GOSE IZATEA DA GARRANTZIZKOA
Urteko 20. igandea B (2015-08-16)
Joan ebanjelaria oso hizkuntza gogorraz baliatu da, Jesu Kristorekiko batasuna janaritu beharra dugula azpimarratzeko. Horrela bakarrik sumatuko dugu hura gure baitan bizi dela. Joanen arabera, ezinbestekoa da Jesus jatea: «Ni jango nauena nire bidez biziko da».
Hizkuntza, ordea, are bortitzagoa bihurtu da, Jesusen haragia jan eta haren odola edan behar dela dioenean. Gordin-gordina da testua: «Nire haragia benetako janaria da, eta nire odola benetako edaria. Nire haragia jango eta nire odola edango duena nire baitan bizi da eta ni haren baitan».
Baina hizkuntza honek ez du jada inolako zirrararik eragiten kristauen artean. Haurtzarotik entzuten ohituak garelarik, lehen jaunartzetik egiten ari garenari loturik bizitzen jarraitzeko joera dugu. Denok ezagutzen dugu kristau-ikasbidean ikasitakoa: jaunartzeko unean, Kristo presente gertatzen da gugan, eukaristia-sakramentuko grazia dela medio.
Zoritxarrez, honetara muga daiteke guztia behin baino gehiagotan: otoitz-giroan pentsatu eta onartutako doktrinara. Baina, sarritan, hauxe falta zaigu: Kristo geure bizitza konkretuan haragitzearen esperientzia. Ez dakigu nola ireki geure barrua hari, bere Espirituaz gure bizitza janaritu dezan eta gizatarrago eta ebanjelioaren araberakoago eginez joan dadin.
Ogi sagaratua hartzeko, sakramentu-erritua betetzera erdi oharkabean joatea baino zerbait gehiago da Kristo jate hori. Kristorekin bat egite horrek fede-egintza eskatzen du eta indar bereziko irekitasuna; batez ere, sakramentuz jaunartzean bizi beharrekoa, baina baita Jesusekiko bizi-harremanetako beste esperientzia batzuetan ere.
Jesusen gose izatea da garrantzizkoa. Sakon-sakonetik harekin topo egin nahi izatea. Haren egiari geure barrua irekitzea, bere Espirituaz markatu gaitzan eta gugan den alderik hobena indartu dezan. Oraino ebanjelizatu gabe diren gure bizitzako aldeak argitu eta eraldatu ditzan uztea.
Orduan, Ebanjelioaren alderik egiazkoenera, xumeenera eta benetakoenera itzultzea izango da Jesus janaritzat hartze hori: haren jarrerarik oinarrizkoenak eta funtsezkoenak baitaratuko ditugu; harekin bizitzearen sena piztuko da gugan; geure ikasle- eta jarraitzaile-kontzientzia piztuko zaigu, hura geure bizitzako zilbor bihurtzeko. Jesusez janaritzen den kristaurik ez bada, gogogabeturik gertatuko da Eliza, erremediorik gabe.
Jose Antonio Pagola