Abendualdiko 4. igandea C (2015-12-20)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioak jarrera eta jarduera berezi bi agertzen dizkigu. Berri Ona ezagutzen eta bizi denean hartzen diren jarrera eta jarduera dira.

Andre Mariak ama izango dela jakin du. Jakin du ere Elisabet, beraren lehengusina, ama izango dela. Hori jakinik, Maria ezin kabitu da bere larruan. Batetik, bere amatasunaren berri eman beharra sentitu du. Bestetik, Elisabeti laguntzera joan beharra sentitu: hari zorionak ematera eta laguntzera. Horra bi jarrera eta jarduera.

Berehala bideari ekin dio Mariak. Ez da txantxetako asmoa. Elisabet urruti bizi da. 193 km-ra gutxi gorabehera; Jerusalemdik hurbil den Ain Karim herrixkan. 193 km. Garai hartan ez zuen autorik, ez bestelako gaur egungo ibilgailurik. Pentsatzekoa da, Jose lagun izango zuela, eta asto bat ere izango zutela.

Nabarmentzekoa da Mariaren jarrera. Elisabeti lagundu nahi dio. Hiru hilabete, dio ebanjelariak, harekin emango ditu. Bere buruaz ahazturik, behartsu bati laguntzera joan da.

Maria bere bizitzan zerbitzari izan da. Aingeruari ere horixe esan dio: Hona hemen Jaunaren zerbitzaria. Horixe esan nahi dio Elisabeti ere.

Zerbitzari! Jesusek agertu eta erakutsi digun jarrera da. Mariaren bisita horrek, Jainkoak gizadiari egin dion bisita adierazten digu. Gizadiaren beharra ikusi. Gizadiaren miseria ikusi, eta Jainkoa bisitan etorri da. Ez aberats. Ez boteretsu. Ez indartsu. Baizik pobre, xume.

Aste honetan, biziki erasan didan zutabe bat irakurri dut VIDA NUEVA aldizkarian, «Una hermosa historia de misericordia» du izenburu. Friedrich Nietzsche-z eta haren amaz ari da idazkitxoa.

Nietzsche 1844an jaio zen eta 1900ean hil. Aita artzain protestantea zuen , luterotarra; haur zela hil zitzaion. Ama ere luterotarra, oso elizkoia. Unibertsitate-ikasketak egiteko adinera iristean, teologia eta filologia aukeratu zituen Nietzschek. Ama oso gustura. Alabaina, teologia bertan behera utzi zuen oso laster. Filologiari eta filosofiari lotu zitzaion bete-betean. 19. mendeko filosofoa handienetakoa izan zen.

Liburuak idatzi eta idatzi. Familiarekiko loturak ia erabat eten zituen. Beste lotura asko ere bai. Gaurko gure gaiari dagokionez, hauxe da azpimarratzekoa: Jainkoaren eta kristautasunaren kontra jo zuen buru-belarri Nietzschek.

Hona hiru esaldi esanahitsu alde horretatik: «Fedea izateak, egia ez jakin nahi izatea da». «Jainkoa ukatzea izango mundua salbatzeko modu bakarra». «Jainkoa hil da. Ematen du, gizon-emakumeek hil dutela».

Baina zergatik kristautasunaren kontra? Kristautasunak errukia, apaltasuna, xumetasuna hots egiten duelako.

Eta aipatu dudan Vida Nuevako idazleak konkluditzen du. Errukiari, apaltasunari eta xumetasunari uko egin zion hark, bere amaren errukiaren, apaltasunaren eta xumetasunaren beharra izan zuen bere azken urteetan. Bere bizitza guztian aski gaixo fisiko izan zen Nietzsche filosofo handia erotu egin zen azkenean. Beste artzain protestante batek deiturik, ama Italiara joan zen bere semeaz arduratzera. Amak Alemaniara eraman zuen semea. Lehenik, arreta-etxe batera. Han ezin-sendatukotzat jotzen zutelako eta gaixoaren bizkar barre egiten zutelako, bere etxera eraman zuen, han sendatuko zelako uste beteaz.

Ama hark asko sufritu behar izan zuen semeak, onik zegoenean, Jainkoaren eta Elizaren kontra idazten zituenen berri entzutean. Asko sufritu behar izan zuen erotu zen semeak, hasiera batean bederen, agertu zuen jarrera bortitzagatik. Ama errukitsuak dena onartu zuen maitasunez, errukiaz.

Senideok, horrenbesteraino iritsi gabe, errukizko mila etsenplu ditugu geure artean: urrunera joan den semeari bisita egitera joan diren gurasoak; urrunean preso dauden ahaide edo ikasle ohiei bisita egitera joaten direnak; Andre Mariak bere sabelean Jesus Elisabeti eraman zion bezala, gaixoei astero-astero komunioa ematen dietenak; gaixoak etxean, adinekoen egoitzan, ospitalean… bisitatzen dituztenak…

Hori guztia, Jesusen bidez Jainkoak gizon-emakumeoi egin digun bisitaren kopia dugu. Poztu gaitezen Jainkoaren lankide izateaz.

DIONISIO AMUNDARAIN