OMIA SAINDU / Santu Guztiak
Lehen irakurgaia

( Sainduen, salbatuen oste gaitza )

Jondoni Joaniren Apokalipza liburutik 7, 2-4 . 9-14

2 Nik, Joanik,
aingeru bat ikusi nuen iguzki aldetik igaiten,
Jainko biziaren zigilua zaukala,
eta ozenki oihu egin zioten
lurraren eta itsasoaren hondatzeko ahala
eman zitzaioten lau aingerueri, erranez:
3 “ Ez honda lurra, ez itsasoa, ez eta zuhaitzak,
gure Jainkoaren zerbitzariak zigiluz kopetan markatu arte.”
4 Eta entzun nuen zigiluz markatuak zenbat ziren:
ehun eta berrogeita lau mila,
hamabi mila Izraeldar leinu bakotxatik.
9 Gero, jendetza handia ikusi nuen, nehork ezin kondatuzkoa,
nazione, arraza, herri eta hizkuntza guzietako jendea,
Tronuaren eta Bildotsaren aitzinean xutik,
soineko xuritan, eta palma-adarrak eskuetan.
10 Eta ozenki oihu egiten zuten:
“ Salbamendua tronuan jarria dagon
gure Jainkoarena eta Bildotsarena.”
11 Tronuaren, zaharren eta lau bizidunen inguruan
xutik zauden aingeruak,
ahuspez erori ziren Tronuaren aitzinean,
eta Jainkoa adoratu zuten, erranez:
12 “ Amen ! Gorespena, aintza, zuhurtzia eta esker ona,
ohorea, ahalmena eta indarra
gure Jainkoari menderen mendetan! Amen!”
13 Orduan, Zaharretarik bat mintzatu zitzaitan, erranez:
“ Soineko xuriz jantziak diren horiek
nor dira eta nondik heldu dira?”
14 Nik ihardetsi:
“ Ene Jauna, zuk badakizu.”
Harek erran zautan:
“ Horiek herstura handitik heldu dira:
beren soinekoak garbitu dituzte eta xuritu Bildotsaren odolean.”

Apokalipza, Joanirena deitua, ixilkako izkribu bat da, Erromanoen ezjakinean girixtino
elkarte batetik bestera ibili zena pertsekuzione denboran. Holakotan egiten den bezala,
mezuak gakotuak dira : gakua eskutan dutenek bakarrik idekitzen ahal dituzte. Hori da
apokalitzen ezaugarri bat.
Beste ezaugarri bat, gaia da. Izraelen historia guzian profetak atera dira, Jainkoak
sustaturik, esperantza bizirik atxikitzeko. Pertsekuzione denborako mezua hau dute : iduriz
garaituak zirezte, lehertuak; hiltzen zaituztete…bainan ez gal kuraia. Gaizkiaren indarrek
deusik ez dezakete egin zuen kontra; jadanik garaituak dira. Egiazko garaileak zuek zirezte,
fededunak, Kristo bera bezala. Hura, hil duten Bildotsa da, iduriz garaitua, bainan harek du
garaitu heriotzea.
Orai hobeki konprenitzen dugu liburu hunen titulua : Apokalipza (grekoz « estalgia
altxatu » erran nahi du). Apokalipza « agertze » bat da, « estalgiaren kentze » bat. Izkribu
hunek itxuren oihala kentzen du (erran nahi baita Erromanoen nagusitasun urgulutsua) eta
Jainkoaren garaipena mezutzen.
Egungo irakurgai huntan ikuspen bat aipu da : “Nik, Joanik, aingeru bat ikusi nuen
iguzki aldetik igaiten”, eta urruntxago : “Gero jendetze handia ikusi nuen, nehork ezin
kondatuzkoa.” Ondoko lerroak ez dira hitzean hartu behar, baizik maila mistikoan. Xifrak
sinbolikoak dira. Biblian “hiru” xifrak, Jainkoaren mundua ardiarazten du, “lau” xifrak,
aldiz, gure mundu hau (lau haizeak menturaz), beraz gizadia ere. Horra zergatik badiren
hemen lau aingeru, lurraren lau haizeetan daudenak. “Zazpi” xifrak betetasuna adiarazten du.
Horra zertako laudorio betea zazpi hitzek erraiten duten :”Gorespena, aintza, zuhurtzia, esker
ona, ohorea, ahalmena eta indarra.” “Hamabi” zenbakiak ere (hiruetan lau) osotasuna
adiarazten du; hemen “hamabik” Jainkoak hautetsi herria erran nahi du : hamabi leinu badira
Izraelen. “Mila” zenbakia aniztasunaren sinbolo da. “Ehun eta berrogoita lau mila” ez da
zenbaki mugatua : bataiatu guziak dira aipu, zeren “Jainkoaren zerbitzariak, zigiluz kopetan
markatuak” bataiatuak baitira. Armada erromanoan soldadoak kopetan markatzen ziren; eta
bataiatua ez ote da zeruko erregearen soldado bilakatzen?
Gero, horra “Jendetze handia…nehork ezin kondatuzkoa”, erran nahi baita gizadia. Eta
gizadi osoa adiarazteko Joanik berriz ere “lau” zenbakia erabiltzen du :”nazione, arraza,
herri eta hizkuntza guzietako jendea”. Hauek ez dira (bataioaren) zigiluz markatuak, bainan
Jainkoaren tronurat eremanak dira “soineko xuritan, eta palma-adarrak eskuetan.”
Eta nori esker dira salbatuak? 144.000 horieri esker. Apokalipzak girixtino
pertsegitueri heltzen dioten mezua hau da : Har kuraia, zuen nekealdiari esker gizadi guzia
salbatua da. Izrael betidanik Jainkoaren zerbitzari izan da, gizadi guziaren izenean; bataiatuak
ere (zigiluaz markatu 144.000ak) nazione guzien zerbitzari dira; denak bataiatueri esker
salbatuak izanen dira.
Hemen erabili irudiek ere garaipena erakusten dute. Hala-nola, xutik egoitea,
heriotzeari nagusiturik, piztearen ezaugarri da. Jendetze handi hori xutik dago tronuaren
aitzinean. “Tronua” bera ere garaipenezko hitza da, Jainkoaren Jauntasuna seinalatzen duena.
Iguzkiaren ateratzea ere ilunpeari nagusitzea da. Ez da beraz harritzeko Jaunaren aingerua
iguzkia ateratzen den aldetik igaiten bada. Zer ari da hor? “Jainkoaren zerbitzarien” zain
dago.
Zeruko liturgia (9-15 bertsetak) geroan izanen da, munduaren azkenean.

