Eguberri ondoko 2. igandea (2016-01-03)
Historia bat bost etapatan

Joanen ebanjelioaren Hitzaurrea ulertzeko aurrekaria

Alexandro Handiaren konkistek, K.a. IV. mendean, greziar kulturaren zabalkunde handia eragin zuten. Judean, beste alde guztietan bezala, grekoek egundoko eragina zuten: gero eta gehiago hitz egiten zen haien hizkuntza, gero eta gehiago imitatzen haien ohiturak, egiten eraikinak haien estiloari jarraituz, irekitzen gimnasioak, irakasten haien filosofoen doktrina. Juduak, klase altuak gutxienez, liluraturik bizi ziren Greziako jakinduriarekin. Alabaina, idazle batzuek ez zuten partekatzen aurreko horien gogo-berotasuna. Idazle hauentzat, greziar jakinduria oraintsuko produktua zen, giza buruaren obra, eta leku pagano batean zuen bere tenplua: Atenasen. Zinezko jakinduria, berriz, betikoa da, Jainkoagan du bere jatorria, eta Jerusalemen du egoitza. Hau guztia hitz arruntez deskriba daiteke edota olerkiz, jakinduria emakume bat bezala aurkeztuz eta beraren historia kontatuz. Bibliako hainbat testu oinarritzat harturik, berreraiki dezakegu Jakinduriaren historia hori.

Jainkoaren Jakinduriaren historia

Lehen etapa: Jakinduria Jainkoaren ondoan hasieratik (Esaera Zaharrak liburua 8,22-26).

Jaunak bere jardueraren hasieran sortu ninduen,
bere lehen egintzen aurretik.
Betidanik izan naiz eratua,
hasiera-hasieratik, lurra izan baino lehenagotik.
Ur-leizerik ez zenean izan nintzen sortua,
iturbururik ere ez zegoenean.
Mendiak landatuak izan aurretik,
muinoak baino lehen izan nintzen sortua;
artean ez zituen Jainkoak lur hau eta belarra eginak,
ezta lurreko lehen sokorrak ere.

Bigarren etapa: Jakinduria eta kreazioa (Esaera Zaharrak 8,27-31)

Zeruak ezarri zituenean, han nengoen ni,
ur-leizearen gainetik zeru-sabaia jarri zuenean,
hodeiak goian bildu
eta leize-iturriak tinko ezarri zituenean,
itsasoari mugak finkatu
–eta urek ez dituzte muga horiek gainditzen–,
eta lurrari oinarriak jarri zizkionean;
haren ondoan nengoen ni, obra-maisu bezala;
beraren gozamena nintzen egunero,
beraren aurrean jolastuz aldioro:
beraren ludiaz jolasten nuen
eta gizakiekin nuen neure gozamena.

Hirugarren etapa: Jakinduria Jerusalemen kokatzen da (Ben Sirak 24, 7-8.10-12)

Alde guztietan ibili nintzen atseden bila,
zein lurraldetan aurkituko ote bizilekua.
Orduan, gauza guztien sortzaileak agindua eman zidan,
sortu ninduenak egoitza finkatu,
esanez: «Ezarri zeure egoitza Jakoben herrian,
hartu Israel zeure ondaretzat.
Haren aurrean jardun izan dut
egoitza santuan kultu-lanean
eta horrela finkatu naiz Sion mendian.
Hiri maitean eman dit atseden-leku
eta Jerusalemen dut neure aginpidea.
Herri ospetsuan bota ditut sustraiak,
Jaunaren sailean dago nire ondarea.

Halaz guztiz, gerta daiteke zenbait jendek uko egitea Jakinduriaren aholkuei. Izatez, judu askok ez zuten onartu mezu hau. Beste idazle batek entzuten ez diotelako kexu den emakume bezala aurkeztu du Jakinduria (Esaera Zaharrak 1,24-25).

Deitu, eta ezezkoa erantzun didazue,
nik eskua luzatu, eta inork jaramonik ez,
nire aholkuak baztertu
eta zentzarazpenik ez didazue onartu.

Laburtuz, Jainkoaren Jakinduria haren ondoan dago hasieratik, haren lagun da kreaziokoan, gozamena du gizon-emakumeekin, Israelen ezarri du bere egoitza. Halere, jende asko ez da gozatzen harekin. Nahiago du beste bide bat; ez dio jaramonik egiten.

