EZ LOTU ITXUKI GIZA TRADIZIOEI
Urteko 22. igandea B (2015-08-30)

Ez dakigu ez non ez noiz gertatu zen liskar hau. Soilik, Jesusek bizi duen giroa iradoki nahi du ebanjelariak: lege-maisuek, tradizioen betetzaile estu diren horiek, maitasunaren Profeta den Jesusek beren bizitzan sarrarazi nahi lukeen berritasunari itsuki uko egiten dioten horiek inguraturik bizi duen giroa.

Fariseuek haserre begi ematen dute nola ari diren jaten Jesusen ikasleak esku lohiekin. Ezin jasan dute: «zergatik ez zaizkie lotzen zure ikasleak arbasoen tradizioei?» Ikasleez mintzo badira ere, Jesusi berari eraso diote. Eta arrazoi dute. Jesus da tradizio horiekiko obedientzia itsua hausten ari dena; izan ere, bere inguruan «askatasun-eremu bat» ari da sortzen, non funtsezkoa maitasuna izango baita.

Erlijio-maisuen talde horrek ez du ezer ulertu Jesus aldarrikatzen ari zaion Jainkoaren erreinuaz. Horien bihotzean erregea ez da Jainkoa. Legeak, arauek, tradizioek markaturiko ohiturek eta hazkundeek jarraitzen dute errege horien baitan. Horientzat, «arbasoek» ezarritakoa betetzea da funtsezkoa. Ez zaie axola jendearen ona. Ez zaie axola «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna bilatzea».

Larria da okerra. Horregatik, gogor erantzun die Jesusek: «Jainkoaren agindua baztertu duzue, giza tradizioari itsuki lotzeko». Lege-maisuak begirunez mintzo dira «arbasoen tradizioaz», eta jainkozko aginpidea aitortzen diote. Jesusek, aldiz, «giza tradiziotzat» hartu du. Ez da nahasi behar sekula Jainkoaren nahia gizakien fruitu den zerbaitekin.

Gaur ere oker larria izango litzateke Eliza gure aurrekoen giza tradizioen preso gelditzea, gauza guztiak Jesu Kristogana, geure Maisu eta Jaun bakarragana, sakonki itzultzeaz ari zaizkigun bitartean. Ardurazkoa ez dugu izan behar iraganeko gauzak beren hartan gordetzea, baizik honetarako gai izango liratekeen Eliza eta kristau-elkarteak sorrarazteko bideak egiten saiatzea: egungo gizartean Ebanjelioa leial berregiteko eta Jainkoaren erreinuaren egitasmoa eguneratzeko gai izango liratekeenak egiten saiatzea.

Gure erantzukizun nagusia ez da iraganeko gauzak errepikatzea, baizik gure egunotan posible bihurtzea Jesu Kristo onartze hori, giza tradizioen bidez, beneragarrienak izanik ere, ezkutatu eta ilundu gabe.

Jose Antonio Pagola