Salmoa 23

Leloa: Kantuz daudela zuri, Jauna,
Badabiltzanak zure bila.

Jainkoarenak mundua eta mundukoak,
Bai lurra eta lurrekoak.
Harek du lurra itsas gainean ezarria
Ibai artean hor jarria.
Nor iganen da Jainko Jaunaren mendiraino?
Dagon tokian nor sartuko?
Eskuak eta bihotza garbi dabilana,
Gezurretarat ez doana.
Eginen dio Jaun zerukoak ongi hari,
Emanen dio Jaunak sari.
Jainko Jaunaren begitartea noiz non goza,
Holakoak bai badabiltza.

Salmo hunek Jerusalemeko tenplua aipu du. Gizatalde handi bat hurbiltzen ari da.
Tenploaren aitzinean bi koro kantuz ari dira. Batek : « Nor iganen da Jainko Jaunaren
mendiraino… » Besteak errepostu : « Eskuak eta bihotza garbi dabilana… »
Saindu guzien bestari doakona da zinez, salmo hau. Sainduak Jainkoaren mendirat
igan dira, eta Jainkoaren aitzinean kantatzen dute, Izai profetaren kantua, meza guzietan
kantatzen duguna : Saindu, Saindu, Saindua…(Is 6). Eta Jainkoaren aitzinean « Atxikitzen
ahal » duena, « bihotz garbia » da. Ez, haatik, bere mereximendueri esker. Baldintza bakarra,
Jainkoaren aitzinean « atxikitzeko », fedea da, Jainko bakarraren alderako fedea,
“gezurretarat ez doana” dio salmoak. « Gezurrak », Biblian, idoloak dira. Hemen aipu den
« bihotz garbiak » ere gauza bera erran nahi du. Bihotz garbia idoloetarik bazterturik, Jainko
bakarrari buruz itzultzen da. Halaber, « esku garbiek » ez dute sakrifiziorik eskaintzen
idoloeri, ez dira heieri buruz altxatzen.
Hemen ageri da profetek Izraelen egin zuten borroka gogorra idolatriaren kontra.
Inguruko herri guziak idolatrak ziren. Haste hastetik, Egiptotik atera zenetik eta urrezko
aratzea adoratu zuenetik, Izrael herriaren tentazionea gezurrezko jainkoetarat joaitea izan zen,
“Jainkoaren begitartearen” bilatzea zuelarik bere dei berezia.

bigarren irakurgaia

( Jainkoaren haur gira, eta haren idurirat izanen )

Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 3, 1-3

Maite maiteak,
1 ikusazue zenbaterainoko maitasuna agertu daukun Aitak,
Jainkoaren haur izena eman baitauku, eta hala gira.
Huna zergatik ez gaituen munduak ezagutzen:
Jainkoa ere ez baitu ezagutu.
2 Maite maiteak, orai Jainkoaren haurrak gira,
bainan zer izanen giren ez da oraino agertua.
Badakigu : Jainkoaren Semea agertuko denean,
haren iduriko izanen gira, den bezala ikusiko baitugu.
3 Haren baitan holako esperantza duena
garbi bilakatzen da, hura garbi den bezala.

