Urteko 26. igandea B 2015-09-27
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko lehenengo irakurgaiak eta ebanjelioak mezu bera dakarkigute, edo oso antzekoa. Lehenengo irakurgaian, Moisesek dio: «Nahiago nuke Jaunaren herri osoa profeta balitz». Ebanjelioan, berriz, Jesusek dio: «Gure kontra ez dagoena gure alde dago». Oso esanahitsuak dira bat datozen bi mezu hauek.
Alde batetik, lehenengo irakurgaia. Moisesen esapide horrek testuinguru berezia du. Moises Israel herriaren buruzagi da. Baina eginkizun handiegia dela sentitzen du, berak bakarrik gauzatzeko.
Zein da zailtasuna? Moises bere barnez profeta sentitzen da. Profeta Jainkoaren bozemailea da, funtsean. Gaurko hizkuntzan esango genuke, buru utopikoa duela Moisesek; egunean egunekoarekin asetzen ez dena; zeruertz zabal-zabala duena; urrunera begiratzen du; azken batean, Jainkoak horixe gomendatu dio: herria urrunera begira jartzea; beste hitz batzuekin esateko, esperantzari bihotz irekirik bizitzea.
Buruan eta bihotzean, ikuspegi handi hori baldin badu ere, herriaren eguneroko arazoek eginbehar zehatzago batera behartzen dute. Eta ezin jasan du egoera hori. Gaurko pasartea Zenbakiak liburukoa bada ere, arazo bera dakar Irteera liburuak ere; liburu honetan, irtenbidea Jetro aitaginarrebak ematen dio: eguneroko arazoetarako izenda itzazu gizon trebeak; gorde zeuretzat arazorik garrantzizkoenak.
Senideok, ageri denez, aspaldi-aspaldikoa da arazoa. Gizakiak bere barnean duen utopia, ametsa, irrika, esperantza… zaindu beharra. Badakigu zein den boteretsuen eta dirudunen amarrua eta azpikeria; erromatarrek oso garbi agertu zuten: jendeari ogia eta jokoak ematea. Horrela, isilarazten dute gizaki orok bere izatearen hondo-hondoan duen amets egin beharra, eskuartekoa baino zerbait aberasgarriagoa denaren irrika eta gogoa. Senideok, ez dezagun murriztu geure bizitza sudurpean ikusten dugunera.
Ebanjelioko mezua bide bertsutik doa. Jesusen ikasleak misiolari atera dira, Jesus gabe. Honetan, gizon bat ikusi dute Jesusen izenean hitz egiten eta deabruak usatzen. Gizon hori ez da ikasleen taldekoa. Hauei ez zaie iruditu jokabide egokia gizon horrena. Eta galarazi egin diote, Jesusen izenean hitz egitea. Jesusek ez du onartu ikasleen jokabidea. Azken batean, eta azpi-azpian, jauntxokeria nabari zaie ikasleei: berek bakarrik dute Jesus, berek bakarrik dute egia.
Baina, ez. Gure kontra ez dagoena gure alde ari da. Kontra egotea, gizadiaren kalterako aritzea izango litzateke. Baina gizakiaren onerako ari dena, gure alde ari da. Mezu handi eta garrantzizkoa dugu hau. Zenbat on ez du egiten munduan kristau ez den jende askok eta askok? Gogoan izan beharko genuke hori, gaurko munduaren joaneraz pentsatzen jartzen garenean. Nahiz kristau ez izan, Jainkoaren erreinuaren alde ari da jende asko eta asko: zuzentasuna defenditzean, ustelkeria salatzean, ama lurraren osasunaren alde jardutean, presoen alde borroka egitean…
Halere, ebanjelioaren bigarren zatian datorrenak azti eta adi bizitzera eragin beharko liguke. Gauza bat da agerian egiten den gauza, eta beste bat ezkutuan bizi ohi den asmoa, edo azken helburua. Gertaera zehatz honek argitzen ahal digu esan nahi dudana: 1960ko hamarkadan, ahalegin bizia egin zuen AEBtako Kenedy presidenteak gizakia ilargira iristeko. Alabaina, zein zuen horretarako arrazoia? Berak deklaratu zuen: ez zait inporta ilargira iristea; inporta zaidana Errusia baino lehen iristea da. Gaur bezalatsu, orduan ere ezkutuko gerla bizia bizi zuten AEBek eta Errusiak.
Lehenengo irakurgaiaz hitz egitean esan dudanez, inportantea gure azken helburua da, gure utopia, gure esperantza. Gizadiaren benetako ona, zoriona. Argitu gaitzala Jesusek Espirituak.

DIONISIO AMUNDARAIN