Errege magoak ez dira gurasoak, gu geu gara
Epifania jaia (2016-01-06)

Lehenengo ebanjelioaren idazleak (Markosenak), segur aski Siriako Antiokian bizi denak, urteak daramatza esperientzia oso berezi bat bizitzen: Jesus judua den arren, judu gehienek ez dute onartu Mesiastzat; bitartean, gero era handiagoa da kristau-elkarteko egiten diren paganoen kopurua. Zenbait jendek, era gizatar huts bezala har lezake gertaera arraro hau: konbertitzen diren paganoak pertsona otoizlari dira, juduen sinagogari oso atxikiak, baina ez dira animatzen erdainkuntzaren azken urratsa egitera; aldiz, kristauek ez diete eskatzen erdainkuntzarik eliztar bihurtzeko.
Mateok, ordea, Jainkoak paganoei egindako errebelazio bezala hartu nahi du gertaera hau. Hori adierazko, ideia ikusgarri bat otu zaio: errebelazio hori Jesusen haurtzarora aurreratzea; horretarako kontakizun batez baliatu da; ez genuke historikoki hartu behar, baizik Eguberritako lehen ipuintzat. Ipuin eder-ederra eta teologi sakontasun handikoa. Eta ez dadila inor ere eskandaliza honekin. Seme hondatzailearen eta samariar onaren parabolak ere ipuintxoak dira, baina milaka benetako historiak baino jende gehiago aldarazi dute.

Izarra

Antzinakoak konbentziturik zeuden pertsonaia handi baten jaiotza edota munduan aldaketa garrantzizko bat, beti iragarri ohi zela izar bat agertuz. Origenesek idatzi zuen III. mendean:

«Erreparatu ahal izan da, lurrean gertatu izan diren gertaera handietan eta aldaketa handietan beti agertu izan direla mota honetako astroak, iragartzen zituztenak iraultzak inperioan, gerlak edo bestelako gorabeherak mundua nahaspilatzeko gai zirenak. Nik neuk irakurri ahal izan dut Keremon estoikoaren Kometen tratatuan, inoiz agertu izan direla horrelakoak aldekoa den gertaera baten aurreko egunetan; horretaz adibide ugari ematen dizkigu» (Contra Celso I, 58 eta hur.).

Beste herri batzuek pentsatzen zutenera jo gabe, Bibliak iragarri du aterako dela Jakoben izarra, beraren boterearen sinbolo (Zen 24,17). Pasarte hau Mesias agertzearekin erlazionatu ohi zuten.

Ona: magoak

Esandakoarekin bat, Israelen inor ez zen harrituko izar batek Mesiasen jaiotza iragarri izan balu. Honetan datza Mateoren berezitasuna: Mesiasen jaiotza iragarri duen izarra Judatik urrun agertu izatean. Alabaina, jende arruntak ez ditu gauak zerura begira pasatzen, ez du ulertzen ere gauza handirik astronomiaz. Zeinek bereizi ahal izango du izar hori? Garaiko astronomo batzuek, ekialdeko magoek.
«Mago» izena, lehen mendean, pertsona oso desberdini ematen zitzaien: pertsiar apaizei, naturaz gaindiko ahalak zituztenei, erlijio berrien hedatzaileei, eta kalakariei. Gure testuan, ekialdeko astrologoei dagokie, juduen historia sakon ezagutzen dutenei. Ez dira errege. Datu hau geroagoko legendako ipuina da, gero ikusiko dugunez.

Gaiztoa: Herodes, apaiz nagusiak eta lege-maisuak

Kontakizuna, txit xumea, benetako harribitxi literarioa da. Hasiera, irakurle judu batentzat, dramatikoa da. «Jesus Judako Betleemen jaio zen Herodes erregearen garaian». Mateok bere ebanjelioa idatzi duenean, laurogei urte badira errege hau hil zela. Baina bizirik jarraitzen du juduen oroimenean egin zituen eraikuntzengatik, agertu zituen beldurragatik eta krudeltasunagatik. Botereari atxikitzearen eta galtzeko beldurraren kasu patologiko bat da Herodes; bere semeak eta Mariamme emaztea hiltzeraino eraman zuen horrek. Jesusen jaiotzaren berri jakiten badu, nola erreakzionatuko du lehiakide horren aurrean? Jakiten badu, hil egingo du.

