URTEKO 29. IGANDEA B (2015-10-18) domund

SARRERA

Senideok, urteko 29garren igandea ospatzen dugu gaur. Isaiasen lehen irakurgaia Jainkoaren zerbitzariaz mintzo zaigu; gaurko ebanjelioko Jesus bera iradokitzen edo sujeritzen digu zerbitzari horrek: zerbitzari hori gizadia zuzen egiteko eta salbatzeko iturburu da.
Ebanjelioa, berriz, bi jarrera kontrajarriz mintzo zaigu: Santiagok eta Joanek lehen postuak eskatu dizkiote Jesusi; Jesus, aldiz, apaldu egin da, bere bizia gugatik emateraino.
Gaur, bestalde, Domund eguna ospatzen dugu, Misioen egun handia. Hau du bere izena edo ikurra aurten: «Errukiaren Misiolariak». Misio-lanean lankide izatea da kontua. Kristau garen unetik, misiolari gara guztiok. Halere, badira berariaz misiolari joan ohi direnak; gogoan izan beharko genituzke, eta geure laguntza beroa eskaini beharko genieke.
Hau da aurtengo ikurra esan bezala: «Errukiaren Misiolariak ». Dagokion kartelean, moja bat ageri da adin handiko emakume bati laguntzen. Misiolaritzaren ezaugarri handia da hori; Jesus on eginez bizi izan zela, esaten digute ebanjelioek. Beste horrenbeste egin nahi du gaur egun Jainkoak: gure ahoaren, gure eskuen, gure oinen, gure buruaren… bidez, munduan on egiten jarraitu. Jainkoaren maitasuna, erabatekoa eta guztizkoa da gizon-emakume bakoitzarekiko. Saia gaitezen maitasun horri harrera ona egiten, maitasun horren berri mundu osoari ematen, maitasun horren tresna bizi izanez.

LEHEN IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (53,10-11)

Hasierako oharrean esana denez, Jainkoaren zerbitzariaz pasarte labur bat entzungo dugu. Isaias profetak, Bigarren Isaias deitzen dugunak, lau poema bikain dakartza Jainkoaren zerbitzariaz. Ez da argi zein zerbitzariz ari den Isaias profeta hori. Nolanahi den, pertsonaia berezi eta misteriotsu baten ezaugarriak adierazten ditu profetak. Aldi berean, sufrimendu handiak eta goratasun handia ari da bizitzen zerbitzaria. Yahveren zerbitzaria da. Baina ez zaio nabari Jainkoarekin duen harreman bizi hori. Nekeak eta oinazeak jota ageri da. Gugatik. Gure onagatik. Mundu osoaren oinazeak bere gain hartu ditu. Gizon-emakume guztiok batzen gaituen solidaritatearen misterioa ageri zaigu horrengan.
Zerbitzari honetaz esan dena, Jesusengan beterik ikusten dugu kristauok. Zerbitzariak bete-betean onartu du Jainkoaren asmoa. Zerbitzariak egin duen buru-eskaintza ez da alferrik galdu. Haren oinazeak, pasioak eta heriotzak salbatu du gizadia. Berak, berriz, apaldua izan ondoren, aintza ezagutu du. Aintzatze horrekin, zerbitzari hori zintzoa eta zuzena dela agertu du Jainkoak.
Senideok, zerbitzaria, Jesus alegia, bizi-etsenplu eta bizi-eredu dugu, bai besteekiko harremanetan, bai geure buruarekiko jokabidean. Mundu honetako erromesaldiaren bidez, Jainkoaren aintzara goaz. Aintza horretan Jainkoak seme-alabatzat hartu eta hartuko gaitu.

BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei eginiko idazkitik (4,14-16)

Entzutera goazen pasarte laburra eder-ederra da. Hiru termino edo hitz nabarmentzen dira: «apaiz nagusia», «Jesus», «fede-aitormena».
Jesus geurekin dugula, ez diogu jada eskaintzen Jainkoari animaliarik eta beste gauzarik, Itun Zaharrean egin ohi zuten bezala. Jesusek bere burua eskaini dio zeruko Aitari; guk ere geure burua eskaintzen diogu zeruko Aitari, Jesusekin bat eginik.
Jesusengan autoreak bi ezaugarri azpimarratu ditu: batetik, errukia; bestetik, erruki hori egundokoa dela; hain zuzen ere, Jesusek bere buruan, bere gorputzean, ezagutu duelako gure egoera errukarria.
Eta, hori esanik, Jesusengan erabateko konfiantza izatera gonbidatzen gaitu autoreak. Esperantzari sendo eustera gonbidatzen gaitu.

EBANJELIOA San Markosen ebanjeliotik (10,35-45)

Jesusek behin eta berriz esan die ikasleei gugatik bere bizia ematera etorri dela. Zehazki, hiru aldiz. Ikasleek, ordea, ez diote ulertu. Lehenengo iragarpenean, Pedrok kontra egin dio: ez zaizu horrelakorik gertatuko, eta Jesusek gogor egin dio. Bigarren iragarpena egin dienean, ikasleek eztabaidan jarraitu dute, beren artean handiena zein izango. Hirugarren iragarpena eginik, Santiago eta Joan etorriko zaizkio, errege izango denean berentzat lehen bi postuak eskatuz.
Jesusek ezin ulertu die. Halere, ez da aspertu haiek hezitzen. Aurrera jarraitu du, bere Erreinua zer eta nolakoa den adieraziz: ez da dirua kontua, ez da besteen gain botere handia izate kontua; baizik eta besteen zerbitzari izatea da arazoa.
Gainera, gaur, geure mundu honetako egoera ikusirik, egun-egunekoa dugun irakaspena eman die. Esan die: gobernariak menpekoak nola mendean hartu saiatzen dira; zuen artean horrelakorik ez.
Eta Santiagok eta Joanek eskatu dituzten lehen bi postuak, ez ditu hartu 12 ikasleetako inork: Jesusek gurutzean bi gaizkile izango ditu ezker-eskuin. Halere, Santiago izango da 12etan lehena bere bizia ematen. Joanen kasuan ez dakigu; tradizio eskas batek dio Erroman martirik hil zela; seguruena, ordea, beste tradizioa da: Efeson hil zela dioena, oso adin handiko; halere, bereak eta bost jasan behar izan zituela.
Senideok, aplika diezaiogun irakaspen hori geure buruari, dagokigun neurrian. Jakin dezagun, ez dagoela atsegintasun handiagorik besteei laguntzaren bat emateak dakarrena baino.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Gobernarien alde: zenbait jendek gaurko geure aro hau «maila guztietako ustelkeria» bezala definitzen du; herritarren parte hartze handiago eta beroagoak gainditu dezala egoera hori. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau-elkartean eta eliz agintarien artean, Santiagoren eta Joanen jarrera errepika ez dadin; baizik eta geure zerbitzari-espiritua sakonago bihurtzen joan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Ospatzen ditugun Eukaristia guztiengatik: egiaz Jaunaren Afari izan daitezen, eta ez erritu huts, ez jai dotore bat edo obligazio bat betetze huts. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Misioen alde: berariaz misiolari joan direnak bertan behera eta bakarrik utzi ez ditzagun. Eska diezaiogun Jaunari.