ADISKIDEAK DIRA, ETA EZ ETSAIAK
Urteko 26. igandea B 2015-09-27

Bera bezala, Jainkoaren erreinuaren zerbitzuan, jendearen bizitza gizatarrago, duinago eta zoriontsuago eginez, bizi daitezen, asko saiatu da Jesus; halere, ikasleak ez dira iritsi Jesusi zein Espirituk eragiten dion ikustera; ez dira iritsi konturatzera premiarik handiena dutenentzat Jesusek duen maitasunaz eta haren bizitza gidatzen duen norabide sakonaz.

Markosen kontakizuna oso argitzailea da. Oso gogaikarri gertatu zaien gertakizun baten berri eman diote ikasleek Jesusi. Ezezagun bat ikusi dute «deabruak botatzen». Eta «Jesusen izenean» dihardu, eta Jesusen hari berean: modu gizatarrean eta bakean bizitzea eragozten dion gaitzetik jendea liberatzen ari da. Baina ikasleek ez dute gustukoa haren eginkizun liberatzaile hori. Ez zaie axola gizon hark sendatzen duen jendearen poza. Uste dute ezen jokabide hori eltze askotan burruntzalia sartu nahi izatea dela, eta errotik atera beharrekoa.

Jesusi agertu diote beren erreakzioa: «Eragotzi egin nahi izan diogu, zeren ez baita gutakoa». Arrotz hari ez zaio zilegi sendatzen jarraitzea, ez baita gure taldekoa. Bost axola zaie ikasleei jendearen osasuna, baizik taldearen izena dute gogoan. Monopolizatu egin nahi dute Jesusen egintza salbatzailea: inork ez du sendatu behar haren izenean, baldin eta taldeari atxikitzen ez bazaio.

Jesusek, ordea, gaitzetsi egin du ikasleen jarrera eta beste jarrera guztiz desberdin bati lotu zaio. Beste era batean dakusa Jesusek arazoa. Lehenengo gauza eta garrantzizkoena ez da talde txikia hazten joatea, baizik Jainkoaren salbazioa gizaki ororengana iristea, nahiz taldekide ez den jendearen bitartez izan: «gure aurka ez dena, gure alde ari da». Jesusen indar sendatzailea eta askatzailea munduan presente egiten ari den oro Jesusen taldearen alde ari da.

Jesusek uko egin dio ikasleen jarrera sektario eta baztertzaileari, beren izena eta handitzea soilik baitituzte gogoan, eta jarrera irekia eta barne-hartzailea hartu du, zeinen arabera lehenengo gauza gizakia askatzea baita, suntsitzaile eta zorionaren kontrako den orotatik askatzea. Horrek izan behar du beti Jesusen zinezko jarraitzaile guztiei eragin behar dien Espiritua.

Eliza katolikotik kanpo, kontaezin ahalako gizon-emakumeen multzoa ari da on egiten eta lanean, gizartea duinago egiteko, zuzenago eta askeago egiteko. Halakoengan bizirik da Jesusen Espiritua. Adiskidetzat eta aliatutzat hartu behar ditugu halakoak, eta ez etsaitzat, inoiz ere. Ez dihardute gure aurka, zeren gizakiaren alde ari baitira, Jesus bezala.

Jose Antonio Pagola