Jainkoaren trikimailu probidentzial bat

Eta erarik ustekabeenean jakingo du, ez polizia isilekoak esanik, baizik pertsonaia inozente batzuen ahoz. Kontatzeko trebetasun harrigarriz idatzi du Mateok. Ez dizkigu aurkeztu magoak Ekialdean zeudenean, zeruari eta izarrei erreparatzen. Alde batera utzi ditu, bai izarra aurkitu izana, bai egin duten bidaia luzea.
Izarrak gidatzen ahal zituen Betleemera, zuzenean; orduan, ordea, ez zen nabarmenduko kontrastea, magoen eta judu-agintari politiko eta erlijiosoen artekoa. Erraza da aterabidea. Unerik desegokienean ezkutatu da izarra, helmugara iristeko bederatzi kilometro bakarrik falta zaienean, eta Jerusalemen sartu beharra izan dute magoek.
Iritsi orduko, xalotasunik handienaz bota dute galderarik konprometigarriena: «Non da jaio berria den juduen erregea? Haren izarra ikusi baitugu eta hura adoratzera baikatoz». Leherkari bat Herodesentzat.

Kontrastea

Eta horrela jaio da erdiguneko eszena, guztiz garrantzizkoa Mateorentzat: Herodesen izua eta apaizei eta lege-maisuei kontsulta. Bat-batekoa izan da erantzuna: «Betleemen, horrela iragarri baitzuen Mikeas profetak». Herodesek berri eman die magoei eta hauek badoaz. Baina bakarrik doaz. Hau nahi du azpimarratu Mateok. Judu-agintari politiko eta erlijiosoen artean inor ez da kezkatu Jesusi omen egiteaz. Ezagutzen dute Biblia, ezagutzen dituzte erantzun guztiak jainkozko problema guztiez, baina fedea falta zaie. Magoek bidaia luzea eta ez-erosoa egin dute; judu horiek, aldiz, ez dira gauza izan bederatzi kilometroko pasiera bat egiteko. Mesias hasieratik beretik ukatu du bere herriak, geroago gertatuko dena iragarriz.
Magoak ez dira harritu, ezta desanimatu ere. Bideari ekin orduko, izarra berragertu eta pozez bete dira. Iritsi dira etxera, omen egin diote eta eskaini dizkiote beren dohainak. Erregalu hauek, antzinatik, era sinbolikoan hartu izan dira: erregetza (urrea), jainkotasuna (intsentsua), hilobia (mirra). Segur aski, antzinako Ekialdean balio handia zuten eskaintzak bakarrik ditu Mateok buruan. Amets batek libratu ditu magoak Herodesen sarean erortzetik.

Errege magoak ez dira gurasoak, gu geu gara

Norbaiti, agian, pasadizoaren interpretazio oso arrazionalista irudituko zaio hau guztia, eta errege magoak ez direla existitzen jakin duen haurra bezala senti daiteke. Pena senti genezake, baina errealitatea onartu behar da. Nolanahi ere, nahi duenak interpreta lezake kontakizuna historikoki, baina Mateoren zentzu teologikoa ez galtzekotan. Hasieratik beretik egin zion uko Mesiasi bere herriak; paganoek, berriz, onartu zuten. Elkarteak ez du harritu behar judu-agintariak uko egiten jarraitzen dutela ikustean, bitartean pagano asko konbertitzen delarik.

