Santu Guztien Eguna (2015-11-01
HOMILIA
Anai-arrebok!
Santu Guztien Eguna ospatzen dugu gaur. Erromak santu deklaratu dituen guztien eguna. Eta, Erromak santu deklaratu gabe, beren bizierak santu deklaratu dituen guztien eguna. Alde batetik, Erromak santu deklaratu dituenak asko eta asko dira; haietako zenbat ezagutzen dugu? Haietako zenbati erregutzen diogu? Haietako zenbatengatik ohoratzen dugu Kristo salbatzailea? Haietako zenbatengatik ematen dizkiogu eskerrak Jesu Kristori? Eta Erromak santu deklaratu gabe, zenbat jende aitortzen dugu santu? Norberaren etxeko batzuk? Adiskide batzuk? Begira zer irakurri genuen atzo, larunbata, liturgiako irakurgai batean, Sienako Katalina santuaren idazki batean:
«Betiereko Aitak, adierazi ezineko onberatasunez, bere maitasunaren begiak arima harengan ipini zituen eta honela hasi zitzaion hitz egiten: Ene alaba maite-maitea! Guztiz fermuki erabaki dut errukiaz baliatzea mundu guztiaren alde eta asetzea gizon-emakumeen premiak […] Nik bizirako emana, gizakiak heriotzarako bihurtu duen arren […] nik ez diot utziko hartaz arduratzeari…».
Senideok, entzun duzue: batetik, errukiaz baliatzea erabaki du mundu guztiaren alde; bestetik, gizakiak okerrera jo duen arren, hartaz arduratzen jarraituko du Jainkoak. Beraz, Erromak santu deklaratu gabekoen artean, zenbat dira santu?
Hona zer esan digun Apokalipsiko lehen irakurgaiak: «Ondoren. gizatalde handi bat ikusi nuen, inork kontaezin ahalakoa […] soineko zuriz jantziak eta palma-adarrak eskuetan», eta esan zuten: «Tronuan eseria dagoen gure Jainkoari eta Bildotsari zor diegu salbamena».
Berriro ere, «kontaezin ahalako» taldea. Baina hori baino inportanteagoa: «Tronuan eseria dagoen […] Bildotsari zor diogu salbamena». Hau da, Kristori zor diote salbamena. Mundu guztia salbatzera etorri zenari. Bera gurutzera eraman zutenentzat ere, Aitari barkatzeko eskatu zionari zor diote salbamena.
Horiek horrela, zeinen salbazioa jar genezake dudan? Kristo gezurretan ari ote zaigu? Norbaiten kasuan Jesus alferrik etorri ote da, alferrik hil ote da?
Ez, ez. Munduaren historia guztian mundu honetatik joan den guztien jaia ospatzen dugu.
Jaia. Pozik bizitzeko egia. Geuretzat ere esperantza.
Baina badu jai honek beste alderdi bat. Oso gutxitan hartzen dugu gogoan. Hona zer dioen Vatikano II.a kontzilioak (LG 49): «Erromes doan Elizako kideen eta Kristoren bakean lotaratu zirenen arteko lotura ez da eten inola ere. Are gehiago: Elizaren etengabeko fedearen arabera, lotura hori indartu egiten da ondasun espiritualen komunioa dela bide». Alegia, lurrean bizi garenok ondratzen eta goratzen ditugun bezala, zerukoek gure alde erreguka ari dira zeruan; biziki loturik jarraitzen dugu. Hona zer zioen, Lisieuxeko Jesus Haurraren Teresak: «Neure zerua lurrean on eginez biziko dut».
Horrenbestez, zerukoak ez ditugu eredu bakarrik. Bizikide ditugu. Elkarrekin bizi gara. Haiei entzun, haiei hitz egin. Gure aldetik, kale egin dezakegu. Haiek ezin digute kale egin. Kontuan hartu, Sienako Teresari Jainkoak esan diona: «Nik bizirako emana, gizakiak heriotzarako bihurtu duen arren […] nik ez diot utziko hartaz arduratzeari…». Jainkoak bezala, Jainkoari era hautsezinean atxikirik dauden santu guztiek ere.
Senideok, poztu gaitezen. Izan dezagun esperantza. Eutsi goiari. Saia gaitezen zeruan ditugun familiarteko, adiskide eta ezagunak gogoan hartu eta haietaz ez ahazten.
Eskerrak, Jesus maitea, zu zeu besterik ez bezalako adiskide izateaz gain, hainbat eta hainbat adiskide fin eman dizkiguzulako.
Dionisio Amundarain