JAINKOAREN ERRUKIA
ETA
GIZAKIAREN ERRUKIA
Euskaraz errukia esaten duguna, latinez «misericordia» esaten da. Eta bi hitzez moldatua da: «miseria» eta «cors» (bihotza). Bi eratara uler genezake: gizakiaren «bihotzaren miseria» eta Jainkoaren «bihotza» gizakiaren miseriaren aurrean. Alde batetik, gure miseria. Bestetik, miseria horren aurrean Jainkoaren jarrera. Eta berehala esateko: Jainkoari jasanezin gertatzen zaio gure miseriari hori; honi esaten diogu Jainkoaren bihotz errukitsua.
Jainkoaren bihotz errukitsua
Lehenengo, saia gaitezen pixka bat sakontzen Jainkoaren bihotz errukitsua zer den. Ondoren, hitz batzuk gizakiok errukitsu izateko dugun ahalbide handiaz.
«Errukia Liburu Santuetan hitz giltzarria da, Jainkoak gurekiko duen jokabidea azaltzeko», esan digu Frantzisko aita santuak Errukiaren Urte Santu hau deitzeko idatzi duen Buldan (9. zenb.).
Ibilbide luzea egin genezake Biblian gai honen inguruan. Testu bakan batzuk bakarrik gogoratuko ditugu.
«Jainkoa pazientzia handikoa da eta errukitsua» (Irteera 34,6). «Jainkoak babesten ditu atzerritarrak, eta janaritzen umezurtzak eta alargunak» (Sal 146 [145], 9). «Jaunak sendatzen ditu bihotz atsekabetuak eta sendatzen dizkie zauriak. Jaunak sostengatzen ditu apalak» (Sal 147 [146], 3.6).
Jainkoa aita edo ama bezalakoa da: «Ama bat ahaztu al liteke bere semeaz edo alabaz? … Hura ahaztuko balitz ere, ni ez naiz zutaz ahaztuko» (Is 49,14-15).
«Betikoa da haren errukia» (Sal 136 [135]: Salmo guztian errepikatzen da. Salmo hori Salbamen Historiaren laburpena-edo da, eta herriak eskerrak ematen dizkio Jaunari beraren onberatasunagatik, kreazioagatik, Egiptotik alde egiten laguntzeagatik, beste askapen eta mesede guztiengatik.
Beste aipamen asko eta asko egin genitzake. Gogora ditzagun soilik hiru parabola Frantzisko aita santuarekin (Misericordiae vultus 9. zenb.): «ardi galduarena, galdutako txanpon baliotsuarena, eta aita onaren eta bi semeena (ikus Lukas 15,1-32). Parabola hauetan, Jainkoa beti pozik ageri da, batez ere barkatzen duenean. Horietan dugu Ebanjelioaren eta geure fedearen muina; izan ere, dena garaitzen duen indar bezala ageri da hor errukia, bihotza maitasunez betetzen eta barkazioaz kontsolatzen duelarik.
Batez ere, ordea, gogora dezagun hau: Jainkoa ez da konformatu hitz egitearekin. Bere Semea bidali digu. Eta Jesusengan bere bizia eman du gugatik.
Gizakiaren bihotz errukitsua
«Errukitsuak zeruko Aita bezala». Errukiaren Urte Santu honetako lema edo gidalerroa dugu.
Kontuan izan dezagun, beti Jainkoak hartu digula aurre. Maitasun da Jainkoa. Erruki da Jainkoa. On handia da Jainkoa. Eta Onak tira egiten du. Giza bihotzak, sortzetik, ahalbide handia du: zeruko Aita bezala errukitsu izateko ahalbidea.
Bai, ahalbide handia dugu. Baina, ahalbidea bada, esan nahi du oraindik ez dela gauzatu; egiten eta gauzatzen joan behar duela. Frantzisko aita santuak esan digu: «Errukia helmuga da, lortu beharreko helmuga; konpromisoa eta sakrifizioa eskatzen ditu» (Misericordiae vultus 14. zenb.). Erromes-bide hori egiteko, eskuak errugabe izan behar ditugu, bihotza garbi, uko egin idoloei (kontsumismoari, harropuzkeriari, alferkeriari…), uko egin lagun hurkoaren epaile izan nahiari…
Geure Bataioa bizi beharra dugu. «Jaunaren Espiritua nigan jarri da», Jesusekin egin zuen bezala. Ez nau gantzutu ezerezean gelditzeko. Baizik berri ona zabaltzeko, askatasuna emateko, Jainkoa onginahi hutsa dela hots egiteko.
Konklusioa
Jainko errukitsuak errukitsu kreatu nau. Nigan sumatzen dudan erruki-eskasia ez da izan Jainkoaren eskasia ni kreatzean. Hau dut neure egitekoa: Salbamen Historian barna Jainkoak egin dituen errukizko egintza hauei begira jartzea, haiek hausnartzea, haiek mirestea, neure burua harriduraz betetzea haien aurrean; berriz diot, egintza haien aurrean neure barnea harriduraz blai egitea, eta asmoa hartzea, bihotz handiz, falta zaidan errukiaren zati hura berreskuratzeko, Jainko Aita bezala errukitsu izateko. Jesusen Espirituak lagundu gaitzala erromesbide horretan.
DIONISIO AMUNDARAIN