EGUBERRIEN NOSTALGIA
Eguberri eguna C 2015-12-25

Nostalgiaz beteak diren jaiak dira Eguberriak. Bakea abestu ohi da, baina ez dakigu nola eraiki. Zorionak opa izaten dizkiogu elkarri, baina gero eta zailagoa dirudi zoriontsu izatea. Opariak erregalatzen dizkiogu batak besteari, baina txera eta afektua dira behar ditugunak. Jainko haurrari abesten diogu, baina gure bihotzean itzaltzen ari da fedea. Bizitza ez da nahi izango genukeena, baina ez dakigu nola hobetu.

Ez da soilik Eguberritako sentimendu. Bizi osoa hartzen du nostalgiak. Ezerk ez ditu betetzen gure desioak. Ez da erabateko bakerik eman dezakeen aberastasunik. Ez da desio sakonenei erabat erantzuten ahal dien maitasunik. Ez da gure ametsak erabat asetzen ahal dituen arrakastarik. Ezinezkoa da guztiek gu maitatzea.

Oso ondorio baikorrak izan ditzake nostalgiak. Bide ematen digu pentsatzeko, gaur eskura duguna eta gozatzen duguna baino harago doazela gure desioak. Gure existentziaren hodeiertza, ezagutzen dugun guztia baino handiagoa eta beteagoa den zerbaitera luzatzen laguntzen digu. Aldi berean, bizitzari ezin eman digunik ez eskatzen irakasten digu, harremanetatik ez espero izaten ezin eman digutenik. Nostalgiak ez digu bizitzen uzten soilik mundu honi kateaturik.

Gauza erraza da bizitzea, geure baitan taupadaka dugun infinituaren desioa itoz. Koraza batean hesitzen gara, ikusten eta ukitzen duguna baino haragokoa ikusteko sorgor bihurtzen garelarik. Eguberrietako jaiak, nostalgiaz bizirik, beste giro bat sortzen du: egun horietan hobeto hautematen da etxearen eta segurtasunaren premia. Bere bihotzarekin mailarik txikinean harremanetan jartzen denak, sumatzen du Jainkoaren misterioa dela bere azken zoria.

Norbait sinestedun bada, fedeak egun hauetan misterio hori bilatzera gonbidatzen du, ez lurralde arrotz eta iristezin batean, baizik haur jaioberri batengan. Gauza horretaraino da laua eta sinestezina. Jainkoagana hurbildu, haur batengan egin ohi dugun bezala behar dugu egin: era soilean eta zaratarik gabe; diskurtso handiosik gabe, bihotzari darizkion hitz xumez. Geure baitan dugun gauzarik hobena irekitzen diogunean egiten dugu topo Jainkoarekin.

Gure gizartean sortu ohi den giro arin eta azalekoa gorabehera, Eguberriak Jainkoagana hurbiltzeko aukera izan ditzakegu. Gutxienez, fede xumez eta bihotz garbiz bizi baditugu.
Jose Antonio Pagola