OHARPENAK 

SARRERA 

            Anai-arrebok, urteko 20. igandea ospatzen dugu gaur. Liturgiako aro nagusietan –abendualdia, eguberrialdia, garizuma, aste santua, pazkoaldia–  salbamen-historiako misterio nagusiak ospatu ondoren, Urtekoa deitzen dugun aldi honetan, Jesusen Ebanjelioa hari gara bizitzen, igandez igande, dosi txikiak hartu, hausnartu eta biziz.

Gaurko honetan, beste behin, paganoa zen emakume baten ahotik, fede-aitorpen handi bat entzungo dugu. Jesus bera ere txunditurik utzi duen fede-aitorpena: «txakurkumeek ere jaten dute nagusien mahaitik jausita ogi-apurrik». Esan nahi da, edozeinen bihotzean eragin dezakeela eta ereiten duela Jainkoak fedearen dohaina. Are gehiago, fedea dela funtsezko baldintza, Jainkoaren seme-alaba izateko.

Jesusen Espirituak isuri dezala guztion bihotzera bere argi argitzailea.

 

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (56,1.6-7) 

Gaurko pasarte hau zabalago hartu beharko genuke; gutxienez, 56,1-8 hartzen dituela.

Isaiasen 2. liburuan (Is 40-55), behin eta berriz jaso du Israel herriak promesa, Babiloniako erbestealdia bukatuko dela. Segidan, 56. kapitulutik aurrera, erbestetuak Jerusalemen ageri dira; bukatu da erbestealdia.

Alabaina, Jerusalemeko egoera ez da arrosazkoa. Arazo materialez gain, erlijioaz dituzten ikuspuntu desberdinak ageri dira: batzuek erbestealdi aurreko egoerara itzuli nahi, Tenpluko kultua mamitzat hartuz; beste batzuek, Tenplurik gabe bizitzen ohitu direlako, nahiago Tora edo Legea irakurtzeari eman. Badute beste arazo bat ere: nolako harremanak izan atzerritarrekin, judu ez direnekin; antzinako legedian, erabat bazterturik zeuden atzerritarrak; alabaina, erbestean bizi izan direnean, judu ez direnekin bizi beharra izan dute.

Gaurko pasarteari gagozkiola, lehenengo zatian zuzenbidea defenditu eta bizi beharra azpimarratzen da; guztiei zor zaie duintasuna eta ongizatea. Segidan, batzuek defenditzen duten Israel berezi eta bereizitzat hartzearen kontra, unibertsaltasuna ageri da nagusi: bihotzez zintzo diren atzerritarrak onartuak izango dira. Gaurko ebanjelioan, kasu nabarmena izango da kanaandar emakumearena.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei gutunetik (11,13-15.29-32) 

Paulok egundoko kezka sortzen dion arazoaz mintzo da gaurkoan ere: Jainkoak alde batera utzi ote ditu bere herritar dituen juduak?

Halere, esperantzadun jarraitzen du Paulok. Juduek Jesusi uko egin badiote, ez du merezi denbora galtzea haiek erakarri nahiz. Egin behar duena, Jesusen berri paganoei ematea da. Hauek Jesusen bidea onartu eta onetsiko dutenean, juduengan zeloa, inbidia, sortuko da; azkenean, Jainkoaren asmoari atxikiko zaizkio.

Zergatik den esperantzadun? Jainkoaren dohainek, deiek eta promesek indarrean jarraitzen dutelako; Jainkoa hitzekoa delako. Jainkoak Israel herria noizbait herri min-mintzat hartu baitzuen; Jainkoak ez du atzera egin: indarrean jarraitzen du maitasun horrek.

Hitz batean esateko, Jainkoak eginahalean jarraituko du paganoak nahiz juduak salbatzeko. Horra esperantzaren sustraia.

 

EBANGELIOA Mateoren liburutik (15,21-28) 

Jesus Palestinatik kanpora irten da: Tiro eta Sidon aldera. Zergatik? Segur aski, apaiz, lege-maisu eta fariseuengandik jasaten ari den presioagatik; arnasa-apur bat hartzeko.

Ikusgarri da emakume paganoarekin izan duen jokabidea. Emakumea laguntza eske. Jesusek kasurik ez. Emakumeak aurrera etsi gabe. Jesusek amore eman behar emakumeak agertu duen fedearen aurrean.

Emakumeari, kanaandarra deitzen dio Mateok. Itun Zaharrean paganoei ematen zitzaien izena da. Gauza bera gertatzen da paganoei txakurra deiturarekin; gure artean izan duen bezalaxe, juduen ahoan ere esanahi iraingarria zuen txakurra deiturak.

Beste behin, Jesusek fedeari ematen dion indarra ageri da: emakumeak, paganoa izanik ere, aitortu dio Jesusi bere judu-izaera: «Daviden Semea» esan dio; orobat onartzen du emakumeak, Jesusentzat lehentasuna juduek izatea: «Arrazoia duzu, Jauna, baina txakurkumeek ere jaten dituzte nagusien mahaitik eroritako ogi-apurrak». Aitorpen honek erabat desarmatu du Jesus.

Kontuan hartzekoa da, era berean, ikasleen parte hartzea. Jesusen eta emakumearen artean bitartekari ageri dira.

Azkenik, kontuan hartzekoa  da ogiaren aipamena. Zentzu sinbolikoa du hemen. Jesusek banatzen duen ogia, materiala baino gehiago, espirituala da: Erreinuaz ematen duen irakaspena.

 

HERRIAREN OTOITZA 

1.-Kristau guztion alde: gizon-emakume guztiengan ageri diren balio gizakoi, kultural, erlijioso eta bizidunak aintzat hartzeko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Esperantza-apurtxo bat bakarrik dugunok, lehiatu gaitezen, erleak bezala, besteen hosto eta lore artean xurgatzen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Gerlan ari diren herrien alde: beren arteko aldeak gainditurik, azter ditzaten gerla horien benetako kausa, sustraia eta eragileak. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gaur mundu osoan Eukaristia ospatuko dugun guztion alde: misterio horren muina, Jesusen heriotza eta piztea, hausnartzeak, gaurko mundura begira, aztertzera eta jokatzera eragin diezagun. Eska diezaiogun Jaunari.