Izarraren mitifikazioa

Izarrak beti eragin izan du arreta, eta postu nagusia izaten du gure jaiotzetan. Mateok, hasieran, era sinplean aurkeztu du, magoek esatean: «haren izarra irteten ikusi dugu». Alabaina, II. mendean jadanik, Santiagoren protoebanjelioak handitu egin du izar hori tamainaz eta argitasun-indarrez: «Astro guztien artean hain distira biziko izarra ikusi dugu, non denak estaltzen baititu ikusezin uzteraino». Eta Haurtzaroko armeniar liburuak dio, bidaiak iraun zuen bederatzi hilabetetan izan zutela magoek izarra bidelagun.
Garai modernoan bi astroren konjuntzioaz (Jupiter-en eta Saturno-ren artean, K.a. 7/6. urtean hiru aldiz gertatuaz) azaldu nahi izan da gertaera, edota kometa bat agertu izanaz (txinatar astronomoek atzemana K.a. 5/4. urtean). Zorakeria da hau eta zentzugabea. Aski da izarrak egin duen bideari erreparatzea. Ekialdean agertu zaie, eta Jerusalemdik irtetean berragertu, haurra dagoen leku gainean gelditzeko. Gidatzen hasi delarik, zergatik ez du egin bide osoan, Haurtzaroko armeniar liburuak dioen bezala? Eta nolatan geldi daiteke izar bat sehaska baten gainean? Jainkoarentzat «ez da ezinik», baina muga batzuen barruan betiere.

Magoen kopurua eta izenak

Haurtzaroko armeniar liburuak (IV. mende azkenekoak) dio: «Bat-batean, Jaunaren aingeru bat presaka joan zen pertsiarren lurraldera, errege magoei adieraztera haur jaio berria adoratzera joan zitezen. Eta hauek, bederatzi hilabetez izar batek gidatuak izan ondoren, iritsi ziren helmugara Birjina erdi zen mementoan… Eta errege magoak hiru anaia ziren: lehena, Melkon (Meltxor), pertsiarren gain errege izan zena; bigarrena, Baltasar, indiarren gain errege izan zena, eta, hirugarrena, Gaspar, bere jabetzan arabiarrak eduki zituela». Mateorentzat, funtsezko datua da ez direla juduak, baizik atzerritarrak.
Justinoren (K.o. 100-164) arabera, Arabian dute jatorria. Ondoren, Pertsia nagusitu da. Kopuruari dagokionez, siriar elizak hamabi aipatzen ditu.

Kontrastea lehen irakurgaiaren eta ebanjelioaren artean

Ematen du, liturgiak Isaiasen liburuan (60,1-6) iragarria bete izana ikusten duela gertakizun honetan.

Jaiki, Jerusalem, badator-eta zure argia:
Jaunaren aintza zure gain ageri da!
Ikus, ilunpean dago lurra, gau beltzean herriak;
zure gain, ordea, Jauna ageri da, haren aintza zure gain nabari.
Zure argirantz joko dute herriek, zure egunsenti-distirarantz erregeek.
Begira ingurura eta ikus: seme-alaba guztiak zuregana datoz, bildurik:
urrutitik datoz zure semeak, besoetan dakartzate zure alabak.
Hura ikusiz, distiratsu jarriko zara,
bihotza pozez lehertzeko zorian;
zuregana bilduko dituzte urrutiko herrien altxorrak,
zuregana ekarriko nazioen ondasunak.
Gamelu ugariz beteko zara,
Madiango eta Efako karabanak etorriko dira,
baita Sabako guztiak ere,
urrea eta intsentsua ekarriz
eta Jaunaren egintza goresgarriak hots eginez.

Alabaina, kontrastearena da erlazioa. Isaiasengan, Jerusalem da protagonista, Jainkoaren aintzak distira dagi haren gainean eta hara dakartzate herri paganoek beren seme-alabak, judu erbestetuek beren aberastasunez beteko dute, intsentsuaz eta urrez. Ebanjelioan, berriz, protagonista ez da Jerusalem; Jainkoaren aintza, Mesias, Betleemen agertu da, eta hara doaz, azkenean, magoak. Jerusalem igarobide hutsa da, eta Mesiasen arerioen bizileku: Mesias hil nahi duen Herodesena, eta ezikusiarena egiten dioten lege-maisuena eta apaizena.

José Luis Sicre