MARIA JAINKOAREN AMA (C) 2016-01-01

SARRERA

Senideok, gizon egin den Jainkoaren misterioa ospatzera bildu gara beste behin. Misterioa esatean, kontuan har dezagun zer esan nahi den: mundua salbatzeko, Jainkoak betidanik izan duen asmoa esan nahi du misterio hitzak. Eta misterio hori Jesusengan gauzatu dela ospatzen dugu. Ordu arte erdi-ezkutuan zegoen asmo hori bizi-bizi agertu da Jainkoaren Semea gizon egitean. Horixe da Eguberritan ospatzen dugun misterioa edo gertakizuna.
Baina gaur inportantzia berezia eman nahi diogu gertaera horretan aparteko moduan esku hartu duen Andre Mariari. Emakume bat Jainkoaren Ama, eta gure Ama.
Hirugarren, Urte Berri jaia ere ospatzen dugu. Hasi dugun urterako, elkarri zorionik handiena ospatzeko ohitura dugu. Zorionak emateko ohitura honek badu lotura bat gaurko lehenengo irakurgaiarekin: honela bedeinkatuko duzu herria esan dio Moisesek Aaroni: Jainkoak bedeinka zaitzala eta zaindu. Elkarri «urteberri on» esatean, «Jainkoak bedeinka zaitzala eta zaindu» esaten diogu. Desio handiagorik?
Laugarren, aspaldiko urte hauetan, urtearen lehen egun honetan, bakearen beharra aldarrikatzen dugu mundu osoan.
Saia gaitezen lau gai hauek geure barru-barruan bizi eta txertatzen.

LEHENENGO IRAKURGAIA Zenbakiak liburutik (6,22-27)

Israel herriak modu berezian aitortu ohi zuen Jainkoaren izena. Herria zintzo eta onik bizitzea, Jainkoaren aintza munduan agertzea zen, eta da. Aldiz, herria bekatuan eta oker bizitzea, Jainkoaren aintza munduan itsusi uztea zen, eta da. Horregatik, egiten du otoitz hau Aaronek: Bedeinka zaitzala Jaunak eta zaindu. Ipin dezagun geure bihotzean otoitz hori bera gaurko mundu osoarentzat: har dezala mundu osoak Jainkoaren eskaintzen dion bere maitasuna.

BIGARREN IRAKURGAIA Galaziarrei egindako gutunetik (4,4-7)

Paulo apostoluak munduaren historia bi zati handitan banatu du: batetik, Kristo haurrekoa; bestetik, Kristo ondokoa. Kristo aurrekoa esklabutzaren aldia da: legearen morroi eta neskame bizi da mundua. Kristo ondokoa, aldiz, askatasunaren aldia da: gizon-emakumeak ez dira jadanik esklabo, ez dira morroi edo neskame, baizik seme-alaba dira, eta seme-alaba izateak libre izatea esan nahi du.
Alabaina, Pauloren arabera, esklabutzatik askatasunera pasatze hori ez da izan gizakiaren egintza, Jainkoarena baizik. Gizon egin den Jainkoak egin du hori. Bata bestearen osagarri diren bi txandatan gauzatu du hori Jainkoak: batetik, bere Semea bidali du mundura; bestetik, bere Semearen Espiritua bidali du gizon-emakume bakoitzaren bihotzera. Senideok, Espiritu horren eraginez, izan gaitezela gai, Jainkoari bihotz-bihotzez ABBA, Aita, esateko.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (2,16-21)

San Lukasek bi liburu idatzi ditu: bere izena duen Ebanjelioa eta Apostoluen Eginak deritzana. Eta honetarako idatzi ditu, berak dioenez: «jaso dituzun irakaspenak oinarri sendoa duela jakin dezazun». Hainbat pertsonaia ageri dira Lukasen ebanjelioan, Jesus haurraren inguruan; nagusiki hauek: Zakarias, Andre Maria, Artzainak.
Kristoren ikasle eredu bezala aurkeztu ditu Lukasek artzainak: Berri Ona onartu dute eta segidan zabaldu. Gogokoena, ordea, Andre Maria du Lukasek: Mariak ikusi eta entzundako guztia bere bihotzean gorde eta hausnartu du, eta bat egin du erabat Jesusen misio edo egitekoarekin.
Horra zertara gonbidatzen gaituen Lukasek gu ere: Jesusek mundu honetara ekarri duen eginkizuna betetzen saiatzea. Eta badakizun zein eginkizun ekarri duen Jesusek: gizon-emakume guztiak salbatu, liberatu, nor bere buruaren jabe burutsu egin.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Lurreko aita-ama guztien alde: bizi-emaile izateaz pozik bizi daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Munduan jendea hezteko, hezitzeko, bizia ematen ari diren guztien alde: aitatasun edo amatasun espiritual hori aintzat hartu eta erantzukizunez bete dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Andre Maria aintzat hartzen ez duten kristau guztien alde: Kristoren Espirituari bihotzean kasu egiten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Eguberrialdi hau, fedez eta esperantzaz bizi ordez, era gutxi-asko paganoan bizi dutenen alde: ebanjelioak ematen dituen sustraiak hausnartzera hurbiltzeko gai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.