“Maite maiteak, ikusazue…” Joanik ikustera gomitatzen gaitu, ikusten jakitea gure
fede-biziaren gakoa baita. “Begiak badituzte bainan ez ikusten” horra nun den gizonaren
zorigaitza, profeten ikuspegitik. Bainan zer behar da “ikusi”? Jainkoak gizadiarentzat duen
maitasuna, haren xedearen ongi-nahia, dio Paulok. Joanik ez du besterik erraiten hemen. Bi
pundu horiek azpimarratzen dira ondoko lerroetan.
Lehen pundua : soa. Biblian luze eta zabal aipatzen da, eta beti alderdi bererat : jakin
behar dela so egiten, begien idekitzen, maitasunezko Jainkoaren egiazko begitartea ikusteko.
Hala-hala, soa makurtua, lausotua, izan daiteke. Ikus dezagun testo bat bakarrik : Adam eta
Ebaren ixtoria Edeneko baratzean : « Jaunak zuhaitz orotarik sortarazi zuen lurretik,
ikusgarriak eta fruitu gozodunak. Baratzearen erdian bi zuhaitz sortarazi zituen : batek bizia
emaiten zuen eta besteak zorionaren eta zorigaitzaren ezagutzea. » Jainkoak debekatu zuen
bigarren zuhaitz hunen fruiturik jatea. Sugeak, maltzurki, emazteari erraiten dio : Egia, ez
duzue fruitu guzietarik janen ? Jadanik sugearen entzuteak berak emazteari soa nahasi dio.
Zuhaitz debekatua baizik ez du gehiago ikusten baratzean. Sugeak aitzina : Ez, ez zirezte
hilen hortarik jaten baduzue, bainan Jainkoak badaki begiak idekiko zaizkitzuela, eta Jainkoak
bezala izanen zireztela, zorionaren eta zorigaitzaren ezagutzeko gai. « Orduan emazteak ikusi
zuen fruitua ona zela jateko, erakargarria behatzeko, eta baliosa soaren xorroxteko. » Azken
erranaldi huntan berean hiru aldiz aipu da ikusmena : ikusi, behatu, so egin. Emazteak fruitua
hartu zuen, gizonari ere eman, eta biek jan zuten. Orduan “bieri begiak ideko zitzaizkioten.”
Zer ikusteko? “Eta ikusi zuten buluzirik zirela”. Buluzirik, erran nahi baita beren pobretasun
haundian.
Zer lotura da Bibliako lehen texto horren eta egungo irakurgaiaren artean ? Adam eta
Ebaren kondaira horrek emaiten duela gizadi osoaren zorigaitzen gakoa. Jondoni Joanik,
aldiz, erraiten dauku : « Ikusazue » erran nahi baita jakin zazue ikusten. Ez, Jainkoa ez zen
gizonaz bekaizti : «Jainkoa maitasun da », gizonak ez du hortaz dudatu behar. « Betiereko
bizia, Zu ezagutzea da » dio Jesusek, Joaniren Ebanjelioan.
Bigarren pondua : Jainkoaren xedea. Joanik erraiten dauku : « Ikusazue…Aitak nahi
ukan du Jainkoaren haur deituak izan gintezen, eta hala gira. » Eta Paulo Efesoarreri
gutunean : « Gure ongia nahi baitu, ordutik erabaki zuen Jesu Kristoren bitartez semealabatzat
hartuko gintuela » (Ef 1,6). Jainkoaren xedea da gizadi guziaren biltzea, Jesu Kristo
buru, eta gu haren menbro. Eta egiaz Jesusen menbro gira bataioari esker. Joanik dio oraino
bere Ebanjelioan : »Haren baitan sinesten duteneri, Jainkoaren seme-alaba izaiteko ahala
eman diote » (Jn 1,12) Horiek Jainkoaren Izpiritua dute gidari, eta Izpiritu horrek erakusten
diote Jainkoa dutela Aita : « Jainkoak bere Semearen Izpiritua igorri du gure bihotzetarat, eta
Izpirituak « Abba » -« Aita »- oihu egiten du ». ( Ga 4,6)

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia.

