Garaile ala zerbitzari izan?
Urteko 29. igandea B (2015-10-18)
Aurreko igandeetan gai desberdinez (haurrak, dibortzioa, aberastasunak…) hitz egiten aritu zaie Jesus ikasleei. Gaurkoan, Jerusalemera igo aurretik, bere azken irakaskuntza nekaldiaz emango die.
Jesusek pentsatzen duenaz
Pasioaz eta piztueraz egin dien hirugarren iragarpenarekin hasi da guztia; ez dugu irakurriko; baina funtsezkoa da, segidakoa ulertu nahi badugu. Jesusek beste behin errepikatu die ikasleei, apaiz nagusiek eta lege-maisuek heriotzara galduko dutela, paganoen esku utziko, iseka egingo diotela, txistua botaz erabiliko dutela, zigortu eta hilko.
Santiagok eta Joanek pentsatzen dutenaz: Gobernuburu eta Lehen Ministro
Aurreko kasuetan bezala, nekaldia iragartzen dien honetan ere, apostoluen aldetik ulertu ezin bat gertatu da: Santiagok eta Joanek, biak ere inportanteenetakoak, biak ere Jesusen hurbilenetakoak, ez diote arretarik eskaini ere Jesusek esan duenari. Jesus sufrimenduaz hitz egiten ari da; aipatu biek, berriz, garaipena bermatu nahi dute berentzat: «zure aintzan eseri, bata zure eskuinean eta bestea zure ezkerrean». «Zure aintzan» esatean, ez dira ari zeruaz, baizik «lurrean» gertatuko dela uste dutenaz, Jesus garaile atera eta Jerusalemen Israelgo errege bihurtuko denean: postu bat eskuinean eta beste bat ezkerrean nahi dituzte, Gobernuburu eta Lehen Ministro. Bientzat, garrantzizko gauza igotzea da.
Erantzuna Jesusek, ez espero zitekeen bezain zakarra, bi urratsetan eman die. Lehenik, gogorarazi die garaile ateratzeko, sufrimendutik igaro behar dela, berak edango duen nekaldiko kalizatik edan behar dela. Ez dago argi, Joanek eta Santiagok ulertu ote duten Jesusek bere kalizaz eta bataioaz esan diena; nolanahi, edozertarako prest direla erantzun dute. Orduan, Jesusek, bigarren urrats batean, ipurdiko handia eman die. Esan die: kaliza edango badute ere, horrek ez dizkiela lehen postuak bermatzen. Esleituak daude postu horiek jada; ez du esan norentzat esleituak.
Beste hamarren erreakzioa eta Jesusen irakaspen handia
«Beste hamarrak, hori guztia entzutean, haserre jarri ziren Santiagoren eta Joanen aurka». Zergatik? Segur aski, berek ere lehen postuak amesten dituztelako.
Jesus abaguneaz baliatu da, elkartean harremanak nolakoak izan behar dituzten adierazteko. Ikasleengan jarrera guztiz gizatarra sumatu du, botere bila ibiltze hutsarena. Horretan murgildu ez daitezen, kontrako bi adibide eskaini dizkie:
1) Lehena, imitatu behar ez dutena: errege eta monarka heleniarrena da: sonatua beren botere-abusuagatik: «Badakizue, nazioetako buruzagiek tiranizatu egiten dituzte, eta handikiek zapaldu.
2) Bigarrena, imitatu behar dutena: Jesusena berarena: zerbitzatzera etorri da eta bere bizia ematera guztiak salbatzeko.
Adibide bi hauen artean, irakaspen nagusia dago: «handi izan nahi duena, izan dadila zuen zerbitzari, eta lehena izan duena, izan dadila guztien esklabo». Kristau-elkartean balio nagusiak alderantziz ezarri behar dira.
Baina hau, «zuen artean» gertatu beharrekoa da, elkartearen baitan. Jesusek ez dio ezer, gizartean gertatu beharrekoa denaz, nahiz eta zeharka salatu duen botere-abusua.
Lehen irakurgaia: Isaias 53,10-11
Testu hau, batetik, Jesusen hitz hauen iruzkin edo komentario gisa aukeratu da: «Gizonaren Semea ez da etorri zerbitza dezaten, baizik zerbitzari izan eta bere bizia ematera guztiak salba daitezen»; bestetik, aurrez nekaldiari (kaliza eta bataioa) egin dizkion aipamenen iruzkin gisa. Horregatik hasi da esaten: Jaunak xehatu egin nahi izan zuen sufrimenduaz; Jainkoaz hitz egiteko eragatik, eskandalagarri dira hitz hauek, baina interpretatu beharrekoak azken garaipenerako baliagarritzat harturik. Izatez, Isaiasen testuak gehiago azpimarratu ditu Jesusen arrakasta (ikusiko ditu bere ondorengoak, luzatuko ditu bere urteak, ikusiko eta aseko) eta haren egintzarena (Jainkoaren asmoa aurrera aterako da beraren eskuak direla medio, jende asko egingo du zuzen).
Gogoetak
1.- Pasarte hau Jesusen azken irakaspena da nekaldiaren aurretik; bizitza ulertzeko duen modua utzi digu hor: «Gizonaren Semea ez da etorri zerbitza dezaten, baizik zerbitzari izan eta bere bizia ematera guztiak salba daitezen». Etsenplu hau baliozkoa da kristau guztientzat, eta ez aita santu eta gotzainentzat soilik.
2.- Irakaspen bikain hau ez zitzaigun iritsiko, Santiago eta Joan eta gainerako hamarrak hain handinahitsu izan ez balira. Giza akatsek onura handia ekar lezakete.
3.- Jesusen irakaspen hori oso gutxi sartu da Elizan hogei mende hauetan, eta handikerien talka-hots handia jarraitzen dugu entzuten mailarik gorenean. Aterabide bakarra, Jesusen etsenplua begi-bistan edukitzea izango da beti.
4.- Isaiasen testuak, geure bizitzako une zailei esperantzza begiratzen erakusten digu. Askotan Jainkoa gu nola xehatu dabilela uste izaten badugu ere, ez du hark horrelako asmorik, baizik eta gugandik guztiz ona den zerbait ateratzea.
José Luis Sicre