URTEKO 30. IGANDEA B (2015-10-25)

SARRERA

Senideok, urteko 30. igandea ospatzen dugu gaur.
Igande honetako irakurgaiek Jainkoaren maitasunaren ezaugarri berezi bat agertzen digute: haren errukia, haren onginahia. Ezin utzi du gizadia bertan behera,« Hor konpon!», esanez. Ez. Guztiz kontra: deika eta deika jarraitzen du, beragana joan gaitezen deika. Horixe nabari da lehen irakurgaian, Jeremiasen pasartean: «Aita izango naiz Israel herriarentzat».
Ebanjelioan, berriz, Bartimeo itsua ageri da, bide bazterrean eseria. Haren oihuak entzunik, Jesus errukitu da hartaz; fedea esnarazi du harengan, eta fedeak sendatu eta salbatu du itsua. Eta, itsu zena, Jesusen jarraitzaile bihurtu da.
Hebrearrei egindako idazkian, bigarren irakurgaian, Kristo Apaiz Gorenaren oinarrizko ezaugarri hauek agertu dizkigu: gizadiarekiko solidaritatea eta errukia.
Senideok, honek guztiak Jaunagan konfiantza izatera dei egiten digu. Eta konfiantza horrek, berriz, jende askori arrazoiak ematera eramango gaitu, haiek ere Jaunagan konfiantza izan dezaten. Jesusen aho eta esku bihurtu behar dugu. Esan dezagula geuk ere: Aupa, altxa zaitez, deika duzu Jesus!

LEHEN IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (31,7-9)

Jeremias profetari urte gogorrak egoki zitzaizkion, bizitzeko eta profeta-lana egiteko. Inperio handi bat inguruko beste herri guztiak konkistatzen ari zen garaia. Babiloniako inperioaren garaia.
Inperio horren mende eroriko dela aurresaten dio Jeremiasek Israel herriari. Eta hori, Jaunagandik apartatu direlako: konfiantza Jaunagan jarri ordez, beren buruan jarri dutelako.
Zoritxar handi horretan, herritar gehienak erbestera eraman dituzte, Tenplua suntsitu, Jerusalem hiria txikitu; halaz guztiz, esaten die, Jaunak bere herrian jarraitzen duela, jendearen artean; gainera, aldi berriak hitzematen dizkie: Israelen bizirik geldituak salbatuko dira, askatuko dira; itsuak, herrenak, haurdunak eta haur egin berriak askatzera etorriko da Jauna. «Israelentzat Aita izango naiz ni», dio Jaunak.
Horixe da, senideok, Jainkoa: Aita eta ama dugu Jainkoa, geure erromesaldian bizi dugun miseria eta guzti. Ez zaio inporta itsu ala herren garen; beragandik ihes egin badugu ere, berak aita eta ama izaten jarraitzen du: berak sortu gaituelako, seme-alaba gaituelako, bere erreinuan partaide ikusi nahi gaituelako

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (5,1-5)

Gaurko pasarte hau Kristo Apaiz Gorenari buruzkoa da. Itun Zaharreko idazkera eta pentsaera jarraitzen du autoreak.
Bi zati ditu pasarteak. Lehenengoan, Itun Zaharraren arabera deskribatzen du apaiz nagusia. Bigarrenean, Kristori aplikatzen dio modu berezian apaiz izatea.
Apaiz nagusiak hiru osagai ditu: batetik, gizakien eta Jainkoaren arteko bitartekoa da; bigarren, bekataria da eta bekatarien artekoa; hirugarren, Jainkoarekin harremanak ditu.
Kristori aplikatuz, hau esaten digu: Jainkoak aukeratu du Kristo apaiz nagusi; baina Itun Zaharreko apaiz nagusiak ez bezala, Kristo ez dator apaiz-familia batetik, ez da Leviren tribu edo leinukoa ere; Daviden leinukoa da Kristo. Gai da gurekin solidario eta errukitsu izateko.
Jesus apaizak Jainkoarekin lotzen du gure bizitza, bere bizieraren eta Hitzaren bidez. Askatasunerako bidea eskaini digu; agindu edo arau edo lege erlijioso hutsak baino bide gozagarriagoa eskaini digu: maitasunaren bidea.
Edozein kasutan, kontuan izan behar dugu hau: Jesusi Jainkoak egingo diola dei. Guri ere Jainkoak egiten digu dei. Haren hitza da lehenengo. Hari erantzutea da gure egitekoa.
Izan dezagun gogoan: Jesus, bere Espirituaren bidez, bidelagun dugu geure bizitzan.

EBANJELIOA San Markosen liburutik (10,46-52)

Gaurko ebanjelioa Bartimeo itsuaren sendatzeaz mintzo zaigu; itsua Jerikotik Jerusalemera doan bide-ertzean dago eseria.
Jesusek, ikasleekin, larunbat jaia Jerikon igaro du. Biharamunean Jerusalemerako bideari ekin dio. Jeriko-Jerusalem bidea, erromesek egin ohi zuten azken etapa zen. Hala da Jesusentzat ere, Erramu Igandean Jerusalemera iristeko.
Sendatze hau, Jeriko irteeran kokatu du Markos ebanjelariak, astearen lehen egun horretan, Jerusalemerako azken etapa horretan. Bartimeo ez da beste itsu bat gehiago; ingurune guztiak adierazten du, espero zuela norbaitek sendatuko zuela. Ez zuen ezagutzen Jesus. Baina entzun zuen hartaz hitz egiten. Bazuen errezeloa handik igaroko zela, erromesen ohiko bidea baitzen. Jesusek sendatuko dituen guztien seinalea da Bartimeo. Baina, begira: Bartimeo ez du Jesusek sendatu; Jesusek berak esan dio: zeure fedeak sendatu zaitu. Eta, sendaturik, Jesusen jarraitzaile bihurtu da Bartimeo. Beste behin, beste itsu bat ere sendatu zuen Jesusek, Markosek 8,22-25 pasartean dakarrenez; baina itsu hura, sendaturik, bere etxera joan zen. Bartimeo, berriz, Jerusalemera doa Jesusi jarraituz. Bada hor ezkutuko esanahi bat.
Senideok, Bartimeo hau, itsutasunetik sendatu beharra duten guztien zeinutzat hartu beharko genuke: itsutasun fisiko edota moraletik, beren baitan ixten direnen itsutasunetik, beren aurreiritzietan ixten direnen itsutasunetik, etab. sendatu beharra duten guztien zeinu, sinbolo edo seinaletzat.
Saia gaitezen gu ere jendeari esaten: «Aupa, altxa zaitez, deika duzu Jesus».

HERRIAREN OTOITZA

1.- Jesusen egiak, gizon-emakume guztien begiak ireki, eta bizitzako bidea pozik eta alai egiten lagundu diezaien. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Ezinduen alde lanean ari diren pertsonen eta erakundeen alde. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Katekisten eta gurasoen alde: beren egitekoa egoki betetzeko, borondate ona izateaz gain, beren burua prestatzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Igande honetan ebanjelio hau entzun dugun guztiontzat, Jesusen esku gozoa senti dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.