Hitzaren historia
Joanen ebanjelioaren Hitzaurrearen idazleak aurreko ideia horiek Jesusi esleitu edo aplikatu zizkion, aldaketa batzuek tartekatuz. Beste ezer baino lehen, Jainkoaren Jakinduria deitu ordez, Hitza deitu dio.

Lehen etapa: Hitza Jainkoaren ondoan (Jn 1,1-2)

Hasieran bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zegoen
eta Hitza Jainko zen.
Hasieran Jainkoarekin zegoen Hitza.

Alde nabarmen bat du honek Jakinduriaren testuarekiko. Jainkoak kreatua da Jakinduria. Hitza, ez; harekin da hasieratik. Gainera, gorazarre honen idazlea oso neurritsua da; ez zaio otu Hitzak Jainkoaren aurrean jolas egiten zuenik esatea.

Bigarren etapa: Hitza eta kreazioa (Jn 1,3-5)

Gauza guztiak
beronen bidez egin ziren,
eta egindakotik ezer ez da berau gabe egin.
Hitzarengan zegoen bizia,
eta bizia gizakien argia zen;
argi horrek ilunpean egiten du argi,
eta ilunpeek ez zuten mendean hartu.

Aho-korapilo bat dirudi; baina oso sinplea da: Jainkoaren hitzak sortu zuen dena. Eguzkia, ilargia, izarrak, mendiak, itsasoa…, marmola, zura, kristala… Dena Jainkoaren Hitzak sortua da. Eta Hitza, gizon-emakumeen kreatzaile izateaz gain, gure argia da. Hau da berritasun bakarra, guztiz garrantzizkoa: hasieratik borroka sortu dela argiaren eta ilunaren artean; baina ilunak ezin hartu izan du mendean, ez dio gaina hartu argiari.

Hirugarren etapa: munduak, Hitzak sortuak, ezikusiarena egin dio (Jn 1,10).

Orain arte dena ondo zihoan. Jainkoa eta Hitzak pozik egoten ahal ziren. Bat-batean, jabetu dira munduak ezikusiarena egin diola Hitzari.

Munduan zegoen
eta, mundua haren bidez
egina izan arren,
mundukoek ez zuten onartu.

Mundua esatean, ez da ari izaki bizigabeez, baizik Jainkoari ezikusiarena egiten dioten gizon-emakumeez, adoratzen ez dutenez edota bazter uzten dutenez. Hitzaurrearen idazleak herri pagano guztiak ditu gogoan, egiazko Jainkoa ezagutzen ahal zutenak, baina idolatria-era desberdinetara jo zutenak.

Laugarren etapa: Hitzak bere egoitza Israelen ezartzea erabaki du; bere herriak, ordea, uko egin dio (Jn 1,11).

Zer egingo du Hitzak munduak alde batera utzi duela ikustean? Judu batentzat, nabaria da erantzuna: Israelen babestu, herri hautatuan, Jakinduriak egin zuen bezala: «Herri aintzatsu batean bota nituen sustraiak, Jaunaren sailean, bere ondarean». Horixe bera egin du Hitzak, baina ezusteko desatsegin batekin egin du topo.

Bere etxera etorri zen,
baina bereek ez zuten onartu.

Bosgarren etapa: Hitzak haragi egitea erabaki du eta gure artean bizitzea Jn 1,14).

Bi porrot jasan ditu Hitzak: munduak ezikusiarena egin dio eta bere herriak uko egin dio. Zer egingo luke gutako edozeinek haren kasuan? Jainkoaren ondoan gelditu eta guztiez ahaztu. Zorionez, Jainkoa ez da horrelakoa. Imajina daitekeen erabakirik txundigarriena hartu du Hitzak.

Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Ikusi dugu haren jainkozko aintza,
Aitarengandik
maitasun eta egiaz betea
datorren Seme bakarrari
dagokion aintza.

Baikortasun xalotik errealismo magikora (Jn 1,12)

Jakinduriaren historia baikorregia gertatu da. Gorazarrea, berriz, oso ezkor irudi dakiguke. Baina ez. Nahiz ez den mundu osoa, ezta Israel osoa ere, bada talde bat, juduk eta paganok eratua, Jesusi harrera egiteko, harengan sinesteko prest dena. Horiek, guk guztiok, egundoko saria hartu dute, dugu.
Onartu zuten guztiei
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.

Eta talde honek haren aintza kontenplatzen du, eta haren betearen betetik hartu du maitasuna maitasunaren gain.

José Luis Sicre