Handiei uko eta txikiei onarpen
Urteko 25. igandea B (2015-09-20)
Markos, bere ebanjelioaren bigarren zatia egituratzeko, (geroago Mateok eta Lukasek egingo duten bezala), Jesusek bere heriotzaz eta piztueraz egin dituen hiru iragarpenetatik abiatu da; hiru iragarpenen ondoren hiru kontakizun eman ditu, ikasleen ulerpen-eza nabarmenduz. Joan den igandean irakurri genituen lehen iragarpena eta Pedroren erreakzioa, sufrimenari eta heriotzari uko eginez. Gaur bigarren iragarpena irakurriko du, segidan guztien ulerpen-eza emanik.
Nekaldia eta piztuera bigarrenez iragarri
Galilean barna dabilela, une jakin batean emana ez den eta inolako inguruabar berezik motibatua ez den irakaspen bezala, lehenago esana duenaren muina errepikatu du Jesusek. Alabaina, lehenengo iragarpenean ez bezala, oraingoan ez du zehazten zein diren arerioak; apaiz nagusiak, lege-maisuan eta senatariak aipatu ordez, «gizonak» esaten du soil-soilik oraingoan. Dena heriotza / piztuera binomioaren inguruan ardazten da.
Ulerpen-ezaren bigarren agerpena
Lehenengo iragarpenekoan, Jesusi errieta eginez erreakzionatu zuen Pedrok, eta errieta zakarra jaso zuen ordain. Ez da harritzekoa oraingoan guztiak isilik gelditu izana; Jesusi ezin ulerturik jarraitzen dute, ordea: «ez zuten ulertzen esaten ziena eta beldur ziren galdetzeko» (Mk 9,32).
Ezer ulertu ez dutenaren frogarik argiena, hauxe da: Kafarnaumera bidean, beren artean handiena zein den ari dira. Hobeto esan, zerbait ulertu dute. Izan ere, Jesusek bidean zertaz ari ziren galdetzean, isilik gelditu dira, lotsaz; jabetu baitira, izan duten jardungaia Jesusek bere heriotzaz eta piztueraz esan berri dienaren kontrakoa dela.
Jesusen ikasle ala Qumran-eko ikasle?
Ikasleen eztabaida eta Jesusen jarreraren izaera iraultzailea ulertzeko, interesgarria da Qumran-eko jarduera gogoratzea. Elkarte hartan hau dute erabakia: «Apaizak joango dira lehenengo, beren deiaren hurrenkeraren arabera. Haien ondoren levitarrak joango dira, eta herria hirugarren (…) Israeldar orok ezagutu behar du zein duen bere zerbitzu-postua Jainkoaren elkartean, betiko planaren arabera. Ez dadila inor ere jaitsi dagokion postutik, ezta igo ere» (Elkartearen Araudia II, 19-23). Qumran-eko izaera hierarkizatu hau bera nabari da beste pasarte batean, bileren inguruan: «Denak nor bere lekuan direla, eser daitezela lehenik apaizak, bigarren zaharrak, hirugarren gainerako herria. Nor bere lekuan» (VI, 8-9).
Jesusen irakaspena iraultzailea da Qumran-ekoaren aldean. Jesusek dio: Lehena izan nahi duenak azken postuan jarri behar du eta guztiei zerbitzatu. Joanek bere ebanjelioan begi-bistan ipini du hau, eredutzat ikasleei oinak garbitu dizkien Jesus ematean.
Batere erromantikoa ez den ekintza sinboliko bat
Handienari buruzko eztabaidak, txikiena mespretxatzea esan nahi du, hondo-hondoan. Horregatik, beste ikasbide bat emango die Jesusek ikasleei; ez, ordea, hitz soilez, baizik keinu sinboliko batez, antzinako profeten harira: haur bat hartu du estu-estu bere altzoan. Norbaitek keinu erromantikotzat eman lezake hori; alabaina, Jesusek jaulki dituen hitzak beste bide batetik doaz: «Hau bezalako haur bat nire izenean hartzen duenak, ni neu hartzen nau; eta ni hartzen nauenak ez nau ni hartzen, baizik ni bidali nauen hura». Jesusek ez gaitu gonbidatzen haurrekin bihotz-samur izatera, baizik beraren izenean hartzera, kristau-elkartean halakoei harrera egitera. Eta handitasunaz eta zerbitzuaz lehen esan duena bezain iraultzailea da hau.
Israelen estimatuena zen talde erlijiosoa, ebanjelioetan ageri ez dena, esenioen taldea zen. Alabaina, esenioek ez zuten onartzen haurrik. Alexandriako Filon-ek, bere Hebrearren Apologia-n, dio: «esenioen artean ez da haurrik, ezta gaztetxorik ere, adin horretako izaera arina delako eta berrikeriei emana, heldutasun-faltagatik. Aitzitik, badira gizon helduak, jada zahartzarotik hurbil direnak, jada gorputzaren aldaketek dominatzen ez dituztenak ezta grinek arrastatzen ere; alderantziz, benetako egia bakarraren jabe direnak». Dosa ben Arkinos rabik ere ez zuen agertzen estima handirik haurrekiko: «Goizeko loak, eguerdiko ardoak, haurrekin jarduteak eta herri xehea biltzen den lekuan luzaroan egoteak atera egiten dute gizona mundutik» (Abot, 3,14).
Jesusek besterik dio: haurra beraren izenean onartzen duenak bera onartzen duela, eta, bera tarteko izanik, Aita zerukoa onartzen duela. Ezin esan ezer handiagorik haurrez. Ebanjelioan inon ere ez du esaten Jesusek pertsona garrantzizko bat onartzen duenak bera onartzen duenik. Pasadizo honetan bi asmo ageri direla ematen dute: batetik, ikasleei etsenplu bat eskaintzea; bestetik, kristau-batzarretan haurren presentzia ontzat ematea.
[Jesusen eta haurren gai hau berriro aterako da, geroago, Markosen ebanjelioan: bedeinkatu eta Jainkoaren erreinuan sartzeko eredutzat haurrak ematen dituenean. Pasarte hori ez da irakurtzen, zoritxarrez, igandeetako liturgian.]
Oharra lehen irakurgaiaz
Jakinduria liburua Itun Berriaren garaikidea da kasik (K.a. I eta K.o. I mendeak). Grekoz idatzia delako, juduek ez zuten ematen inspiratutzat, ezta Luterok eta haren hariko elizek ere (kanon laburra bakarrik onartzen dute). Jainkoari leial jarraitu nahi dutenen eta judu apostaten arteko borroka islatzen du liburu horretako bigarren kapituluak. Testu bikain horretatik txatal bakan batzuk bakarrik hartu dira, Jesusek bere nekaldiaz eta piztueraz egin duen iragarpenarekin erlazionatzeko.
José Luis Sicre