Abendualdiko 2. igandea C 2015-12-06
HOMILIA
Anai-arrebok!
Aste honetan, besteak beste, pozaldi handi bat izan dut. Agian, norbaitek pentsatuko du nire txorakeria bat dela. Baina, egia esan, poz handia sentitu dut albiste xume batekin.« Mundo Negro» izeneko aldizkarian irakurri dut. Txoko batean. Ondoren, Internetara jo dut, eta luzeago irakurri dut albistea. Hauxe. Paduako gotzain izan da Antonio Mattiazo. Erretiroa hartzeko eguna iritsi zaionean, zer egin duela uste duzue? Etiopiara joan da, misiolari. Beste titulurik gabe. Beraren hitzak dira: «Paduako nire gotzain-ministerioa bukatzean, artean osasun oneko sentitzen naizela, otoitzaren isiltasunean sentitu dut misioetara joateko deia». Irailaren 10ean iritsi zen Etiopiara.
Gauza sinplea. Bai eta ez. Dela dela, beste zerbait ekarri dit gogora. Jainkoaren Semea, bere jainkozko izaera ezkutuan utzirik, misiolari etorri da mundura. Gure artean bizitzera. Gure bidelagun izatera. Ez al da hori albiste handia? Ez al da zoragarria? Ez al da pozik ospatzekoa?
Senideok, Jesusen etorrera horren urtebetetzea ospatuko dugu Eguberritan. Hori gogoan dugula bizi behar dugu Abendualdia. Etorrera horren urtebetetzea ospatzeak, gauzatxo bat eskatzen digu. Gaurko irakurgaiek argitzen digute zer gauza.
Entzun dugu Baruk profetaren hitza. «Jaunak gogoan zaitu» esan dio Israel herriari. Gogoan zaitu! Hausnartu al dut sekula hitz hori. Jaunak, Jainkoak, munduaren kreatzaileak, gauza guztien egileak gu gogoan gaitu. Bigarren Isaiasen hura ere zoragarria da: «Ama bat ahazten al da bere semeaz, bere alabaz? Ama bat ahaztuko balitz ere, ni sekula ez zuetaz», esaten du Jainkoak Isaiasen lumaz. Jainkoa ez da ahazten Jerusalem bere emazteaz. Txundigarriak dira Barukek Jerusalemi esaten dizkion hitzak, gaur guri esanak: utzi lutozko zure jantzia, eta poztu Jainkoaren aintzaz. Igo mendira. Begira. Garai batean galdu zenituen seme-alabak hor datoz itzulian etxera errege-karrozatan.
Baldintza bat adierazten du Baruk profetak: beheratu mendiak, altxatu ibarrak. Esan nahi du: zuen artean harro eta aberats direnak apaldu eta beheratu bitez; zuen artean behartsu eta elbarri direnak altxatu eta goratu bitez.
Eta EBANJELIOA. Joan Bataiatzaileaz ari da Lukas ebanjelaria. Bataioa predikatzen du Joanek. Ez da behin eta berriz hartuko den bataioa. Bakarra da. Bihotz-berritzea eskatzen duen bataioa.
«Prestatu bidea Jaunari –hots egiten du−. Zelaitu bidexkak». Horixe da baldintza bakarra. Hor ere gauza bera: ez da kontua makineria handi bat hartu eta mendiak beheratzen hastea. Hau da baldintza: gizon-emakume guztiok pareko egitea. Orduan, «gizon-emakume guztiek ikusiko dute Jainkoaren salbazioa».
Etiopiara misiolari joan den gotzain-ohiaren jarrerak, gure artera misiolari etorri den Jainkoaren Semearen jarrerak ireki ditzatela gure bihotzeko begiak. Zer garen ikusteko gai izan gaitezen. Geu zer garen ikusirik, besteak zer diren ikus dezagun.
Jesusen Espirituak argitu gaitzala. Guztiok profeta izatera deituak garela ikus dezagun. Alde batetik, zuzengabekeria guztiak salatzen dakien profeta. Bestetik, bihotzean esperantza ereiten dakien profeta.
DIONISIO AMAUNDARAIN