusen etorkizuneko egitaraua

Zerutiko hitzak ez dira ari Jesusen duintasunaz bakarrik, egitarau bat ere zedarritu diote. Horixe adierazten du igande honetako lehen irakurgaiak, Isaiasen liburutik hartuak (42,1-4.6-7).

Egitarauak zer ez duen egingo seinalatzen du, guztien gain: ez du oihu egingo, ez aldarrikatuko, ez deiadar egingo, hau da, ez mehatxatuko eta ez gaitzetsiko; ez du hautsiko kanabera printzatua, ez du itzaliko ahulduriko argi-metxa: izaki arriskutsuen eta ahulen sinbolo dira horiek, hobe desegitea (aski da gogora ekartzea Levi, zerga-biltzaile hura edo adulterioan harrapatutako emakume hura edo emakume prostituitu hura…).

Ondoren, zer egingo duen dator: sustatu eta ezarri zuzenbidea edota, beste era batean esanda, itsuei begiak ireki, gatibuak kartzelatik atera; irudi hauek, segur aski, Ziro pertsiar erregearen jarduera iradokitzen dute, Babiloniak mendean hartu zituen herrien askapena espero baitu profetak errege harengandik; Jesusi esleiturik, beste esanahi bat dute, orokorragoa eta sakonagoa, askapen pertsonal eta espirituala berekin dituena.

Berekin du egitarauak zer portaera izango duen ere: «ez du adorea galduko, ez etsiko». Haren misioa ez da erraza izango, ezta guztiek onartua ere. Ugari izango dira kritikak eta gaitzespenak; batez ere, juduen agintari erlijiosoen aldetik (lege-maisu, fariseu, apaiz nagusi). Halere, sendo eutsiko dio goiari, hil arte.

Misioa beterik: on eginez bizi izan zen

Bigarren irakurgaian, Apostoluen Eginak liburukoan, Pedrok, Kornelio ehuntariari eta beronen familiari hitz eginez, hitz gutxitan laburtu du Jesusen jarduera: «On eginez bizi izan zen». Etsenplu ona nork bere bataioa bizitzeko.

Oharpena

Lehen eta bigarren irakurgaiak (Isaiasena eta Eginak liburukoa) alda daitezke batzarburuaren aukeraz. Egokienak eta errazenak iruditu zaizkidanak komentatu ditut.

José Luis Sicre