Abendualdiko 3. igandea C 2015-12-13
HOMILIA

«Poztu zaitez». Horixe dugu geure lema edo gidaria igande honetan. Lehenengo irakurgaian entzun dugun irrintzia da. Sofonias profetaren mezua da. «Poztu zaitezte».

Alabaina, gure mundu honetan, poza askotan asearekin nahasten dugu, ase izatearekin. Eskura izan ditzakegun gauzetan jartzen dugu geure poza. Autoa dela. Etxea dela. Soldata ona dela. Are gehiago: senarra/emaztea/seme-alabak ditudala. Duela gutxi, emakume batekin elkarrizketatxo bat izan nuen. «Ez naiz pozik bizi», zihoen. Eta nik, zerbait esateagatik, «senarra baduzu, etxea ere bai, bi alaba ere bai». Baina «ez naiz pozik bizi». Emakume hori kristaua da. Ez da katolikoa. Ez nintzen ausartu beraren bizitzan gehiegi sartzen. Ez nuen gehiegi ezagutzen. Gutxiena uste duzun puntuan, askotan, hanka sartzen duzu. Eta neure buruari galdetu nion: «zer falta zaio emakume hori?»

Bidezkoa dugu aipatu ditudan gauza horiez poztea. Eta gustukoak ditugun beste gauza askotan. Atseden bat ematen digute. Lasaitasun bat.

Baina, bai Sofonias profetak lehenengo irakurgaian, bai Isaias profetak gaurko Salmoan, bai Paulok bigarrenean, beste zerbait proposatzen digute benetako pozaren SUSTRAITZAT:
−«Poztu zaitez, Siongo alaba… Jauna izango da Israel herriaren erregea, zuen artean dago… Gozatzen eta pozik dago Jauna zugatik, maite zaitu…», diosku Sofoniasek.
−«Bai handia dela zuen artean Israelgo Santua», diosku Isaiasek Salmoan.
−«Senideok, bizi beti pozik Jaunagan… Jauna hurbil da… Eta Jaunaren bakeak babestuko ditu zuen bihotza eta zuen pentsamenduak Kristo Jesusengan», diosku Paulok.

Bai. Kristo Jesus da gure pozaren sustraia eta oinarria. Hark bakarrik eman diezaguke poz sanoa eta benetakoa. Beste gauza guztiek nolabaiteko eta unean uneko behin behineko poz bat ematen ahal digute. Baina poz iraunkorra Jesusek bakarrik. Beste behin gogoratu nahi nuke Loiolako Ignazioren hura. Iruñean zauritu zuten, eta Loiolan zegoen sendabidean. Gogorrena pasatu zuenean, liburu batzuk irakurtzen hasi zen. Pentsamendu asko nahasten zituen. Batetik, garai batean irakurri zituen «nobelatakoak» (zalduneria liburuetakoak); bestetik, irakurtzen ari zen bi liburuetakoak (Jesusen Imitazioa eta Santuen bizitza). Nobeletako pentsamenduek mementoan atsegina ematen zioten, baina berehala tristura sartzen zitzaion. Jesusen eta santuen liburuetako pentsamenduek, berriz, atsegin iraunkorra ematen zioten. Zer pentsatu handia eman zion horrek.
Jesusen lehen etorreraz Eguberrietan egingo dugun ospakizunera hurbiltzen ari garen honetan geure buruari begiratu on bat emateko egokiera dugu geuk ere, Loiolako Ignaziorekin batean. Batez ere, gaur, Sofoniasekin, Isaiasekin eta Paulorekin.

Bestalde, gaurko ebanjelioan Lukasek Joan Bataiatzailea dakarkigu gogora. Bere predikuaz, jendea ahozabalik utzi du. Harriturik eta kezkaturik. Eta «zer egin behar dugu» galdetzen diote. Joanek zorrotz erantzun die: «Bihotz-berritu zaitezte». Esan nahi du: aldatu pentsaeraz, aldatu mentalitateaz, aldatu buruko klixeaz. Eta gauza konkretuagoetara joz, nori bere egitekoa gogorazten dio: bi tunika edo soineko dituenak, jatekorik duenak… banatu ditzala ez duenarekin; zergak kobratzen dituztenek ez dezatela ustelkeriarik egin; soldaduek ez dezatela inor bortxatu…

Baina aholku edo egin behar horien hondo-hondoan dagoena agertzen du Joanek gauzarik funtsezkoentzat: «ni ez naiz Mesias, BESTE BAT dator nire ondoren. Hark Espiritu Santuaz eta suaz bataiatuko zaituzte».

Horra berriro gure pozaren sustraia. BESTE BAT dator. Hark erakutsiko digu zer egin, pozik bizi ahal izateko.

Jesusen Espirituak eman diezagula argia, Joanen ondoren etorri den BESTE HORI aintzat hartu ahal izateko. Uste eta fede hau indartzeko egokiera handia izango dugu datozen Eguberrietan.

Dionisio Amundarain