Epifania eguna C (2016-01-06)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Epifania jaia ospatzen dugu. Jaunaren agerpena mundu osoari. Itun Zaharrean, juduek ikuspegi oso murritza zuten Jainkoaz: berena bakarrik balitz bezala hartzen zuten.
Itun Berrian goitik behera aldatu da ikuspegia. Jesus gizon-emakume guztiak salbatzera etorri da.
Mateoren ebanjelioko pasarte bat entzun dugu gaur. Mateo egoera berezi batean gertatu da: kristau egin diren juduei hitz egitean, argitu beharra du eta animatu beharra elkartean judu ez direnak ere onartu behar dituztela. Izatez, jadanik pagano asko dituzte beren artean kristau eginik.
Hori guztia egiteko, José Luis Sicre-k bere iruzkinean esaten digun bezala, ipuin eder-eder bat asmatu eta eratu du Mateok. Horretarako, Itun Zaharrean idazkiek eta profetek egindako iragarpen askoz baliatu da.
Adibideak bizi-bizi ditugu geure iruditerian.
Izarra: antzinakoek uste zuten, pertsonaia handi baten jaiotza izar batek iragartzen zuela beti; Bibliako Zenbakiak liburuan (24,17) hau dator: «Ikusten ari naiz…: Jakoben herritik izarra sortzen da». Horrenbestez, Israelen inor ez zen harritu, izar batek Mesiasen jaiotza iragartzeaz. Mateok gogoan izan du izarraz hitz egitean.
Magoak: Jende arrunta ez da zerura begira egoten gauero. Gainera, nola antzeman izar berezi bati? Lehen mendean, mago izena pertsona bereziei ematen zitzaien. Gertatzen da, Mateoren ipuinean, mago horiek Ekialdekoak direla. Gainera, Mateoren mago horiek ez dira errege.
Mateok aipatzen duen izarra egiazkoa izan balitz: batetik, zergatik ez zituen gidatu magoak helmugaraino; bestetik, izar bat nolatan geldi zitekeen haur jaio berriaren gainean?
Magoak zenbat ziren? Mateok ez du esaten. Laugarren mendeko idazki batek dio, hiru zirela. Siriako elizak 12 zirela dio.
Mateok ipuin bat erat du. Ez dugu zertan harritu. Aipatu dudan Sicre-k dioen bezala: aita onaren eta seme hondatzailearen parabola ipuin bat da; samariar onaren parabola ipuin bat da; biek ordea mezu handi bat dakarkigute. Mateok ere hori egin nahi izan du: ipuin honen bidez mezu bat eman.
Laburtuz, hona Mateoren mezua:
1.- judu gehienek ez dute onartu Jesus, haietako asko oso jainkozale izan arren; pagano askok onartu egin du Jesus; Mateok esan nahi du, Jainkoa gizon-emakume guztiei agertu zaiela.
2.- «Jesus Judako Betleemen jaio da Herodes erregearen garaian». Zer egin du Herodesek Jesusen berri entzutean, hil egin nahi du. Mateok adierazi nahi du horrela, Jesus ez dutela onartuko agintariek; gainera, hil egingo dutela. Pentsatu behar da, Mateok bere ebanjelioa Jesus jaio eta 80. inguruan idatzi duela; Jesus hilda gero.
3.- Jerusalemgo tenpluko lege-maisuek eta apaizek ez diote kasurik egin magoen hitzari. Ez dira gauza izan 9 kilometroko pasaiara edo paseo bat egiteko, magoek bidaia latza egin duten bitartean. Zer esan nahi du Mateok? Jesusi bere bizitzan zer gertatu zaion.

Horiek horrela, gaurko ebanjelioa ez da magoen historia bat, «egia fotografiko bat» bezala harturik, esan digu Teilhard de Chardin handiak. Egia distiratsu bat da, jarraitzen du Teilhardek, bere presentziarekin unibertsoa gidatzen duen haren egia distiratsua, alegia. Kristok argitzen du izaki bakoitzaren hondoa; Kristok darama unibertso osoa bere betearen betera, Jainkoa izan dadin dena denengan.
Haur jaio berri honengan Jainkoaren Semea aitortzea fede-egintza sakon bat da, eta haur hori gizadi osoan aitortzera konprometitzen gaitu. Alegia, Kristo dagoela, ez bakarrik munduko pertsona bakoitzarengan; baita beste izaki bakoitzarengan ere.
Magoek beste bide batetik itzuli izanak geure bizitzan beste bide bat hartu beharra adierazten digu. Bide berriak esan nahi du, geure bizitzan aldatu beharreko aldeak ikusi eta aldatzea.
Kristo da alfa eta omega, hasiera eta helmuga. Kristorekin eta Kristogan, saia gaitezen «gizarte honetan izarrek bezala argi egiten» (ik. Flp 2,15)

Dionisio Amundarain