URTEKO 20 IGANDEA B (2015-08-16)

SARRERA

Anai-arrebok! Jesusek biziaren ogiaz egindako hitzaldia entzuten jarraituko dugu gaurko ebanjelioan. Hona zer azpimarratzen duen gaurko pasarte honek: Jesusek bere burua eskaini eta eman duela gizadia bizi dadin. Hain zuzen, horren sinbolo edo seinalea da anai-arreben mahaian partekatzen dugun eukaristi ogia. Eukaristia ez da soilik bizi ahal izateko ogia jatea; gainera, heriotzaraino eskainia izan den ogia da. Ez da soilik Jesus jatea; gainera, haren asmo osoa egiten dugu geure. Beraz, jaunartzeak berekin du nork bere burua eskaintzea ere, mundua bizi dadin. Meza, jaunartzea, ez da, beraz, erritu huts bat: Jesusek hil eta piztu aurretik egin zuen bezala, gizon-emakumeen onerako bizitzea da; gizadia aske egiteko, bere buruaren jabe egiteko, gizadiari biziaren ederra erakusteko.
Hona zer azpimarratzen duen Jaunak: «Hona nik esan: Gizonaren Semearen haragia jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue izango bizirik». Bizia izateko, ordea, bizia ematen jakin behar da. Jaunartzean Jaunaren gorputza jaten dugunean, harekin bat egiten dugu nork bere burua eskaintzean, munduaren onerako. Honengatik da sakratua Eukaristi ogia: bizi-ogia delako, eskainitako ogia delako, Jainkoaren bizia ematen digulako. Ez dezagun ahaztu: ogi bizia da Jesus, bizi den ogia; aldi berean, bizi-ogia da, bizia ematen duen ogia.

LEHEN IRAKURGAIA Esaera Zaharrak izeneko liburutik (9,1-6)

Biblian, profetekin batean edo, hobeto esan, profeten ondoren, jakintsuak ageri dira. Beren bizitza luzean, giza eta jainkozko eskarmentu handia lortu dutenak. Esaera Zaharrak izeneko liburuak jakintsu horietako bat du idazlea.
Sarritan aipatzen dute jakintsuek Jainkoaren Jakinduria; baina pertsonatzat hartuz, pertsona bizitzat hartuz; batetik, Jainkoaren tronuaren ondoan dagoena, goian dagoena; baina, bestetik, munduan ari dena, gizon-emakumeen bizilagun dena. Errespetuzko hizkera da Jainkoaz aritzeko, Jainkoaz hitz egiteko, haren izena zuzenean esan gabe. Hau da: sinbolo bat erabiltzen dute Bibliako jakintsuek Jainkoa izendatzeko.
Gaurko testuan, Jainkoaren Jakinduria horrek beste sinbolo bat aipatzen du: jai-otordu bikain batera gonbidatzen ditu hain duinak ez diren pertsonak, zentzugabe direnak. Zertako? Ba, hitz egin nahi dielako, gonbidatu nahi dituelako beren esperientzia-falta utz dezaten, bizi ahal izateko.
Garrantzizkoak dira erabiltzen dituen zeinuak. Jakinduria eta jai-otordua aipatzen ditu, eta ez erregeak eta epaileak. Jesus ere hala agertuko da: artzain on bezala, eta ez aberats eta boteretsu. Azken batean, Jainko onbera da gu gonbidatzen gaituena, eta zer garen, hura izatera gonbidatzen gaitu, hau da, Jainkoaren seme-alaba izatera.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (5,15-20)

Joan den igandean bezala, gaur ere aholku moralak emanez datorkigu bigarren irakurgaia. Kasualitatez, beste bi irakurgaien antza du gaiari dagokionez. Hona zer esaten digun: izan jakintsu, jokatu jakinduriaz, ez eduki burua kamusturik, bizi zaitezte Espirituak hartutako pertsona bezala. Benetan, aholku politak eta erakargarriak! Hizketa gozoa!
Interesgarria da, era berean, idazlearen beste aipamen hau ere: «egun txarrak datoz». Gure egunak zer dira: onak ala txarrak? Aldi ona ala txarra?
Nolanahi den, ondo datorkigu idazlearen esaldi hau: «ez izan zoro, baizik jakintsu… ez bizi mozkorturik bezala, izan gogoan zer duen nahi Jaunak ». Gure onerako ari da Jauna.

EBANJELIOA san Joanen liburutik (6,51-59)

Joan den igandeko ebanjelioaren azken esaldiarekin hasten da gaurko ebanjelioa: «Ogi bizia naiz ni, zerutik jaitsia: ogi honetatik jango duena betiko biziko da». Ez da ogi hilkorra: bizia eskaintzen digu, bizia ematen digu; betiko bizia, gero. Nork ez du bizi nahi beti?
Eta gai berri bat aipatzen du segidan: «Ogi hau, nire haragia da». Nire haragia esatean, bere burua esan nahi du Jesusek: Jesus bera, Jesus osoa. Pertsona hau munduarentzat opari emana izango da. Munduaren salbaziorako emango duen haragia da. Jesusek bere burua eskaintzen digu: Nazareten jaio den hura, Galilean eta Jerusalemen ibili den hura, gurutzean hil den hura, piztu den eta ikasleei modu batean eta bestean agertu zaien hura: Azken Afarian eman zaien hura.
Beharrezkoa da haragi hori jatea. Beharrezkoa da mundua bizi dadin, emana izan den haragi hori jatea, Jesusek egin duen bezala gutako bakoitzak egiteko. Aihenak mahatsondoa beharrezkoa duen moduan, Jesusen beharra dugu guk. Iturriko ura beharrezko dugun moduan, beharrekoa dugu Jesusen saihetsik darion odola edatea.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: munduan bizitzeko eta aritzeko orduan, eredutzat Kristo har dezan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Hildako guztientzat: izatez nahi gogoz, Eukaristia janaritzat izan dutenez gero, irits dezatela Jesus berpiztu eta aintzatsuarekin bat egitea; bete-betean, aintzatsu eta betiko bat eginez. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gerran bizi diren lurraldeentzat: saia daitezela konponketa batera iristen, armak baino gizatasun handiagoko diren baliabideez. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen elkartu garenontzat: eukaristian parte hartzeak lagundu diezagula geure bizitzan konprometitzen senideen zerbitzuan. Eska diezaiogun Jaunari.