Urteko 25. igandea B 2015-09-20
HOMILIA

Anai-arrebok!

Jakinduria liburutik hartua den lehen irakurgaiko hitz hauekin hasi nahi nuke: «Ikus dezagun ea beraren hitzak egiazkoak diren». Antzeko hitzak esan zizkion sugeak Evari: «Ez zarete inolaz ere hilko. Ongi daki Jainkoak, arbolatik jango duzuenean, begiak zabalduko zaizkizuela, eta bera bezalako, Jainkoa bezalako izango zaretela» (Has 3,5). Eta gauza bera esan zioten Jesusi gurutzean: «Besteak salbatu ditu, eta bere burua ezin» (Mt 27,42).

Bai, gizakiak beti boterearen eta indarraren gainean eraiki nahi izan du eta nahi du munduaren historia.

Jesusen ikasleek ere horrelako Mesias bat dute buruan. Jesus jasan beharko duen bere sufrimenduaz eta heriotzaz eta piztueraz mintzo zaienean, ikasleek beren artean handiena zein izango den eztabaitan ari dira.

Eta Jesusek berriro hitz egin die bere sufrimenduaz, heriotzaz eta piztueraz. Agertu nahi die, bera ez dela berek espero duten bezalako Mesias bat, ez dela Palestina erromatarren hankapetik aterako duen Mesias bat, ez dela juduak munduko jaun eta jabe egingo dituen Mesias bat.

Beraren mesiastasuna erabat bestelakoa da. Modu ikusgarrian agertu die nolakoa izango duen bere mesiastasuna. Haur bat hartu du besoetan. Haur hau bezalakoa izango da egiazko Mesias; haur hau bezalakoa izango da nire ikaslea.

Jesus ez da haurren haurkeriez mintzo. Haurrak konfiantza osoa izan ohi du aitagan eta amagan. Haurtasun hori eskatzen dio Jesusek ikasleari. Bere bizitza guztian zeruko Aita, zeruko Abba izan du Jesusek begi aurrean. Horixe eskatzen dio ikasleari. Zeruko Aitagan konfiantza. Adamek eta Evak alde batera utzi zuten Jainkoa. Gauza bera egiten dute Jakinduria liburuan ageri den zintzoaren kontrako jendeak. Hori bera egin du Jesus gurutzera eraman duen jendeak

Alabaina, zeruko Aitagana jotzean, Jesus ez da urrundu lurreko jendeagandik. Alderantziz, Aitarekin egon bada, lurreko jendearekin nola jokatu ikasteko eta ikusteko izan da. Bere buruari, Jesusek izen hau eman dio: Gizonaren Semea. Hori du izenik maiteena. Testamentu Zaharrean erabilitako izena da. Ezekiel profetak erabilitako izena da. Danielek erabilia. Danielek bi inperio-mota bereizten ditu. Alde batetik, antzinako inperioak: animalia basati bezala ikusten ditu inperio haiek. Bestetik, Jainkoaren Erreinuaz mintzo da: gizatasun-itxura du honek, eta ez animaliarena. Giza erreinu bezala ikusten du: mundua gizakoi egin nahi du. Gizatasuna du helburu. Testuinguru hori agertu nahi du Jesusek: bakearen pertsona da bera, pertsona librea da, jendea askatu nahi duen pertsona, pertsona otoizlaria da, bihotz handiko pertsona da, hurkoa onartzen duen pertsona da, premian dagoenarekiko adi dagoen pertsona, adiskide ageri da, defendatzaile, ahuldadea ezagutzen duen pertsona da. Hitz batean esateko, pertsona da, gizakoia. Gizatasun da Jesus.

Senideok, Jesusen ikasleez harritzen gara. Jesus ezagutzen ez dutelako. Hogei mende pasa daramagu munduan Jesusez hitz egiten. Zertaraino ezagutzen dugu Jesus. Joan den aste honetan berean gertatua: Europako buruzagiak bildu dira, Siriatik, Iraketik etab. ihesi datozenekin zer jokabide hartu eztabaidatzeko. Hutsean gelditu da bilera. Zer esan?

Eta gu geu, zertaraino kezkatzen gara arazo honen inguruan. Batez ere, zertaraino arduratzen gara? Gaur berean, Caritas eguna ospatzen dugu. Inori otu, bururatu al zaigu, adibidez, pentsatua nuen halako gastu hura saihestu egingo diat, pobreei laguntzeko?

Batez ere, iritsi al gara pentsatzera, eta konbentzimendu honetara: lagun hurkoari, modu batean edo bestean, besoak luzatzeak zoriontsu egiten nauela? Jesusen Espirituak argitu gaitzala.

DIONISIO AMUNDARAIN