Urteko 19. igandea B (2015-08-09)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Jesusen hitzek eskandalua sortu dute Kafarnaumen, juduen artean. «Neu naiz bizia ematen duen ogia», esan dielako. Batez ere, zeruko Aitaren Semea dela esan dielako.

Galilearrak dira Joan ebanjelariak judu deitzen dituen horiek. Horrela, juduen ohiturak, juduen legeak, juduen pentsaera oztopo direla adierazi nahi du Joanek, Jesus aintzat hartzeko orduan.

Juduek ezaguna zuten, Moisesek basamortuan israeldarrei emandako mana. Ezaguna zuten Elias profetari ere Jainkoak ogia eman ziola basamortuan.

Baina ez ziren maila horretatik ateratzen: bai Moisesena, bai Eliasena janari fisiko hutsa zen juduentzat. Mana hartan, Eliasen artan, ez zuten beste ezer, ez ikusten, ez sumatzen.

Jesusek, bera zerutik etorritako ogia dela esatean, beste ikuspegi bat du buruan. Letra handiz idatzitako BIZIaren ogia esan nahi du; pertsonak bere bihotzaren barruenean sentitzen duen bizi nahiaren eta bizi beharraren ogia.

Moisesek berak, israeldarrei mana eman zienean, gorputzeko gosea asetzea baino zerbait gehiago zuen buruan: Jainkoaganako konfiantza esnatu nahi zuen herriaren bihotzean.

Elias profeta , berriz, ez zen abiatu basamortuan barna, Jezabel erreginak eta haren profetek hil nahi zutelako bakarrik. Bere barnean fedearen krisia sentitu zuen: «zuzen ote nabil –esaten zion bere buruari– beste profeta ofizialen ondoan ni bakarrik naizela egiazkoa uste izatean?» Eta Jainkoaren mendi santurantz, Sinairantz, abiatu zen; aitortzen ari zen fedearen sustraietara jo nahi izan zuen. Ogi miresgarri hark, ogi fisikoa baino zenbait gehiago adierazi nahi zuen.

Jesusen garaiko judu askok galdua zuten naturaz gaindiko Moisesen eta Eliasen ikuspegi hura. Aste honetan norbaitek esan didan bezala, ikusten dudanaz aparte ez dut ezer sinesten.

Kafarnaumeko judu horiek ezagun-ezaguna dute Jesus. Ezagunak Jesusen gurasoak. «Nolatan esan dezake zerutik jaitsi den ogia dela? Nolatan esan dezake zeruko Aita ezagutzen duela». Hemen ere bada Moisesek nabari zuen konfiantza-falta bat. Basamortuan Israel herria Moisesen kontra bezala, hemen ere Jesusen kontra marmarrean ari dira. Jakina, konfiantzak ez du esan nahi zoroarena egin behar dugunik edozein gauza onartuz. Baina Jesusengan ez al zituzten ikusi gauza harrigarriak, harengan ustea izateko?

Bada gaurko pasartean Jesusen beste esapide bat, zer pentsatu handia ematen duena: «Ezin etorri da inor nigana, Aitak erakartzen ez badu». Baina Aitak nola erakartzen gaitu? Joan den igandean aipatu nuen zerbait. Jainkoa ikusezina da. Baina munduan seinale asko utzi dizkigu. Seinale horiei antzematen saiatu beharko genuke. Horretarako, gure bihotzean fintasun-pixka bat sortzen saiatu beharko genuke. Haragi hutsa al naiz? Materia hutsa al naiz? Begi fisikoak bakarrik al ditut?

Senideok, sortu edo kreatu gaituenean, Jainkoak gutako bakoitzean betikotasun-zentzua ezarri du. Betikotasun-zentzu horrek materia hutsa ez den beste zerbaiten zantzuak agertzen dizkigu.

Dirua beharrezkoa da. Baina dirua ez da dena. Zertako da dirua? Etxea beharrezkoa da. Baina etxea ez da dena. Zertako da etxea? Janari fisikoa beharrezkoa da. Baina janari fisikoa ez da dena. Zertako da janari fisikoa? Dena ez diren gauza horiez aparte, zeren beharra dugu? «Betiko bizia ematen duen ogia naiz», esan digu Jesusek.

Jesus-ogi hori jatean, Jesusekin bat egiten dugu. Jesus berpiztuarekin. Jesusekin bat egiteak, harekin poztea esan nahi du, harekin bizitzea. Hark munduan fisikoki bizi zenean egin zuena egitea. Hitz batean, Jainkoaren erreinua eraikitzen saiatzea.

Hazi dezala zeruko Aitak gure baitan bihotz-fintasuna, utzi dizkigun seinaleei antzemateko. Utzi digun seinale handi-handiari, Jesusi, antzemateko. Erakar gaitzala bete-betean Jesus berpiztuagana.

DIONISIO AMUNDARAIN