Morea al da pozaren kolorea?
Abendualdiko 2. igandea C (2015-12-06)
Baldin eta Pablo Iglesias, Podemos-en liderra, igandean mezara joango balitz (ez dut uste joaten denik), atsegin handia izango luke apaiza ikustean berak gogokoa duen kolorez jantzia ikustean; kolore morea da nagusi Abendualdian. Alabaina, kolore horren penitentzia-zentzuagatik aukeratu zuen Elizak, Garizuman bezala. Aukerarik egokiona ote?
Igande honetako irakurgaiek ez gaituzte penitentzia egitera gonbidatzen, baizik alai bizitzera. Baruk profetarenak espresuki agintzen dio Jerusalemi: «erantzi zeure dolu- eta atsekabe-jantzia». Eta eukaristia-buru den apaizak ekintza sinboliko bat egin nahi balu, antzinako profeten antzera, uzten ahal luke alde batera kasulla morea, eta zuria eta doratua jantzi. Salmoa ere alaitasunaz mintzo da: «mihia barrez geneukan, kantari»; «Jauna handi portatu da gurekin eta pozik gaude». Paulok idazten die Filipoko kristauei, «poz handiz» ari dela otoitz egiten beraien alde. Ebanjelioak, berriz, Joan Bataiatzailearen iragarpena dakarkigu gogora: «denek ikusiko dute Jainkoaren salbazioa». Igande honetako irakurgaiek ez dute zuzentzat ematen AINTZA bazter uztea, baizik eta alderantziz. Bada arrazoirik asko Jainkoaren aintza abesteko.
Erbesteratuen itzulera
Baruken irakurgaiak beste testu profetikoetan sarritan datozen gogoetak jaso ditu. Jerusalem, amatzat emana, lutoz dago, bere seme-alabak galdu dituelako: batzuk Babiloniako erbestera joan dira, beste batzuk Egipton eta beste lurralde batzuetan barreiatu dira. Orain, ordea, lutozko jantzien ordez pozezkoak janztera gonbidatu du herria, mendixka batera igotzera eta ikustera nola datozen itzulian bere seme-alabak «errege-karrozatan», «jai eta festa eginez», Jainkoak berak gidaturik.
Zer zirrara eragin ote zuen irakurgai honek profetaren garaikideengan? Badakigu, judu askori ez ziola ilusiorik egin erbestetuen itzulerak; etxeak eta lurra eman behar zitzaizkien; zituzten ondasun apurrak banatzea esan nahi zuen horrek. Beste batzuek, ekonomiaz ondo zebiltzanek, nazioa berreskuratzeko abiapuntutzat emango zuten itzulera hori.
Honek guztiak Baruken testu honen gaurkotasun handia jartzen du agerian. Lehen begiratuan, gaur egun Jerusalem Siria da, Irak da, Afrikako hainbat lurralde da, beren seme-alabak galtzen ari direnak, erbestera jo beharrean direlako segurtasun edo lan bila. Alabaina, geu ere identifika gintezke Jerusalemekin, har genitzake ehunka mila diren gizon-emakume horiek, ez gure gizartearen eta ekonomiaren mehatxutzat, baizik beren zoritxarrean geure harrera eta laguntza eskaintzen ahal dizkiegun geure seme-alabatzat edo anai-arrebatzat.
Pozik egoteko bigarren arrazoia: elkartearen onberatasuna
Paulok afektu berezia sentitzen zuen Filipoko kristau-elkarteaz; Mazedonian sortu zuen lehenengoa zen. Harengandik bakarrik onartzen zuen laguntza ekonomiko bat. Horregatik, bere otoitzean pozik gogoratzen du zenbateraino lagundu zioten filipoarrek ebanjelioa zabaltzen. Ordaintzat bere otoitza eskaintzen die, egunetik egunera batak bestea gehiago maita dezaten eta beren kristau-esperientzia sakondu dezaten.
Pauloren jarrerak, batetik, pentsatzera gonbidatzen gaitu inguruko jendea zein ona den (askotan kritikatu bakarrik egiten dugu hori); bestetik, jende horrentzat otoitz egitera eta jende hori maitatzera gonbidatzen gaitu.
Pozik egiteko hirugarren arrazoia: salbazioaren iragarpena
Beste ebanjelioek ez bezala, Lukasek kronologia zehatza dakarkigu Joan Bataiatzailearen jardueraz. Ez da ari bere burua historialari on agertzeko, baizik eta Itun Zaharreko liburu profetikoek antzeko zerbait egin dutelako Isaiasekin, Jeremiasekin, Ezekielekin, etab. Sarrera kronologiko handios horrekin, eta «etorri zen Jainkoaren hitza Joanengana» formularekin, irakurleak garbi izan behar du profeta handi bat dela Joan, aurrekoen lerroan. Itun Berriak ez du eten Zaharra, haren segida da. Joanengan gauzatu da Isaiasek iragarri zuena.
Joanek, antzinako profetek bezala, bihotz-berritzeko gonbita egin du; bi alderditatik: 1) garrantzizkoena Jainkoagana itzultzea da, aitortuz alde batera utzi dugula, parabolako seme hondatzaileak bezala; 2) aurreko horri estu kateaturik, bizieraz aldatzea dator, Isaiasen testuak naturan gertatzen diren aldaketen metaforarekin adierazia.
Alabaina, iraganeko profeten aldean, Joan ez da mugatzen hitz egitera, bihotz-berritzea eskatuz. Bekatuen barkamena adierazten duen bataioa eskaini du. Horrela, Jainkoaren izenean Ezekiel profetak formulatutako promesa bete da: «Zuen gainera ur garbia isuriko dut, garbituko zaituena».
Bi konbertsioak
Agindu al lekioke pertsona bati penitentziatzat pozik egotea? Kontraesana dela ematen du. Halaz guztiz, igande honetako eta Abendualdi guztiko irakurgaiek geure burua aztertzera eragiten digute geure alaitasunaz eta geure tristuraz, bietan zein ote den nagusi gure bizitzan. Gerta liteke, maila gaixoti batera iritsi gabe ere, jaun eta jabe izatea gure bizitzan gailurren eta ibarren arteko gorabeherak, goraldi eta beheraldi uneak izatea; hain juxtu, ez dugulako gogoan gordetzen aski arrazoi Jainkoaren salbamena bare-bare bizitzeko.
Aldi berean, lagun hurkoagana itzultzeko eskatzen digute irakurgaiek, harrera eskainiz, maitatuz, harengatik otoitz eginez.
José Luis Sicre