SARRERA
Senideok, urteko 19garren igandea ospatzen dugu gaur. Bai lehenengo irakurgaian, bai ebanjelioan, gauza bat azpimarratzen da: beti eta egunero, geure fedea aztertu beharra dugula; ea, egiaz, benetako Jainkoaren fedea ala beste zerbait dugun. Hitz batean esateko, Elias profetaren kasuan bezala, Jainkoaz dugun irudiaren eskema aldatu beharra dugu.
Eliasek pentsatu zuen, Jainkoa modu handiosean agertzen zitzaiola munduari. Alabaina, Horeb edo Sinai mendian ikasi zuen, Jainkoa xume-xume agertu ohi dela.
Bestetik, ebanjelioaren testuinguruak agertzen digun bezala, Jainkoa giza historian agertzen zaigu: jendea goseak zegoen, eta Jesusek jaten eman zion. Ondoren, Aitarekin egotera jo zuen Jesusek, jendearekin nola jokatu Aitarekin hitz egiteko.
Beraz, batetik, Jainkoa naturako gorabeheretan agertzen zaigu; Eliasen kasua; bestetik, eta batez ere, gizon-emakumeen historian agertzen zaigu.
LEHEN IRAKURGAIA 1 Erregeak liburutik (19,9ª.11-13ª)
Pasarte laburrekin beti gertatu ohi den bezala, 1 Erregeak liburuko pasarte labur hau ulertzeko, testuingurua kontuan hartu behar da. Hemen datorrena baino lehentxeago, Karmelo mendiko pasadizoa dator liburuan. Eliasek hordagoa bota die sasijainkoen profetei. Egiazko Jainkoa zein den jakiteko, apustu bat egin die sasijainkoen laurehun eta berrogeita hamar profetei. Esan die: Eskatu zuek zeuen jainkoari, oparia erretzeko sua sor dezan. Ondoren nik neureari eskatuko diot. Eta profetek ezin eta ezin. Eliasek, berriz, bai. Elias harro-harro arrakastarekin.
Ondoren, ordea, Jezabel erreginak hil nahi duelako, desertura jo du Eliasek. Eta Jainkoaren mendi santura iritsi da: Horeb edo Sinai izenekora. Uste du, Jainkoa era handios batean agertuko zaiola. Karmelo mendian, sasiprofeten aurrean, agertu zitzaion bezala. Edota behin batean Moisesi agertu zitzaion bezala: tximista, trumoi eta ekaitz artean. Baina ikusi du Jainkoa haizeño batean bakarrik ageri zaiola.
Elias konturatu da horrela, Jainkoaz duen irudia faltsua dela. Jainkoa ez dela agertzen handi-mandi, baizik eta xume, ezti, gozo eta atsegin. Ikusi du, fedearen jatorrira jo beharra duela. Handiusteak utzi eta pertsona xume izan behar duela. Guri ere, honek guztiak agertzen digu, Jainkoari, lagun hurkoari, munduari, bizitzari dagozkien geure eskemak aldatu beharra dugula kasu askotan.
BIGARREN IRAKURGAIA Paulo apostoluak Erromatarrei (9,1-5)
Bere herri Israelen zoriaz arduraturik ageri zaigu Paulo Erromatarrei gutuneko 9garren kapitulu honetan. Zer izango da nire herri honetaz?
Atsekabe handia sentitu du, bere herriak Jesusen Berri Ona onartu ez duelako. Halere, esperantzadun ageri da. Israel osoa salbatuko da.
Gure artean, askotan, nabari ohi den antijudaismoaz eta antisemitismoaz hausnarketa egiteko aukera eskaintzen digu Paulok. Gauza bat da momentu honetan herri hori egiten ari dena. Beste bat da Jainkoak herri horretaz duen asmoa. Jainkoa beti onbera, barkatzaile, salbatzaile, askatzaile. Jainkoa askatzaile esatean, gizon-emakumeok Jainkoaren esku eta aho garela esan nahi da: askatzaile izan behar dugula gizon-emakume guztien mesedetan.
EBANJELIOA Mateoren liburutik (14,22,33)
Jesus jendearekin beti sentibera ageri da. Ikasleen eskariaren kontra, asetzeko modua egin dio jendeari. Ase ondoren esan die agur.
Hori guztia, zeruko Aitarekin dituen harremanetan oinarritzen du; Aitak agertzen dionez jokatzen du. Horregatik jotzen du otoitz egitera. Jesusentzat otoitza Aitarekin hitz egitea da, jendearekin nola jokatu jakin eta indarra hartzeko.
Aitarekin egonaldi bat egin ondoren, ikasleengana doa. Aintziran dira hauek. Ur gainean ikusi dutenean, ez dute ezagutu Jesus, eta izutu egin dira. Eta Jesusek, berriro ere sentibera, esan die: Neu nauzue; ez beldur izan.
Ikasleen erantzuna: Zu Jainkoaren Semea zara. Baina artean ez dakite zer esan nahi duen “Jainkoaren Semea” delako horrek. Oraingoan Jesusek ere ez die ezer argitu. Geroago izango du aukera hori argitzeko. Orduan esango die zer den «Jainkoaren Semea» izate hori: agintariek atxilotu egingo dute, tratu txarra emango diote, hilko dute, baina hirugarren egunean piztuko da.
Gure kasuan ere, beldurra ez da sekula irakasle ona. Beldurrak estutu egiten gaitu. Koldar bihurtzen gaitu. Har ditzagun gogoan Jesusen hitzak: Neu nauzu; ez beldur izan.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Eliz hierarkiaren alde: bila dezala bere indarra, beti, Jaunagan, munduan bere egitekoa egoki betetzeko. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kristau guztien alde: saia gaitezela egunero, Jainkoaren nahia hobeto ezagutzen, eta bizi dezagula geure fedea aitortzen dugunari lotuago. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Mundua gizakoiago eta anai-arreba artekoago egiten saiatzen diren guztien alde: zailtasun eta oztopoen aurrean etsi ez dezaten, eta ikusi ahal dezaten nekepean ereindako hazia fruitua ematen ari dela. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduko herri eta jende guztiaren alde: egiazko bake eta askatasun beteagoak gozatzeko aukera izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.