Etor ni ganat, lan eta minek lehertuak,
Denak izanen baitzarezte nik altxatuak

Jesu Kristoren ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 5, 1-12

1 Jendaldea ikustean, Jesus mendirat igan zen.
Jarri zelarik, dizipuluak hurbildu zitzaizkion.
2 Orduan, ahoa idekirik, irakasten hasi zitzaioten :
3 “ Dohatsuak bihotzez behartsuak direnak,
berena baitute zeruetako Erreinua.
4 Dohatsuak eztiak,
hitzeman lurraren jabe izanen baitira.
5 Dohatsuak nigarretan direnak,
kontsolatuak izanen baitira.
6 Dohatsuak zuzentasun gose eta egarri direnak,
asea ukanen baitute.
7 Dohatsuak urrikalkorrak,
urrikalmendu ardietsiko baitute.
8 Dohatsuak bihotz garbiak,
Jainkoa ikusiko baitute.
9 Dohatsuak bakegileak,
Jainkoaren seme deituak izanen baitira.
10 Dohatsuak zuzentasunarengatik gaizki eabiliak,
heiena baita zeruetako Erreinua.
11 Dohatsuak zuek, laidoztatzen eta gaizki erabiltzen zaituztetenean,
zernahi gaixtakeria gezurrez erranen dutenean zuetaz, neregatik.
12 Bozkaria eta loria zaitezte,
handia izanen baita zuen saria zeruetan.”

Jesusek arrakasta handia du jendetzearen aitzinean. Tenorea jina du bere mezuaren
argirat ateratzeko. Matiu Testamendu Zaharreko profetak bezala hasten da :”(Jesus) ahoa
idekirik, irakasten hasi…” “Ahoa ideki” erran-moldeak arta handiz entzun behar dela
adiarazten du. Hamabi mende lehenago, Zinai mendian, Moisek herriari Jainkoaren
manamenduak eman ziozkan. Galileako mendian Jesus urrunago doa : manamendueri beste
ikuspegi bat emaiten diote. Jainkoaren zuhurtzia ez da batere giza-zuhurtzia.
Erran-aldi bakotxa « dohatsu » hitzak hasten du. Zoriona hitzemaiten du beraz.
Dohatsutasun bakotxa Erresumarateko bide berezi bat bezala har daiteke : gutarik bakotxak
Erresuma eraikitzen du bere ahal hurriekin. Jesusek, bere Jainko begiez so egiten dio
jendetzeari, eta dizipulueri erraiten : Ikusazue, behartsuak, eztiak, nigarretan direnak, gose eta
egarri direnak, urrikalkorrak…munduak ez du hor zorionik ikusten. Bainan jende horiek dira
Erresumari ongi etorri egiteko eta haren eraikitzeko prest daudenak. Biziaren helburua
Jainkoaren Erresuma da : gure bide xumeek harat deramate.
Jesusen so horrek erakusten dauku besteri eta guhauri nola so egin behar dugun :
Jainkoaren begiekin. Jainkoaren Erresuma uste ez dugun lekuan da : bihotz behartsuan,
eztitasunean, nigarretan, zuzentasunaren gosean eta egarrian, pertsekuzionean…Emana zaukun
argi horrek esker onezko sendimenduetarat ereman behar gaitu. Gure ahaltasuna Jainkoaren
Erresumaren gaia bilakatzen da.
Oro har, lehen dohatsutasunak beste guziak bere baitan dauzka “Dohatsu bihotzez
behartsu direnak, berena baitute Zeruetako Erresuma”. Hori ez da gabeziaren gorestea :
Biblian gabezia beti gutiesten da.
Gero, jakin behar da “behartsu” hitza, Biblian, ez dela beti diruari lotua.
“Behartsuak”, “bihotza harro eta begia ozar” ez dutenak dira (Sal 131). Ttipiak, umilak dira,
profeten ahotan. Zerbaiten falta badute. Orduan Jainkoak eman dezokete nahikoa. Hemen
entzun dezakegu farisauaren eta publikanoaren parabolaren oihartzuna; farisaua, bertutez
betea eta bere buruaz beteago, ez zion Jainkoaren salbamenduari ongi etorri egiten ahal;
publikanoa, orok zakiten bezain bekatorosa, Jainkoari zagon, salbamenduaren beha, eta bere
betea emana izan zitzaion.
Hemen aipu direnak “bihotzez behartsuak” dira, erran nahi baita beren geriza Jauna
dutenak, Jainkoaren beharra dutenak, dena Jainkoa ganik ukaiten dutenak. Lehen zoriontasun
hunek beste guziak berekin dauzka : ezti izaitea, nigarretan, zuzentasun gose, urrikalkor,
bihotz garbi, bakegile. Izan gaiten “bihotzez behartsu” eta Jainkoak ontasuna frango emanen
dauku, bere ontasunetarik.